Mikel Soto
koadernoa

«Es super currela»

Kartzelara bigarrengoz sartu den lagun baten gutuna jaso dut duela gutxi. Poztu naiz, poztu naizenez, baita tristatu ere. Ez beragatik, nigatik baizik. Oso ongi ikusi dut. Eta lagunek galdetu didatenean zera esan diet: «Kartzelan dago ni orain sartuko banindute egon nahiko nukeen aldartearekin». Eta poztu naiz eta, aldi berean, duintasunak tristatu nau. Orduan, lagun batek esan du: «Hay gente a la que este país le ha hecho ser mejor de lo que nadie debería estar obligado a ser». Eta konturatu naiz horregatik nagoela triste. Eta konturatu naiz ez nagoela triste, hunkituta baizik.

Aurrekoan Madrilen egon nintzen, ezkerreko giroan. Oso jende jatorrarekin egon ginen; hurrengo egunean bilera batera joateko goiz altxatu behar zuen jendearekin. Giro nahasia zuten haien artean. Badakizue, aldaketa garaian beldur eta herra guztiak azalera ateratzen dira eta dena da eztabaidagai. Hala ere, bizi genituen eztabaida guztiek politikatik gutxi izan zuten eta asko Frente Popular de Judea vs Frente Judaico Popular-etik. Han geunden euskaldunen artean gure militantzia ereduak erkatu genituen eta, bai, azkenean, gure militantzia hobea zela ondorioztatu genuen: eskuzabalagoa eta konprometituagoa gutxien-gutxienez. Badakit horrelako epaiek eta orokortzeek jendea haserrarazteko bide izan ohi direla, baina zerbait esan nahiko nuke artikuluan eta ez nuke, beste gabe, buenismo-an jausi nahi.

Beharbada hamarkadetan ezker abertzalea jende askorentzat izan den ispilu deserosoagatik edo, aitor dezagun, izan den mailu zorrotzagatik, bere militantzia oso era gogorrean kritikatua, karikaturizatua eta erasoa izan da. Denetarik entzun dugu: «‘Gu, ezker abertzalekook’ esan eta, agi denez, ez duzu justifikaziorik eman behar, automatikoki kokatzen zarelako borrokaren abangoardian, nahiz eta urtetan egin duzun gauzarik iraultzaileena hautestontzi batean boto ziztrin bat sartzea izan». Zaila da jakitea horrelakoak botatzen dizkigutenean norekin edo zerekin akordatzen ari diren. Ez baitut ezagutzen ezker abertzalean –eta ezagutzen dut jendea, alafede– hori egiten duen inor. Bat bera ere. Ezagutzen dudan simpatizante-rik txepelenak egingo ditu urtean bizpahiru manifa nazional –herrialdekoak ezin konta–, banatuko du dirua ezker-eskuin... Beste hamaika saltsa aipatu gabe.

Madrilen egondako lagunen artean, batez besteko militantearen ibilbidea errepasatu genuen: bizitza guztia emango du lanean, eskerrik gabe; Ikasle Mugimendutik Gazte Mugimendura, desmilitarizazioaren aldeko lana baztertu gabe; presoen alde gero; herritarren batasunean sartuko da, eta litekeena da hor nonbait atxilotua izatea. Kartzelara joanez gero, kalean ongietorria egingo zaio, eta horiek izango dira jasoko dituen lore guztiak. Gero jarraituko du lanean, sindikatuan, guraso elkartean... eta, urtea joan urtea etorri, baten batek beragatik galdetuko du eta, Euskal Herriko eremu erdaldunean bederen, «es super currela» erantzungo diote. Eta hori izango da jasoko duen aitortzarik handiena. Eta autentikoena. Batzuek, arrazoi osoz, galdetuko dute: «50 urteko gerraren ostean... hori da zuen ondarea?». Esanak esan eta oihukatuak oihukatu, ez-galtzeko gerra hasi genuen –zuten–, edo, hasi baino, jarraitu genuen. Barneratzea asko kostatu zaigun arren, pentsatu nahi dut ez genuela gerra irabazteko jarraitu. Borroka bai, borroka irabazteko abiatu genuen eta gerrari esker herri honek irabazteko aukera guztiak zabalik dauzka. Lauzpabost belaunaldik hortik edan dugu eta egungo erronka nagusietako bat da hurrengo belaunaldiari nola pasa militantzia hutsa gainditzen duen sentimendu hori.

Merezi izan zuen, borrokaz borroka herri paregabe bat zizelkatu baitugu. Borroka honek hobe izatera behartu gaitu, eta hori zen iraultzaile gisa mundu honi egin geniezaiokeen oparirik onena. •

Vinatxarentzat eta Fer Sotarentzat