Maider Eizmendi
XV. Udako Topaketak

Hik Hasik eta EHUk 30 ikastaroko eskaintza zabala atondu dute uztailerako

Hezkuntza komunitatearen tasunetako bat omen etengabeko formakuntza eta ikasteko grina. Horren harira, hamabosgarrenez Udako Topaketak antolatu dituzte Hik Hasik eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Gaitegi oso zabaleko 30 ikastaro atondu dituzte, irakasle, hezitzaile eta beste askorentzat intereseko.

XV. Udako Topaketak
XV. Udako Topaketak

Duela urte pare bat Europa mailan egindako ikerketa baten emaitza da: hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko 3,9 euroko irabazia lortzen da. Dena dirutan neurtzea maite duen sistemak oso kontuan hartzeko datua behar luke, baina ez da horrela. Inbertsioak egiteko orduan, hezkuntzari bestelakoak gailendu ohi zaizkio: azpiegitura handiak, gastu militarrak... Arlo sozialetik begiratuta, «hezkuntzan inbertitzen denak ematen duen etekina ezin da dirutan neurtu. Gizarte batek garatzeko ezinbestekoa du hezkuntza», iritzi dio Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kide Joxe Mari Auzmendik.


Horregatik, Hik Hasik eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak beren ahalegina berriz ere hezkuntzan inbertitzea erabaki dute, eta hamabosgarrenez Udako Topaketak antolatu dituzte uztailaren 2an, 3an eta 4an, Donostian. Irakasleei, hezitzaileei eta hezkuntza gaietan interesa duen orori zuzenduriko 30 ikastaro antolatu dituzte.


Gaien aldetik eskaintza oso zabala osatu dute. Auzmendiren hitzetan, «aurten eskaintza bereziagoa egin dugu irakasleen formakuntza propioan. ‘Metodo berriak prestakuntzan’ izeneko ikastaroa dago, esaterako. Genevako Unibertsitateko Itziar Plazaola, Mondragon Unibertsitateko Matilde Sainz Osinaga eta EHUko Uri Ruiz Bikandi ari dira gai horrekin lanean. Hiru unibertsitate horiek elkartu eta irakasleen beraien praktika ikertzen ari dira, horren inguruko hausnarketa bultzatuz. Finean esaten dutena oso argia da: norberak ikusi behar du nola lan egiten duen bere jarduna nola hobetu jakiteko. Metodo nahiko berritzailea da eta oso interesgarria».


“Pedagogia Sistemikoa ikasgelan” izeneko ikastaroa ere nabarmendu du Auzmendik. «Orain arte pedagogia sistemikoaz aritzean gaztelaniaz egin izan da, eta aurten lehen aldiz euskaraz egingo da gai horri buruzko ikastaro bat. Gero eta indar gehiago hartzen ari den pedagogia da; ez du bakarrik ikasgela kontuan hartzen, haurrak etxetik dakarrena ere begiratzen du, etxea eta eskola lotuz eta haurrari bere osotasunean begiratuz», jarraitu du Hik Hasiko ordezkariak.


Nafarroako Gobernua euskararen kontrako eraso betean dagoen honetan, nabarmentzekoa da Nafarroako Eskola Kontseiluak Lizarrako ikastola aukeratu izana oinarrizko konpetentzietan egiten duen lanagatik. Hartara, Lizarrako ikastola izango da Nafarroako ordezkaria Estatu mailako topaketa batzuetan. Lizarrako ikastolako zuzendaria, Josu Sueskun, Udako Topaketetan egongo da “BLOK-Ubagua” deituriko proiektu horren berri bertatik bertara emateko.


«Bada beste gai bat garrantzitsua egunotan: gero eta eskola libre gehiago ari dira sortzen, Euskal Herri osoan barna. ‘Eskola libre eta demokratikoak’ izeneko ikastaroan horiei buruzko gogoeta egingo da», segitu du Joxe Mari Auzmendik.


Hungariako Pikler-Loczy institutu prestigiotsuko hezitzaileek ere parte hartuko dute Donostiako hitzorduan. «Urte batzuk daramatzagu elkarlanean eta metodo horri buruzko ikastaroak ematen. Lehenengoz parte hartuko dute Udako Topaketetan eta hiru eguneko ikastaroa izango da. Gaiaren mamia ‘bortxakeriarik gabeko hezkuntza’ izango da», gaineratu du.


Hezkuntza emozionalak ere tarte zabala izango du, «emozioak ez bakarrik ikasketarako, baita harremanetarako eta hizkuntzarako ere. Euskara transmititzeko eta norberak bere sentitzeko bide berriak jorratzen ari dira eta horri buruzko ikastaroa ere izango da. Urtxintxak emango du emozioetan oinarritutako hizkuntza tailerra».


Hezitzaile eta irakasleek ez ezik, edozeinek topatuko ditu intereseko gaiak ikastaroen zerrendan. “Kalea esploratu, eraldatu eta ikasi”, “Nerabeak eta hezkidetza”, “Haurrentzako masajea”, “Pentsamendu autonomoa eta sortzailea nola landu” eta “Euskal mitologia eskoletan”, besteren artean.


Aurten lehenengoz Irrien Lagunak Klubaren Gizartegintza egitasmoarekin elkarlanean bost ikastaro berezi antolatu dituzte: “Zeinu hizkuntza”, “Kirol egokitua eta kirol irakaskuntza inklusiboa”, “Harrerako haurren hezkuntzari begirada sakon eta sistemikoa”, “Animaliek lagundutako esku-hartzeak” eta “Irria aldizkaria gelan”.


Berritasun dezenterekin datoz, beraz, aurtengo topaketak. Izena emateko epea zabalik da dagoeneko eta maiatzaren 31n itxiko da. Izen-ematea oso martxa onean omen doa eta aurreko urteetako zenbakiak gainditzea espero dute. «Normalean 400 bat lagun inguru elkartzen dira, baina aurten 500-600 izatera irits gaitezke», esan du Joxe Mari Auzmendik.