AMALUR ARTOLA
ARGIHIZKIAK

Argazkiek iradokitzen duten sentipena hizkien bidez adieraztearen erronka

Zer iradokitzen dizute orrialde honetako argazkiek? Festa, desira, gatazka, ahalmena, arriskua...? Begien bidez jasotzen denak gure barruan eragiten duen hori prozesatu eta idatzizko forman jartzea ez da erraza izaten, baina, saiakera egin nahi duenarentzat, bada lehiaketa aproposik: Argihizkiak.

ARGIHIZKIAK
ARGIHIZKIAK

Irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten duela esan ohi da. Baina bada argazkiak bere osotasunean ulertzeko testuingurua emango duten hizkiak beharrezkoak direla aldarrikatzen duenik ere. Bide horretan ariketa ederra proposatzen du Uribe Kostan antolatu duten Argihizkiak lehiaketak.

Ekimena orain hiru urte abiatu zuten, Getxoko Egizu euskara elkarteak ohiko ipuin laburren lehiaketetatik harago joateko beharra sumatu zuenean. «Formatu hura agortuta zegoela eta zerbait berria egin behar genuela ikusi genuen. ‘UK’ aldizkarian garrantzi handia ematen diote argazkilaritzari eta erabaki genuen eskualdeko argazkilarien irudi batzuk aukeratu eta horietan oinarrituta mikrotestuen lehiaketa bat antolatzea, literatura eta argazkilaritza uztartuz», azaldu du Lander Solozabal Egizuko kideak.

Lehiaketa Egizu elkarteak eta ‘UK’ aldizkariak antolatzen dute eta Uribe Kostako honako hamar argazkilari hauen lanak ditu abiapuntu: Alfredo Aldai, Ana Gonzalez, Andoni Lubaki, Asier Mentxaka, Endika Martinez, Garikoitz Bilbao Bollada, Jon Astorquiza, Mikel Martinez de Trespuentes, Victoria Bengoa eta Zurine Unzueta Muñoyerro. Parte hartu nahi duen orok Argihizkiak lehiaketako webgunean sartu (www.argihizkiak.com), argazki sortari erreparatzeko minutu batzuk hartu eta barrenak gehien mugitzen dizkiona hautatu behar du lehendabizi, eta, ostean, sormenari bidea emanez, sentipena hitzen bidez adierazteko saiakera egin behar du. Hori bai: testua euskaraz idatzi behar du (batuan zein edozein euskalkitan), eta labur (gehienez ehun hitz) edo labur-labur (160 karaktereko muga). Testua laburra izateak «jendea animatzeko» eta «euskaraz idazteari beldurra kentzeko» balio duela uste du Solozabalek, eta, euskara sustatzeaz gainera, tokiko argazkilariei presentzia ematea bilatzen dutela gaineratu du: «Argazkilariek asko eskertzen dute eta, gainera, lehiaketa honek badu bigarren alde bat: erakusketa. Argazkiekin eta testu onenekin erakusketa bat egiten da, eta hori argazkilarientzat garrantzitsua da». Argazkilarien artean denetik dagoela dio: «Oraintxe saritu duten Andoni Lubakiren lan bat dugu, esaterako, baina baita amateur edo argazkilaritza zaleen lanak ere».

Lehiaketaren hirugarren aldia izanik, izan duen jarraipenarekin gustura agertu da Solozabal. Lehen edizioan, «nobedadearen boomarekin» harrera bikaina izan zuela azpimarratu du, eta iaz ere ehun pertsona inguruk hartu zutela parte. «Jendeak esaten du formatua oso erakargarria dela, ez dela ipuin luzeak edo karaktere askoko testu bat idaztea bezala. Edonork idatz dezake testu labur bat sakelako telefonotik edo ordenagailutik, eta bigarren zati hori ere oso erakargarria da: erakusketa batean argazki horien ondoan zuk idatzitako zerbait ikustea erakargarria da», ziurtatu du.

Sariak eta epeak

Sariei dagokienean, ekonomikoak 200 eurorekin saritzen ditu kategoria bakoitzeko testurik onenak (laburrak eta labur-laburrak). Erakusketa, berriz, epaimahaiak aukeratutako hogei lan onenekin osatuko dute. Udazkenean abiatuko da erakusketa ibiltaria eta Uribe Kostako herri ezberdinetatik pasako da. Sarean ere ikusgai egongo dira hautatutako lanak.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago, ostegun honetan, ekainak 5, du amaiera, eta parte hartzaile bakoitzak bi testu bidal ditzake. «Jendea animatu nahi dugu proba egitera: sar daitezela webgunean, ikus ditzatela irudiak, eta, sakalekoa eskuan, egin dezatela proba. Ez da batere zaila. Eta, gero, zure testua hautatua izan bada, oso polita da erakusketan ikustea».

Eskaintza egina dago. Orain, irudiak iradokitzen duenari hitza jartzeko bi minutu hartzea besterik ez da geratzen.