amagoia.mujika@gaur8.info

Txoko bakoitzean propioa eta neurrikoa den turismoa eta garapen lokala estu lotzen dituen eskaintza

Toki guztiek daukate bisitariari zer eskaini, guztiek dituzte altxorrak, xarma eta nortasun propioa. Masa turismotik aparte badagoelako zer eskaini eta nork eskatu, Bizibiziki enpresak natur turismoa lantzen egiten du lan; ingurua errespetatzen duen eta garapen lokalaren mesedetan jarduten duen turismoa josten.

Turismoa batzuetan inbaditzailea izaten da, plastikozkoa bezalakoa, berdinegia hemen eta han. Baina turismoa izan daiteke jasangarria, patxadatsua, txoko bakoitzean propioa, toki bakoitzaren ezaugarrien neurrikoa, inguruarekin errespetuzkoa. Hori sinetsita daude duela lau urte Bizibiziki enpresa martxan jarri zutenak. Hartara, bi zutaberen gainean lan egiten dute: natur turismoa eta garapen lokala.

«Abaltzisketa herrian Larraitzen proiektu bat martxan jartzeko ideia sortu zen eta guk ‘Txindokiko itzala’ proiektua aurkeztu genuen. Bi ardatz nagusi zituen: natur turismoa eta garapen lokala. Azkenean, enpresa pribatu eta publikoen elkarlana tarteko, aurrera atera zen proiektua», hasi da kontatzen Ekaitz Zubelzu, Bizibiziki enpresako kidea.

Proiektu zabala da “Txindokiko itzala” izenekoa eta horixe biltzen du, Txindokiren itzalpean, babesean, egin daitezkeen plan desberdinen sorta: Txindoki-Larrunari mendira ibilaldia, bueltaxka Larraitzeko abentura parketik (tirolinak, zubi nepaldarrak, kulunkak...), eskalada gunea Amezketako Zazpi Iturri eskalada eskolaren bueltan, mendi ibilbide gidatuak, kanoi jaitsierak, bizikleta ibilbideak, Arritzagako meategietara bisitak, artzainekin bisita gidatuak, inguruko baserritarren produktuak biltzen dituen denda...

«Askotan esaten digute herrietan ‘ea zer muntatzen duzuen hemen, ea zer asmatzen duzuen toki honetarako’. Guk erantzuten diegu dagoeneko badutela zer eskaini, altxor handiak daudela herri guztietan, baina horiek identifikatu, bildu eta sorta batean eskaini behar direla. Horretarako tokian-tokian dagoen errealitatea aztertzen dugu, eskaintzen dituen aukerak begiratzen ditugu eta hortik abiatuta aurkezten dugu proiektua», segitu du Zubelzuk. Behin horra iritsita, normalean Bizibiziki enpresa ez da turismo eskaintza horien kudeaketaz arduratzen.

«Guk aholkularitza lana egiten dugu. Laguntza eske etortzen zaizkigu; batzuetan beren ingurunean zer eskain dezaketen aztertzeko, eta, beste batzuetan, dagoeneko osatuta daukaten eskaintza antolatzeko eta bistaratzeko, modu erakargarri batean aurkezteko».

Normalean prozesu parte hartzaileak martxan jarri eta hortik sortzen dira proiektuak. «Herrietako eragile desberdinekin biltzen gara, informazioa eta proposamenak jasotzen ditugu eta jasotakoarekin proiektu bat osatzen dugu. Baina informazioa eta proposamenak beti etortzen dira herrietatik, guk ez dugu ezer asmatzen, dagoeneko existitzen dena aztertzen dugu eta eskaintza bat josi. Izan ere, toki guztietan dago zer eskaini, toki guztietan dago zer ikusi eta zertaz gozatu. Hori oso garbi izan ohi dugu».

Proposatzen duten natur turismo zirkuitua betiko postaletatik apartekoa izan ohi da, normalean turistak trumilka pilatzen dituzten guneetatik apartekoa. «Euskal Herria bere osotasunean da altxor bat. Denetarik dauka; desertua, kosta, parke naturalak... Normala da turistak batez ere gune batzuetan pilatzea. Hartara, helburua da toki ezagun horietatik pasatzen direnak gero herri txikietara, natur turismora eta bestelako eskaintzetara erakartzea», agertu du Zubelzuk.

Era berean, turismoaren alorrean lanean dabiltzan eragileek garbi daukate turista bera aldatzen ari dela, masa turismotik aparte dabiltzanak eta eskaintza bereziagoak nahi dituztenak gero eta gehiago direla. «Turista berri bat agertu da, esperientzia berriak gustuko dituena, irizpide propioa duena, herrietako kulturekiko interesa eta errespetua dituena... Behar berriak dauden neurrian turismo mota berriak eskaini behar dira, eta segur aski ingurune horretan kokatu behar da turismo aktiboaren arrakasta».

Kanpoko eta bertako bisitariak

“Turismo aktiboa” deitzen dutena inguruarekin harreman zuzena duen jarduerak eskaintzeaz gain, «bertako biziraupena eta ekonomia modu iraunkorrean suspertzea lortzen duena da», Zubelzuren hitzetan.

Bizibiziki masa turismotik aparteago kokatzen da eta garrantzitsua iruditzen zaio turismoa modu iraunkorrean proposatzea. «Gure ustez egokiena da jendea toki batera bisitan joaten denean ingurua, kultura, bertakoen bizimodua errespetatzea, eta, horretarako, neurrian antolatu behar da jarduera, masa turismoak ez baitu normalean hori guztia errespetatzen eta zaintzen».

Natur turismoa –eta horren baitan turismo aktiboa– ez dago soilik Euskal Herri kanpotik datorren bisitariari begira. «Proiektuak diseinatzen ditugunean saiatzen gara herriarentzat aberasgarriak izan daitezen beti; herriarentzat, ingurukoentzat, Euskal Herriko familientzat... guk irudikatzen dugun turismoa ez da bakarrik Euskal Herritik kanpokoa. Oso kontuan izaten ditugu Euskal Herritik bertatik etorri eta proiektuaz goza dezaketenak», jarraitu du. Izan ere, askotan gertatzen da munduko txoko urrunak ezagutzea eta gertu samar ditugun altxorrak erabat ezezagun izatea.

Bizibizikiko kideak munduko toki desberdinetan ibili dira hango eta hemengo esperientzietatik ikasi nahian. «Natur turismoaren inguruko proiektuak ez dira berriak, badira urteak jendea horretan ari dela. Baina egia da azkenaldian gero eta jende gehiago erakartzen duen eskaintza dela eta badagoela zer hobetu. Munduan beste toki batzuetan, Zeelanda Berrian kasu, gu baino dezente aurrerago daude alor horretan. Pentsa, Zeelanda Berriko ekonomiaren oinarri sendo bat da natur turismoa. Hemen Euskal Herrian badugu zer ikasi eta zer hobetu, eta horretan saiatzen ari gara», jarraitu du Ekaitz Zubelzuk. Bide horretan, aurten bigarrengoz egunbeteko jardunaldiak antolatu dituzte. Joan den astean izan zen hitzordua Tolosan, berrikuntza, turismo aktiboa eta iraunkortasuna izan ziren jardunaldien ardatzak eta munduko toki desberdinetako adibideak ezagutzeko aukera izan zen.

Tolosako hitzorduan parte hartu zuen, hain juxtu, Isabel Junquerak, ingurugiro aholkulari eta Europako Turismo Iraunkorreko Kartaren ikuskari denak. Aipatu ziurtagiri hori Europarc federakuntzak ematen du, Europa mailan 400 elkarte baino gehiago biltzen dituenak. Eta, funtsean, ohikoa den arazo bati irtenbide egoki bat ematea da helburua: Nola zabaldu babestutako guneak jendeari gune horiek babesten segituz? Nola uztartu natur gune batek bisitarientzat izan dezakeen xarma eta toki horrek beharrezko duen babesa? Junqueraren iritziz, «maiz indar handia jartzen da gunea babesten, baina apenas egiten den lan herritarrek natur gune eder horretaz goza dezaten».

Turismo helmuga iraunkorrak

Lan hori egiten du aipatu Europarc federakuntzak. Junquerak aipatu zuenez, pausoz pauso egin beharreko lana da eta tokian-tokian ezaugarri propioak hartzen dituena. «Helburua da turismo helmuga iraunkorrak sortzea eta horretarako inguratzen dituen guztiak iraunkorra behar du izan. Denek norabide berdinean joan behar dute». Bide horretan, lehen faseko lana izaten da babestutako guneak identifikatzea eta aztertzea. Behin lan hori eginda, bigarren fase batean gune horretan dauden enpresen konplizitatea eta laguntasuna dira helburuak. «Enpresa horiek konpromisoak hartzea da asmoa, jokabide arduratsua eta iraunkorra izan dezatela. Gune babestu horren alde egitea beren alde egitea da eta hori ulertarazi nahi diegu. Baina, finean, borondate kontua da», agertu zuen Junquerak.

Hartara, hiru urteko epean zenbait konpromiso hartzen dituzte enpresa horiek, «beren eskaintzarekin, ingurumenarekiko duten jarrerarekin eta garapen lokalarekin lotutako konpromisoak».

Europako Turismo Iraunkorreko Kartaren parte izateko badira, era berean, kontuan hartu beharreko hamar oinarri. Baina Junquerak bereziki nabarmendu zuen prozesua benetakoa eta denboran iraungo duena izateko ezinbestekoa dela «benetako parte hartzea» bultzatzea. Izan ere, Europarc federakuntzak proposatzen duen metodologia erabat parte hartzailea da, inguruko enpresa eta eragileei ahotsa ematen diena. «Benetako borondatea, benetako parte hartzea, proiektuaren jarraipena eta eragile desberdinen arteko interakzioa funtsezkoak dira turismo iraunkorreko eskaintza osatzeko», nabarmendu zuen Isabel Junquerak. Hartara, natur taldeak, herritarrak, erakundeak eta turismo enpresak proiektuan parte hartzea eta konplizitatez jardutea ezinbesteko jo zuen.

Eguneroko lanak bisitariei zabaldu dizkien artzain kataluniarra

Pau Garcia Freixa artzaina da. Bartzelonatik gertu dagoen Parc Natural de Sant Llorenc del Munt inguruan egiten du lan. Duela hiru urte, inguruko abeltzain eta nekazari batzuk elkartu eta La Vall Can Pelacs landetxean elkarlanean hasi ziren. «Haragi ekologikoarekin eta garaian garaiko produktuekin lan egiteko sortu genuen enpresa. Zuzeneko salmenta da gure oinarria eta horretan hasi ginen», kontatu zuen Tolosako hitzaldian Garcia Freixak. Bezeroaren eskaerei erantzuteko hasi ziren pixkanaka beren eguneroko lana turismo helmuga bihurtzen. «Bezero askok eskatzen ziguten nola lan egiten genuen ikustea eta horrela hasi ginen, ateak irekiz urtean behin. Arrakasta zuela ikusi genuen, jendeari interesatzen zitzaiola gure jarduera, interesa zegoela, eta turismoa txertatu genuen gure proiektura», segitu zuen.

Abeltzain eta nekazari talde horrek bisitariari eskaintzen diona bere eguneroko lana da, «egia eta kultura» Garcia Freixaren hitzetan. Hartara, gero eta gehiago ari dira zabaltzen turismoari begirako beren eskaintza. «Gure landetxearen ateak irekitzen ditugu, eskoletatik eta etortzen dira bisitan eta gu ere joaten gara eskoletara. Horrez gain, urtean barna normalean hiru transhumantzia egiten ditugu eta horiek ere eskaintzen ditugu. Alegia, bisitariak gurekin etor daitezke».

Berez ez ziren sortu helmuga turistiko gisara, abeltzain eta nekazari talde horren jarduera bestelakoa zen sorreran, «baina turismoa laguntza ekonomiko garrantzitsua bihurtzen ari da», aitortu du artzain gazteak. Landetxera gerturatzen direnak normalean Kataluniatik bertatik datozenak dira, «Bartzelonatik oso gertu gaude eta jende asko etortzen da asteburua pasatzera. Egiatakoa da gure eskaintza, egiten duguna eskaintzen dugu eta jendeari hori asko gustatzen zaio. Gainera, hiriko eta landako bizimoduak gero eta urrunago gaude eta gu bagara horiek hurbiltzeko modu bat».