amagoia.mujika@gaur8.info

«Frankismoak zigortu egiten zituen gay, lesbiana eta transexualak, eta, gizarteak, epaitu eta baztertu»

Frankismo garaia sufrimenduaren sinonimo da jende gehiegirentzat. Beren orientazio edo identitate sexualagatik zigortuak izan ziren pertsonen ahotsa jaso du artista madrildarrak, apenas entzun den ahotsa.

Javi Larrauri, artista eta dokumentalista madrildarra.
Javi Larrauri, artista eta dokumentalista madrildarra.

Askapen sexualaren aldeko Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen (LGTB) eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna. Ez da borroka samurra izan inoiz; eraso, jazarpen, zigor, jipoi eta erailketa forman astindu izan da heteroarautik atera dena. Ez da samurra izan inoiz, eta zaila izaten segitzen du.

Javi Larrauri (Madril, 1971) artista eta dokumentalista da eta “Testigos de un tiempo maldito” proiektuaren egilea. Ekain hasieran Errenterian izan zen, Mikelazulon, proiektuaren parte den dokumentala eskaintzen. Bertan frankismo garaian beren orientazio edo nortasun sexuala zela-eta errepresaliatuak izan ziren pertsonak ekarri ditu gogora eta denon bistan jarri du bizi izan zuten egoera gordina.

Frankismo garaian homosexualitatea bortizki zigortua eta zapaldua izan zen. Hasiera batean “Alferren eta Gaizkileen Legea” erabiliz kriminalizatzen zen eta 1970etik aurrera “Gizarte Arriskugarritasunaren Legea” tarteko. Estatu espainolean homosexuala izatea delitua izan zen 1978ko abendura arte. Eta delitu hori kartzelarekin eta kontzentrazio eremuetako egonaldiekin zigortzen zen. Izan ere, frankismo garaian Estatu espainolean kontzentrazio eremuak egon ziren, 180tik gora, eta horietako batzuk espresuki homosexualentzako ziren, Fuerteventurako Tefiakoa kasu. Eta homosexualentzako kartzelak ere baziren, Badajozen eta Huelvan esaterako. Horrez gain, bestelako kartzelatan homosexualei zuzendutako moduluak zeuden. Ezaguna da, esaterako, Carabanchelgo kartzelan bazela goiko aldeko solairu bat homosexualentzako erabiltzen zena eta preso batek baino gehiagok bota zuela bere burua goitik behera bizia kentzearren.

Pertsona transexualen kasuan, errepresaliatuak izateaz gain sistematikoki ezkutatuak izan ziren, itzalera kondenatuak eta homosexual modura hartuak, erregimen frankista ez baitzen gai orientazio sexuala eta identitate sexuala bereizteko. Lesbianen kasuan diskriminazioa bikoitza izan zen, homosexual izateagatik eta emakume izateagatik.

Kontatu gabeko istorioak

Istorio bortitzak, gogorrak eta beltzak eman ziren frankismo garaian eta Javi Larraurik istorio horietako batzuk ekarri ditu bere dokumentalera protagonisten azalean sartzeko ahalegina eginez.

«Ni gay-a naiz eta LGTBko aktibista, gaiarekin oso sentsibilizatuta nago beraz. Bestetik, lan horren aurretik memoria historikoarekin lotutako beste bat egin nuen, ‘Mujeres republicanas’ izenekoa. Urtebete inguru eman nuen Bigarren Errepublika bizi izan zuten eta guda zibilean borrokan aritu ziren emakumeen atzetik. Betidanik izan dut pertsona homosexualek, transexualek eta bisexualek garai haiek nola bizi izan zituzten jakiteko grina eta elkarrizketatzen nituen emakume guztiei galdetzen nien gai horri buruz. Baina oso informazio gutxi ematen zidaten, baten bat ezagutu zutela baina ezer gutxi gehiago. Eta pena horrekin geratu nintzen. Horregatik, emakumeei buruzko lan hori amaitu eta berehala erabaki nuen espresuki beren orientazio eta identitate sexualagatik errepresaliatuak izan ziren pertsonen inguruko lan bat egitea», hasi da kontatzen Javi Larrauri.

Dokumentalistak zazpi pertsonen testigantzak jaso ditu bere lanean, testigantza gogorrak eta zer pentsa ematen dutenak. «Saiatu nintzen pertsona zaharragoak topatzen, baina oso-oso zaila izan da hitz egiteko prest zegoen jendea topatzea, eta, azkenean, zazpi horiekin geratu naiz», zehaztu du. «Lanik zailena jende hau topatzea izan da. Izan ere, gai honi buruz ez da apenas hitz egin, ez dago informaziorik eta ez dago non topatu ere. Gainera, behin topatuta ere denak ez dira beren istorioa kontatzeko prest egon. Emakume errepublikarren kasuan askoz errazagoa izan zen, informazio gehiago dagoelako eta emakume horiek denak beren istorioa kontatzeko gogoz eta prest zeudelako. Finean emakume borrokalariak dira, ideia batzuei lotuak eta konpromiso politikoa dutenak. Baina LGTB mugimenduaren inguruan informaziorik ez dago, eta, kontatzeko gogoa ere, gutxiago. Jende hori zigortua eta errepresaliatua izan da erregimen frankistagatik, eta baztertua eta epaitua gizartearen aldetik, maiz familiak berak ere baztertuta utzi du-eta», kontatu du.

Azkenean zazpi lagun animatu dira beren bizitzako pasarte gogorrena ahots goraz kontatzera. «Egin nituen lehen elkarrizketak 2010eko azaroan izan ziren, Kanarietan. Octavio eta Felix elkarrizketatu nituen, Tefia kontzentrazio eremuan egon zen bata eta bestea kartzela askotan preso eduki zuten. Lehen elkarrizketa horiek niretzat oso hunkigarriak eta gogorrak izan ziren. Emakume errepublikarren kasuan jasoak nituen istorio oso bortitzak eta gordinak, baina elkarrizketatuen profila oso zen desberdina. Adin dezenteko gizonak ziren eta oso gutxitan aipatu duten gai bati buruz ari zitzaizkidan. Bizi izandako min ikaragarria sumatzen zen eta zigor horiek nola markatu zuten beren bizitza. Batetik, aurrekari penalak zituzten eta horrek korapilatu egiten zuen beren egunerokoa. Eta, bestetik, gizarte osoak baztertu zituen, familiak eta lagunak barne».

Bakardadea. Hori da Larraurik elkarrizketa guztietatik atera duen ondorioa. «Bai kanpoan bai kartzelan bai kontzentrazio eremuetan oso bakarrik egon ziren. Preso politikoek bazuten partiduko kideen babesa, eta baita gizartearena eta etxekoena ere. Baina gay, lesbiana eta transexualen kasuan ez zegoen halakorik, artean ez zen mugimendurik existitzen eta bakarrik zeuden, oso bakarrik. Erregimen frankistak zigortu egiten zituen, eta, ezkerreko mugimenduek, arbuiatu. Ez zegoen bere lehentasunen artean pertsona hauen eskubideen alde borroka egitea. Pentsa, gay eta lesbianak alderdi komunistatik kanporatuak izan ziren zuzenean», kontatu du Larraurik.

Eta, bitartean, zenbat bizitza joan diren. Larrauriren dokumentalean agertzen direnek dagoeneko urteak pilatuak dituzte, tristurak adina. «Etendako bizitzak izan dira. Erregimenak eta Elizak zehaztutako moral ‘zuzen eta egoki’ horretatik ateratzen zen guztia zikiratu eta suntsitu egiten zituen garai bat bizitzea egokitu zitzaielako. Homofobia, transfobia, matxismoa aspalditik zetozen, baina bazirudien Bigarren Errepublikarekin askatasun gehixeago arnasteko modua izango zela, orokorrean haize berriak sumatzen ziren, baina bat-batean frankismoa etorri zen eta modurik bortitzenean ito zuen giro hura».

“Testigos de un tiempo maldito” lana modu oso zuzenean hasten da, inor hotz ez uzteko eran. Queipo de Llano jeneral frankistaren diskurtso bat da abiapuntua. «Espainia hegoaldean aritu zen Queipo de Llano. Estatu kolpea gertatu eta berehala jeneral hau bertako komunikabideen jabe egin zen, tartean “Radio Unión Sevilla” izeneko irratiarena. Eta egunero diskurtsoak ematen zituen bertatik. Diskurtso horiek zenbait komunikabide idatzitan jasotzen ziren hurrengo egunean. 1936ko udan ematen zituen diskurtso horietako batean emakume errepublikarrak bortxatzera animatzen zuen jendea. Eta dokumentalaren hasieran ematen dudan diskurtso horretan homosexualak hartzen ditu ahotan, eta horiek erailtzera animatzen du gizartea. Alegia, garbi geratzen da frankistek homofobia oso barruan zeukatela sartuta».

Lanaren musikak ere badu garrantzia, Federico Garcia Lorca idazleak harmonizatutako herriko abestiak baitira soinu bandaren oinarria. «Errepresaliatua eta fusilatua izan zen 1936ko udan, besteren artean, homosexuala izateagatik. Horregatik nahi nuen presente egotea nire proiektuan», kontatu du Larraurik.

Martutenen preso egondakoa

Bere lanean bildu dituen biografien artean dago Andres Garciarena, 1939an Estatu frantsesean, Auxerren, jaioa. Andresek kontatzen du oso txikitandik izan zela bere homosexualitatearen jakitun. Haurra zela Donostiara etorri zen bizitzera eta oso gazte hasi zen irrati esatari lanetan, Radio Guipúzcoa irratian lehendabizi eta Radio San Sebastián irratian geroago. Izen oneko profesionala zen, ezaguna Donostian eta inguruetan.

60ko hamarkadan Donostian bertan gizon gazte bat ezagutu eta harremana hasi zuten. Andresek kontatzen du biak elkarrekin bizi zirela normaltasun osoz, baten familiak eta bestearenak bazekitela eta ez zutela inolako arazorik.

Francok uda asko pasatu zituen Donostian. Urtero, jenerala hirira iritsi baino egun batzuk lehenago, “garbiketa” egiten zuen Poliziak eta diktadorearen atsedena “aztora” zezaketenak kartzelan sartzen zituen; batez ere frankismoaren aurkako mugimendu politikoen inguruan zebiltzanak. 1965ean prostitutak eta homosexualak ere hartu zituen Poliziak jomugan. Urte hartako uztailaren 10ean jaso zuen polizia-etxetik deia Andresek bere etxean. Artean ez zeukan sarekada haren inolako berririk eta agindu bezala bertaratu zen, nonbait pertsona bati buruzko «galdera batzuk» erantzutera.

Komisario baten galdeketari luze erantzun zion Andresek polizia-etxean. Eta dagoeneko bertan denbora tarte bat zeramanean, komisarioak zuzenean galdetu zion ea homosexuala zen. Eta Andresek, baietz. Segidan eraman zuten Martuteneko kartzelara eta bertan bakartuta egon zen lehen bi asteetan. Gero preso hartutako beste zenbait pertsona homosexualekin batera jarri zuten modulu batean. Hilabete eta erdi eman zuen preso eta aske utzi zuten, epaiketaren zain.

Andres Garciak kontatzen duenez, kartzelatik atera eta lanera bueltatu zen. «Radio San Sebastiánen bertan langileek batzar bat egin zuten eta han denen artean erabaki zuten ez zutela arazorik ikusten ni lanera bueltatzeko. Eta halaxe bueltatu nintzen. Baina, noski, norbaiti ez bazitzaion ondo iruditzen, ez zidaten bueltatzen utziko», kontatu du Andresek.

Sei hilabetera izan zen epaiketa eta bortxazko lanak egitera eta erbestera behartu zuen epaiak. Eta Donostiatik kanpo lan bila hasi zenean gauzak korapilatu egin ziren, bere aurrekari penalak karga handia baitziren. Azkenean Suediara joan beharra izan zuen eta bertan eman zituen sei urte, «nire espediente legala itxi zutenean bueltatu nintzen».

Heteroarauaren muga zurrunak

Orientazio heterosexuala duen pertsona batek ez du bere bizitza sexualaz eta bere hautuaz inolako azalpenik eman beharrik. Ulertzen da bere intimitatearen jabe dela. Orientazio homosexuala duten pertsonek azalpen gehiegi eman behar izan dituzte segur aski, ikusten denez langile batzar batean gai nagusi izateraino lankide homosexual baten bizitza pribatua. Larrauriren hitzetan, «gure gizartean normala, arautua, ona, egokia heteroaua da. Hortik ateratzen den guztia onartu beharreko zerbait bihurtzen da, ulertu beharrekoa, toleratu beharrekoa. Niri ez zait batere gustatzen ‘tolerantziaren’ kontzeptua erabiltzea kasu hauetan. Hartara, normaltasun horretatik ateratzen den guztia onartzen den edo ez erabaki beharra dago, epaitu beharra dago. Sistemaren parte da hori».

Larrauriren dokumentalak azaleratzen duena sistema horretatik kanpo sentitu direnen sufrimendua da. «Sistema binarioa da erabat. Homosexuala edo heterosexuala izan behar duzu, emakumea edo gizona. Eta binarismo horren tartean dauden pertsona guztiak patologia gisa hartuak dira, eta sistemak kriminalizatu egiten ditu. Badirudi jaio orduko etiketa bat jarri behar digutela. Eta binarismo horrek tristura eta larritasun asko sortzen dizkie eredu jakin eta bakar batean kabitzen ez direnei. Izan ere, pertsonek ñabardura eta xehetasun asko dauzkagu».

Eta sistema binario horren zirrikituetatik erortzen diren pertsonak bakarrik, oso bakarrik sentitzen dira maiz, munduan toki propioa topatu nahian. Dokumentalean argigarria da oso Coral Canoren kontakizuna (1962, Madril). Madrilgo Usera auzoan hazi zen, ezkerrekoa eta ateoa zen familia batean. Txikitandik galtzak zituen gustuko, ez soinekoak; ilea motz-motz eramaten zuen, bota handiak janzten zituen eta autoekin jolastea maite zuen.

«Nik nahi nuena izan nintzen 12 urte bete nituen arte, nahi nuen bezalakoa izan nintzen. Adin horrekin, baina, auzoz aldatu ginen eta nire gurasoek eskolaz aldatu ninduten. Hezkuntza librearen aldeko eskola zoragarri batetik Opus Deiko eskola batera eraman ninduten ‘probetxuzko emakume’ egiteko. Eta nire gurasoak ezkerrekoak eta ateoak ziren, pentsa», kontatzen du Coralek dokumentalean. Eta hala eman zituen bere bizitzaren lehen urteak, munduan gustura egongo zen txokoaren eta inguruaren bila.

«Bakardadea eta munduan zure tokia topatzeko zailtasuna ohikoak izaten dira. Maiz sentitzen duzu zure inguruan ez zaituztela ulertzen , ez zaituztela zeren bezala onartzen. Eta hor hasten da bilaketa, ulertzen eta onartzen zaituen jendea topatzeko beharra», kontatu du Javi Larraurik.

Homofobia, baina, ez da 1936ko edo 1970eko gaitza. «Tamalez gure herriko eskuina apenas aldatu den. Egun Fernandez Diaz ministro espainiarra hizketan entzun eta ez dago orduko frankisten hitzetatik oso urrun, eta pentsatuta ere gizon horrek isilduko dituenak! Homofobia oso txertatuta daukate, hori ez da aldatu. Akaso batzuetan, politikoki zuzenak izatearren, ez dituzte pentsatzen dituzten guztiak esaten, baina hala ere perla ederrak botatzen dituzte. Eta Elizako zenbait pertsonaiarekin zer esanik ez. Bizi garen gizarteko sektore handi batek homofoboa, transfoboa eta matxista izaten segitzen du. Bide luzea dugu oraindik egiteko».

Tresna desberdinekin kontatutako istorioak

Javi Larrauri artista plastikoa da, eta horretan ibili izan da dokumentalak egiten hasi baino lehen. Marrazkiak izan dira batez ere bere adierazteko bidea. «Emakume errepublikarren inguruko lana egiten hasi nintzenean konturatu nintzen ez nuela nahikoa marrazkiekin. Kamera bat hartu nuen eskuetan, nola funtzionatzen zuen jakin gabe ia, eta harekin hasi nintzen, emakume horien testigantza jasotzeko beharra sentitzen nuelako. Geroztik hasi nintzen bideoa nire lan tresna moduan erabiltzen», kontatu du. Hartara, “Testigos de un tiempo maldito” lanak marrazkiak, testu biografikoak, argazkiak, erretratuak eta dokumentala biltzen ditu. «Nire bosgarren dokumentala da hau eta berez proiektuaren parte bat baino ez da. Baina egia da toki askotatik deitu didatela dokumentalaren proiekzioa egiteko eta bizitza propioa hartu duela azkenerako. Indian ere eman dute eta sariren bat ere irabazi du», segitu du egileak. Dokumentalak “0 aurrekontua” izan du, erabat autofinantzatutakoa izan da. «Kamera txiki bat, tripode bat, foku bat eta mikrofono txiki bat hartuta Estatu espainol erdia zeharkatu dut. Eta dena nik egin dut. Baliabide aldetik oso apala izan da eta asko poztu nau jendearen aldetik izan duen harrera beroak. Egia esan, erabat beharrezkoa iruditzen zait istorio hauek kontatzea, egin beharra zegoela sentitzen dut».