GAUR8
ELEANOR MARX

Aitaren idatziak kalean txertatu zituen feminista sozialista

Bere ibilbidean arrasto nabarmena utziagatik, badira historia liburuetan apenas tarterik edota toki zabalik eskuratu ez duten emakume entzutetsuak. Asko dira eta haietako bat da Eleanor Marx. Karl Marx pentsalari eta filosofoaren alaba izateagatik ezagunagoa, Britainia Handiko historiaren heroietako bat da bere izate eta ekintzengatik, besteak beste, feminismo sozialistaren sortzaileetako bat izan zelako eta berdintasunaren aldarria pentsamendu politikoaren erdigunera eramateko saiakera aitzindaria egin zuelako.

Eleanor Marx Londresko Soho auzo ezaguneko ganbara batean jaio zen 1855ean, apenas baliabide ekonomikorik ez zuen alemaniar jatorriko erbesteratu familia batean. Diotenez, ordurako bi semeren heriotza jasan ostean, aitak mutiko bat izan nahi zuen. Aldiz, lehen uneko desengainua gaindituta, Eleanor berehala bilakatu zen Karl Marxen begiko; ez hori bakarrik, bere pentsamendu eta borroka jarraitzeko beharrezko katebegia bilakatu zen denborarekin.

Eleanor, izan ere, aitak idatzi zuen “Kapitala” liburu ezagunarekin batera joan zen hazten eta hezten. Behin haurtzaroa atzean utzita, aitak Friedrich Engelsekin batera idatzi zituenak bizi eta frogatzeko modua izan zuen Eleanorrek pasioz bizi izan zuen bizitza laburrean –«bigarren aita» baten parekoa izan zen prusiarra Eleanorrentzat–. Aitak abiatu zituen ideiekin aurrera egin nahi zuen Eleanorrek; idatzitakoa bizi, eta besteek ere indar berberarekin bizi zezaten lortu. Horregatik, “Kapitala” lan mamitsua itzuli eta zabaltzen eman zuen bere bizitzako tarte handi bat.

Antzerkia eta literatura zituen beste pasioetako batzuk. Gustave Flauberten “Madame Bovary” lana itzuli zuen eta Henrik Ibsen antzerkigile norvegiarraren “Panpinen etxea” lan dramatikoa interpretatu zuen oholtza gainean.

Aitaren lana zabaltzen

Aitaren lanak ez ezik, garaiko egoerak markatu zituen ezinbestean Eleanor Marxen pentsamendua, bizitza eta ibilbidea. Oraindik ere hauteskunde demokratikoak ezagutzen ez zituen Britainia Handian jaio zen, izan ere, gizon langileek, emakumeek eta txiroek ez zuten bozik emateko aukerarik. Sasoi hartan sozialistak ez ziren asko Britainia Handian, baina Eleanorrek pentsamendu hori kalera eta errealitate politikora eraman zuen; bizi eta probatu egin zuen.

Britainia Handiko sindikalgintzaren lehen liderretako bat izan zen eta feminismoa mugimenduaren erdigunean bertan kokatzea lortu zuen. Emakumeek garai hartan Britainia Handian ez zuten hezkuntzarako eskubiderik –hezkuntza formalik gabe, aitarengatik jaso zuen heziketa–, ezin zuten bozik eman eta ezin ziren parlamenturako ordezkari gisa aurkeztu. Emakume izateak hainbat lanbidetarako sarbidea eragozten zuen, emakume gehienen bizitza ugalketara eta familia zereginetara bideratuz. Egoera horretan, Eleanor Marxek garaiz ulertu zuen zapaldutako klase bateko kide izateak zer zekarren, eta, hori hala, bizitza guztia eman zuen berdintasunaren alde borrokan. “Emakumeen kausa” gisa bataiatuko borroka, “emakume langileen eztabaida” gisa planteatu zuen Eleanor Marxek.

Emakumeen boz eskubidea aldarrikatzen zuen mugimenduaren alde egin zuen, baina betiere emakume langileekiko sozialdemokraziak zuen jarreraren gaineko eztabaida lehenetsiz. 1885ean gutun argigarria bidali zion Ernest Belfort buruzagi sozialistari: «Ez naiz sozialista gisa ‘emakumeen eskubideen’ ordezkari. ‘Emakumeen eskubideak’ eztabaida ideia guztiz burgesa da. Nire proposamena sexuaren arazoa langile klasearen eta klase borrokaren baitan planteatzea da».

Berdintasuna ardatz

Eleanorrentzat etorkizuneko borroka berdintasunaren aldeko borroka zen ezinbestean. Azken batean, emakumeek lan berdinagatik gizonek baino soldata baxuagoak jasotzen bazituzten, nagusiek lan indarra manipulatzeko aukera zutela irizten zuen. Horregatik, gizonezkoei emakumeen alboan jartzeko deia egin zien, eta, emakumeei, berriz, soldatak ez hondoratzeko ahalegina. Ondo zekien bere egitekoa ez zela soilik emakumeak antolatzea, langileen borroka orotan parte hartu eta langileen eskubideak defendatzea baizik, eta horrela egin zuen une oro.

Eleanor hainbat protesten buru izan zen. Silvertownen bizi baldintza negargarrietan zeuden langileak. Enpresetako buruek miseriatik ihesi heldu berri ziren langileei egiten zieten toki etengabe, ez zuten-eta 80 orduko lan astea murriztu edota igandetan lan egiteagatik ordaintzerik nahi. Egoera horren aurrean, Marxek greba antolatzen lagundu zien langileei. Grebari erantzuteko, emanak zizkieten etxeetatik kanporatu zituzten enpresariek langileak eta euren familiak. Grebak huts egin zuen, egindako eskakizunak ez zituztelako lortu langileek, baina ondorio onuragarriak ere izan zituen: emakume langileen sindikatua eratu zelako, Silvertowngo Emakumeen Sindikatua, gerora Britainia Handiko langile borrokan eta feminismoan pisu itzela izango zuena.

Sonatua izan zen, halaber, Londresko portuko langileek egindako grebetan izan zuen papera. Zamaketariak zero orduko jatorrizko kontratuaren kontra ari ziren borrokan, ez zutelako lana izateko inolako bermerik. Lana eskuratzen bazuten bi orduko laneguna edota hogei ordukoa izan zitekeen. Lan premiak langileak lantegien ateetan pilatzera eramaten zituen; euren artean lehia egitera. Egindako grebek arrakasta izan zuten, kargamentua moilan pilatzen zen-eta. Enpresariek langileen eskakizunei jaramon egin zieten azkenean.

Bere ospea lagun, Eleanor Marxek batetik eta bestetik deiak jasotzen zituen, tokian tokiko langileak lan eskubideen gainean hezteko. Britainia Handitik ez ezik, Europako beste lurralde batzuetatik ere hots egiten zioten, baita Ozeanoa Atlantikoaren bestaldetik ere.

Bidaia haietako batean hitzaldi jendetsua eskaini zuen AEBetan. 25.000 lagunen aurrean hitz egin zuen Chicagon eta garaiko egunkariek ere arreta jarri zuten berarengan. 1886ko uda zen eta gerora Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Eguna bihurtzea ekarriko zuten Chicagoko gertaerak igaro berri ziren. Honako mezua helarazi zion Eleanorrek bildutako jendetzari: «Masei hiru lehergailu botako dizkiegu: jakin-mina, hezkuntza eta antolakuntza».

Hitzaldi hartan bertan, sozialismoari egiten zitzaizkion hainbat kritika gaitzetsi zituen. Txalaparta argitaletxeak “Eleanor Marx, hija de Karl” liburuan argitaratutako laburpen batean jaso bezala, honakoa adierazi zuen: «Sozialistok ez dugula legerik eta ordenarik nahi aurpegiratu diguzue. Guk nahi ez duguna egun ordena dela esaten dutena da, ordena eza delako (...). Milioiak dituzten gizonak eta gosez hiltzen diren gizonak daude; milioiak dituzten emakumeak eta gosearen eta prostituzioaren artean aukera egin behar duten milioika emakume daude». Legeaz ere mintzatu zen: «Guk legea nahi dugu, baina emakume eta gizon guztientzat justua den legea».

Borroka guztiotan feminismoaren presentzia ezinbestekoa zen Eleanorrentzat. “Auzi feminista” idatzian argi utzi nahi izan zuen berdintasun ezaren oinarrian ekonomia zegoela. Bere ideiek aurkakotasun handia topatu zuten, bai sindikatuen aldetik, bai eta emakumezko eta gizonezko pentsalarien aldetik ere. Marx gazteari, ordea, ez zitzaizkion teoria eta pentsamendu handiak interesatzen: ideiak, jarrerak eta ekintzak errealitatean oinarritzen zituen, batean eta bestean ikusten zituen egoeretan.

Bizitza pertsonal iluna

Bizitza pertsonalean argitasunak baino iluntasunak bizi izan zituen gehiago Eleanor Marxek. Gaztea zela Olivier Lissagaray kazetariarekin maitemindu zen, baina aitak bien arteko harremana erabat gaitzetsi zuen. Ezkutuan elkar ikusten jarraitu zutela esan izan da, harik eta euren arteko maitasuna amaitu zen arte.

Urte batzuk geroago ezagutu zuen Edward Aveling. Antza, ezkonduta zegoela esan zion Marxi eta horregatik bikotean bizi izan ziren ezkondu gabe. Emakumezalea izatearen eta dirua alperrik xahutzearen fama zuen. Gerora, ezkutuan aktore batekin ezkondu zen eta gertaera hark erabat txikitu zuen Eleanor. Avelingen alde egina zuen testamentua aldatu eta zianuroa hartuta hil zen 43 urte baino ez zituela. Ondoren, baina, Avelingek egindako kodiziloa hautsi eta Engelsek Eleanorri sozialismoaren aldeko borrokan jarrai zezan utzitako dirua ere beretzat hartu zuela jakin zen. Eleanorren heriotzaren gaineko iritzi eta usteak askotarikoak izan dira beti.