«Euren herrietatik ez ateratzea da gobernuen xedea eta ateratzen badira ateak ixtea»
Migratzaileen giza eskubideen alde lan egiten du CEAR iheslariei laguntzeko batzordetik. Horien urraketen lekuko izan da Melillara egin duen bidaian.
Melillatik azken hilabeteetan heldu diren albisteek pertsona migratzaileen errealitatea jarri dute berriro mahai gainean. Errealitate gordina eta krudela. Indarkeria, eskubideen urraketak, atxiloketak, muga batetik bestera egiten diren kanporaketa ilegalak… Emakumeak, gizonak, adingabekoak… Ez dira hedabideetara heltzen, baina kasu horiek guztiek izen-abizenak dituzte.
Gertatzen dena bertatik bertara ezagutu eta informazioa eta testigantzak jasotzeko helburuarekin, CEAR Iheslariei Laguntzeko Euskadiko Batzordeak lau eguneko bidaia egin du Melillara. Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeak, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) eta Ikuspegi- Immigrazioaren Euskal Behatokiko ordezkariak izan ditu bidelagun.
Elkarrizketarako bidean nintzela mila pertsona inguru Melillako hesia igarotzen saiatu direla entzun dut. Zer gertatzen ari da?
Bertan jazotzen den bortxa sistematikoa da eta egoera ez da berria, baina iragan otsailaren 6an hamabost pertsona Tarajalen (Ceuta) hil zirenetik, komunikabideek arreta berezia jarri zuten Melillako hesian. Erakunde askok uste dugu asmo politikoa dagoela honen atzean; alegia, interesa dagoela gobernuek indarkeria justifikatu ahal izateko arreta hesian eta bertan bizi den egoeran jartzeko.
Bestalde, Melillako egoerak Estatu espainol eta marokoarraren arteko akordio politiko eta ekonomikoei erantzuten die. Pentsa, Melillako hesia munduko muga kontrolatuenetako bat da: 3.000 jendarme marokoar daude mugaren beste aldean, hortzdun hesia dago, Marokoko Gobernua altxatzen ari den hesiaz aparte, guardia zibilak, polizia espainolak…
Iheslariak Laguntzeko Batzordeko kideok (CEAR-Euskadi) hiru eguneko bidaia egin duzue Melillara, errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Zer ikusi duzue bertan? Imajinatzen zenutenaren antza du errealitateak?
Bidaiaren helburua emakume errefuxiatuen egoera ikusaraztea zen, argitzea zein inpaktu duten migrazioaren kontrolerako politikek emakumeek babesa lortzeko garaian. Pertsona guztientzat bidaia migratzailea oso esperientzia gogorra da; are gehiago emakumearentzat, indarkeria sexualarekin erabat lotuta dagoelako.
Mediatikoki gainera, hegoaldeko muga erabat maskulinizatua dago, baina kontziente izan behar dugu emakumeak ere beste bide batzuetatik Melillara heltzen direla, gero txalupa bidez edo igerian Estatuko kostaldera heltzeko (Cadiz, Motril…). Gizonek Gurugu mendian itxaroten duten bitartean, emakumeek Nador-go Seluan mendian egiten dituzte familia kanpamentuak, euren haurrekin.
Ikusitakoak orain arte ikertutakoa berresten du, alegia, Melillara heltzea lortzen duten Saharaz hegoaldeko emakumeen ibilbide migratzailea basatia dela. Gehienek euren herrialdeetatik ihes egiten dute emakumezkoen salerosketa sare baten biktimak izanik, edo bidean harrapatzen dituzte esplotazio sexualerako… eta tartean daude nahi gabeko haurdunaldiak, abortu klandestinoak… emakumearen gorputzaren erabilera erabatekoa da. Merkantzia dira.
Emakumeak mafiek harrapatzen dituztela egiaztatu duzue bidaia honetan; aitzitik, ofizialki biktima detekziorik ez dago. Zergatik?
Bildu garen erakunde guztietatik berresten digute ez dutela salerosketa sareetako biktimarik detektatu, baina nola da posible Melillara heltzen diren emakume gehienak sareetan datozenean… nola da posible Etorkinak Behin-behinean Hartzeko Zentroan (CETI, gaztelaniazko siglak) seinale argiak daudenean, euren tratulariarekin bizi diren emakumeak daudenean… Beste behin, errealitateak ez du bat egiten datu ofizialekin.
Biktimak atzemateko arazo larria dago. Batetik, Gobernu espainolak ez du onartzen sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa asilo-eskubidea emateko arrazoia denik eta, bestetik, horien babesa erabat baldintzatzen du sare hauek desartikulatzeko poliziarekin duten kolaborazioak.
Emakume hauek ikaratuta daude, ez dute salatu nahi, nola egingo dute, euren familiak mehatxatuak badituzte! Budu erritupean dituzte, psikologikoki dakarrenarekin…
Migrazioaren eremu zehatz honetan lan egiten duten erakunde eta eragileek, hala ere, azpimarratzen dute babesa lortzen duten emakumeen babesa ez dela erabatekoa, zirrikituak badituela. Honen guztiaren aurrean, ez dute salatzen, eta autoritateek ez dute ezer egiten inork salaketarik jartzen ez duelako. Sorgin-gurpila da.
Zein da egoera honi irtenbidea emateko egiten duzuen proposamena?
Denbora luzea daramagu aldarrikatzen salerosketa-sareko biktima izatea arrazoi nahikoa dela asiloa jasotzeko. Ez da legearen interpretazio kontua, emakumezkoen salerosketak legean kabida du. Hori babesari dagokionez, baina ez da nahikoa. Era berean, babeserako beste mekanismo batzuk egituratu behar dira.
Zergatik egoten dira gizonak eta emakumeak aparte Estatura sartzeko aukeraren zain?
Ez dakigu zehazki zergatik dauden gizonak Gurugun eta emakumeak Seluanen. Hala ere, azken honetan gizonak ere badaude, eta hauek emakumengan kontrola izaten dute. Zentzu honetan, Saharaz hegoaldeko emakumeek estrategia bat jarraitzen dute ibilbidean bizirauteko, “ibilbideko senargaia” izenez ezagutzen dena. Gizon ezberdinen indarkeriaren biktima izan beharrean, eurengan kontrola duten gizonaren bortxaren biktimak dira. Hau da, gizon ezberdinen sexu jazarpenak jasotzearen aurrean, bakarrarenak jasatearen estrategia. Basatia da, baina modu honetan halako babes bat dago beste gizonen aurrean.
Emakumeek sexu jazarpenengatik egiten dute ihes euren jaioterrietatik? Eta gizonek, zer dela eta?
Arrazoi askogatik izan daiteke: gerrak, krisi humanitarioak… baina gero eta arruntagoa da, eta Afrikan ez ezik Hego Ameriketan ere gertatzen ari dena, atzerriko inbertsioari lotutako ihesaldia da. Atzerriko herrialdeek egiten dituzten garapenerako proiektu handiak tarteko, lur kentzeak egiten dira, “Afrikaren pastela” atzerriko enpresen artean banatuz. Askotan, gainera, garapenerako laguntza gisa mozorrotuta egiten dira. Oroitzen naiz Zapateroren ‘Plan África’ delakoaz.
Baliabide naturalen agortze eta lur eremuen desjabetzeekin pobrezia ari dira sortzen, eta aurrera egiteko aukera urrien aurrean, hanka egitea erabakitzen dute. Senegalen, adibidez, arrantzarekin gertatzen ari da.
Asilo politikoaz mintzatuz, noiz du pertsona batek autoritateen aurrean hori eskatzeko eskubidea?
Bi aukera daude. Bata, pertsonak mugan bertan eska dezakeena, eta bestea, lurralde barruan pertsonak bertan sartzea lortu ondoren. Lehen bazegoen aukera enbaxadetan eskatzeko, baina 2009an onartutako Asilo Legeak aukera hori ezabatu zuen, eta gaur egun babes hori ematea edo ez enbaxadan hartzen zaituen pertsonaren borondatearen araberakoa da neurria batean. Saharaz hegoaldeko Afrikan gainera, bisa eskatzen dute Europar Batasuneko edozein herrialdetara sartzeko. Beraz, bisa eskaera gehi asiloa eskuratzeko ezintasuna enbaxadan… oso aukera gutxi dira pertsonek modu seguruan babesa lortu ahal izateko, ez bada euren bizia arriskuan jarriz. Eta Estatu espainiarrera heltzen direnean kanporatuak dira zenbait kasutan.
Ahalik eta oztopo gehien jartzea da autoritateek egiten dutena. Bisaturako zailtasunak, uren militarizazioa, atxiloketa zentroak hirugarren herrialde batean, legez kanpoko kanporatzeak… Helburua da pertsonak euren herrialdeetatik ez ateratzea, ateratzen badira ez heltzea, eta heltzen badira, akusatu egiten dituzte.
CEARetik jakinarazi duzuenez, 2013an 41 asilo eskaera izan ziren Melillan. Aurten, momentuz, 9 eskaera baino ez dira erregistratu. Zer dela-eta hain alde handia zenbaki horien eta heltzen diren pertsona kopuruaren artean?
Oztopoez aparte, Ceuta eta Melillan egoera berezi bat ematen delako gertatzen da. Gobernu espainolak, 2009ko Asilo Lege berria indarrean jartzearekin batera, Schengen Akordioaren irakurketa propio bat egiten du, eta ez ditu horren barruan jasotzen bi hiriak.
Horrenbestez, bertan asiloa eskatu eta tramitera onartu zaienei ez zaie penintsulara pasatzen uzten. Ondorioz, erantzun baten zain gelditzen da jendea, urteetan, CETIn, ez aurrera ez atzera. Eskatzen dutenek amore ematen dute, eta beste batzuek noizean behin autoritateek penintsulara egiten dituzten lekualdaketak aprobetxatzen dituzte, horrek kanporatze agindu zuzena suposatzen duen arren. Bakan batzuk, bestalde, Gibraltargo itsasartera jaurtitzen dira, igerian beste aldeko kostara heltzeko.
Zer dira azkenaldian Melillako hesiaren gainean hainbeste entzun diren «kanporatze beroak» edo legez kanpoko kanporatzeak?
Pertsona batek Estatu espainiarreko lurraldera sartzea lortzen duenean Atzerritartasun Legeak eta Asilo Legeak hainbat eskubide bermatzen dizkio, eta modu irregularrean muga igaro duten pertsonak kanporatzeko prozedurak arautuak daude. Oinarrizko printzipio bat badago, ez itzularaztea, eta sistematikoki ez da errespetatzen ari. Estatu batek ezin du pertsona bat itzularazi bere bizia arriskuan dagoen tokira; kasu honetan Marokora, zeinak ez dituen giza eskubideak errespetatzen.
Zer gertatzen da kanporatuak diren pertsona hauekin?
Oso eraso larriak pairatzen dituzte Marokoko indar auxiliarren eskutik. Duela gutxi arte Aljeriako mugaraino eramaten zituzten; oso muga bortitza da, basamortua izateaz gain, bi aldeetan armada bana dagoelako, tiroka. Gaur egun ez da hainbeste kanporatzen Arljeriako basamortura, gehiago Fez edo Rabatera, komisarietara. Hemendik ateratzen direnean berriro saiatzen dira euren helburua betetzen, Europara heltzen.
CETI-k 480 pertsona har ditzake gehienez, baina gaur egun 1.600 daude eta horietatik 400 adin txikikoak dira. Barruan egoteko aukera izan duzue. Zer topatu duzue?
Egonaldiak aldi baterakoak dira, berez, han jendeak itxaron egiten du Estatuko beste zentro batzuetara mugitua izan bitartean, baina hiru urtez zain dagoen jendea topatu dugu, inorentzat duinak ez diren baldintzetan, nahiz eta bertako zuzendari eta langileak saiatzen diren ahalik eta kudeaketa onena egiteko, baina ministeriotik datozen politikekin ezin da lanik egin. Ez dut uste kasualitatea denik CETI-ren egoera eta gainokupazioa; uste dut estrategia dela neurri batean, Gobernuak esan ahal izateko inor gehiago ez dela herrialde honetan sartzen.
Irailean txostena aurkeztuko duzue jasotako informazioarekin. Zeintzuk izango dira emango dituzuen pausoak?
Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean aurkeztuko dugu, ordezkaritzaren parte izan delako. Hortik aurrera, atera ditugun oinarrizko ondorioetik –asilo eskubidearen urraketa, mafien biktima diren emakumeen babesgabetasuna, zamaketarien lan-esplotazioa eta CETI-ren gainokupazioa– tira egingo dugu, aztertzeko zein mekanismo jar daitekeen martxan erakunde publikoetatik, ez Legebiltzarretik bakarrik, baita Madriletik ere. Unibertsitate eta arlo akademikoa ere inplikatu nahi ditugu; izan ere, Melillan gurekin izan dira errealitate hau aintzat hartu eta euren lan eremuan txerta dezaten. Hortik aurrera, guk lanean jarraituko dugu.pertsona hauei dagozkien eskubideen alde.
«Marokoko emakume zamaketarien errealitatearekin topo egitea ezustea izan da guretzat»
Emakume errefuxiatu eta etorkinek Melillan bizi duten egoera eta bertara heldu aurretik jasaten duten indarkeria bertatik bertara ezagutzea zen bidaiaren helburua, baina horrez gain, emakumeen beste errealitate gogor bati erreparatu zioten CEARekin batera gerturatu diren euskal ordezkariek: Marokoko ‘emakume zamaketariak’ deitutakoen lan-esplotazioa. «Bertako erakunde publikoek ezohiko merkataritza deitzen diote, baina gure lengoaian hitz egingo bagenu, kontrabandoa esango genioke. Jende askok hala deitzen dio mugaren sarrera horri, ‘kontrabandoaren atea’», dio Leire Lasak.
Emakumeek Estatu espainoletik, Melillatik zehazki, merkantzia pasatzen dute Marokora, Nadorrera, 80 kilo eta batzuetan gehiago pisatzen duten zakuetan, bizkarrean jarrita. Egunero hiruzpalau bidaia egiten dituzte, eta bakoitzagatik bi eta hiru euro artean ordaintzen zaie. «Hau esklabotza da, ez dago inongo kontraturik, noski, eta lan eskubiderik ez dute. Imajina ezazu egoera: tenperatura horietan, ordu luzez mugan zain 8o kiloko zamarekin… guretzat sorpresa izan da errealitate honekin topo egitea».
Irailean aurkeztuko duten txostenean txertatuko dute, eta horregatik CEARek gehiago sakondu eta ikertuko du. «Egoera honakoa da: enpresari espainiar batek merkantzia mugara darama, han emakume bat hartu eta bizkar gainean jartzen dio, beste aldera eraman dezan –kontatu du–. Bi euroren truke enpresari marokoar baten eskuetan jartzea lortzen du».
Honen atzean ez enpresariak, ezta hauen merkantzia ere, ez daudela esaten duenik badago; erosketak egitera –bereziki bigarren eskuko arropa, nonbait– mugaren beste aldera igarotzen diren emakumeak direla argudiatzen dute horiek.
Autoritateek zakuetan zer daramaten ez dute galdetzen eta, Lasak kontatzen duenez, emakumeei ez zaie zakuak irekitzeko eskatzen ere. Beraz, inongo kontrolik eta ardurarik ez dago alde batetik bestera pasatzen diren kiloen inguruan. Zer dagoen igorleek eta hartzaileek baino ez dakite.
Irudikatzeko zein naturaltzat jotzen den inguru horretan praktika hau, Lasak baieztatu du Guardia Zibilak antolatzen dituela emakume zamaketarien ilarak, zain dauden bitartean. Behin Marokon, aduanako jendarmeek ez dute begiratu ere egiten.
Melillako mugan igarobide zehatz bat dago pertsona hauek pasa daitezen, “El paso del Barrio Chino” deitua. Gainontzeko guztiak, alegia, edozein hiritarrek Marokotik Melillara edo Melillatik Marokora mugitu nahi badu, Beni Enzarreko igarobidetik pasa behar du.