Aimar ESNAOLA CUESTA

Joxe Gabirondo segalari ohia haur eta gaztetxoekin aritzen da sega ikastaroak emanez Gaztelun

Herri kirolek Euskal Herrian sustrai handia dute eta esan daiteke denok ezagutzen ditugula gehiago edo gutxiago. Hala ere, ezagutza eta praktika askotan ez datoz bat, eta, hala, gaztetxoak askok gehiago aritzen dira futbolean edo frontoian. Segak, ordea, badu bere txokoa Tolosaldean.

Nahiz eta uda izan, Euskal Herrian eguzkia baino ohikoagoa dugu euria. Horrek bihurtzen ditu gure inguruak hain berde. Gure belardiak zaindu eta etxeko animalientzat belarra biltzeko, baina, norbaitek aritu behar du lanean. Hala, garai batean ohikoa izaten zen baserritarrak sega eskuan belardietan lanean jo eta su ikustea.

Gaztetxoak lan horietan aritzea, ordea, ez da jada hain ohikoa. Bada, hori Gaztelun posible da Joxe Gabirondo segalari ohiak bultzatutako ekimenari esker.

Sega munduan txapeldun handia izandakoa da Joxe Gabirondo gazteluarra: 1988an hasi zen profesionalki eta 1995ean utzi zuen. Bere esanetan, «adinez aurrera joanda nekatuta sentitzen hasi nintzen», eta, hala, kirol ibilbidea amaitutzat jo zuen. Orduan trontzan hasi zen herrian kirol talde bat sortu ondoren, eta horretan aritu zen 1997tik 2005era arte; lehenengo Aitor Esnaola herrikidea izan zuen bikote, eta, gero, honen anaia Igor. Trontzarekin amaitu ondotik, berriro ere segara itzuli zen: «Almitza sega elkarteak antolatzen dituen txapelketetan eta ligaxketan parte hartzen ibili nintzen iaz arte».

Gaztetxoekin duela hiru urte hasi zen Gabirondo: «Gaztetxoak eta ez hain gaztetxoak, ikasi nahi duen orok baitu lekua gurekin». Udaberrian egiten dute deialdia herrian, batez ere igande eguerditan haurrek eta gaztetxoek ikasteko; hala hasi ziren gazteluar gazteak segan, eta ahoz aho informazioa pasatzen joan zen eskualdeko beste herrietara. Gaur egun gazteluarrez gain, «Ibarratik, Leaburutik, Lizartzatik, Tolosatik, Zizurkiletik, Hernialdetik, Lasartetik edota Pasai Donibanetik ere etortzen dira». Dozena bat lagun inguruko taldeak izaten ditu Gabirondok bere “klaseetan”; gazteenak 10 urte ditu eta 25 bat zaharrenak. Urtetik urtera, gainera, saioak gero eta egun gehiagotan egiten saiatzen dira, jende gehiago hurbiltzen delako; izan ere, berak dioenez, «segan probatzen duen orok gero errepikatu egiten du».

Arraroa bada ere, kaleko jende gehiago hurbiltzen da baserri mundukoa baino. Gabirondoren esanetan, «herrietatik etorritako batzuek badituzte aitona-amonak edo gurasoak baserrian jaiotakoak direnak», baina, hala ere, gehiengoa baserri mundua ezagutzen ez duten kaletarrak dira. Gainera, gurasoek zer ikusi handia dute eskolaren martxan, ilusio betez eramaten baitituzte seme-alabak Gaztelura. «Askotan ikustera ere gelditzen dira eta asko animatzen dituzte etortzen jarraitzeko», dio berak. Horrez gain, antzeko beste adibiderik ez du ezagutzen segalari gazteluarrak; izan ere, «jendeak ahal duenean egiten du segan, baina, talde moduan, gu bakarrik batzen gara inguruotan».

Sega jokoa, gainera, galtzeko arriskuan dagoen herri kirola da; horregatik, «gazteak nirekin hemen ikusteak sekulako poza ematen dit», dio Gabirondok. Berak dioenez, duela 30-40 urte inguru sega ezinbesteko lanabesa zen baserrietan. Horrez gain, neguan ez ezik, urte osoan egin beharreko lana da, batez ere udan. «Lehen ez zegoen gizon-emakumerik baserrietan segan ez zekienik», gogoratu du Gabirondok. Baina hori teknologiaren sarrerarekin aldatu egin da. Traktoreek eta batez ere sega-makinek sega tradizionalaren gainbehera ekarri zuten, oraindik eta zailtasun gehiago jarriz. Izan ere, ordura arte ezinbestekoa zen lanabesa «baserriko izkina batean zintzilikatu eta herdoila hartzen» hasi zen.

Sega jokoaren etorkizunarekin kezkatuta, herri kirol hau bizirik mantentzeko modu bakarra oinarritik hastea dela uste du Gabirondok, hau da, «gaztetxoekin hastea». Gainera, berak dioenez, sega jokoa da «leku berean entrenatu ezin daitekeen kirol bakarra». Eguraldiak baldintzatzen du diziplina hau, eta, horrez gain, terrenoak berak ere prest egon behar du, belar altuarekin. Horregatik, nolabait sega berpiztu eta bermatzeko asmo biziz diraute lanean umeekin. «Gero bakoitzak nahi duen edo ahal duen moduan erabiliko du ikasitakoa», dio Gabirondok, baina, behintzat, ikasteko aukera hor egotea ezinbestekotzat jotzen du segalari ohiak.

Arazoak arazo, garrantzitsua da sega jokoa, gure herri kiroletako bat izateaz gain, Euskal Herritik kanpo ere praktikatzen den diziplina bat izatea. «Horretaz 1996an jabetu ginen», dio gazteluarrak. Izan ere, bakarrak zirela uste zuten segalari euskaldunek, baina ez da hala, Suitzan, Alemanian, Austrian, Okzitanian, Katalunian edota herrialde eskandinaviarretan ere sega jokoan aritzeko ohitura dagoelako.

Guri urrun geratzen zaizkigun lurralde horietan, baina, beste modalitate batean lehiatzeko ohitura dago: Euskal Herrian ordubete inguruko probak egin izan dira, baina gainontzekoak bi-hiru minutuko tarte motzean ibiltzen dira, «eta horrek erraztasun gehiago ematen du jendea hurbiltzeko eta segan aritzera animatzeko garaian». Gainera, herrialde garatu horietan oso sustraitua dago sega eta jarraitzaile andana hurbiltzen da sega jokoen inguruan antolatzen dituzten festetara. Horren guztiaren berri izateak, «sekulako lasaitua» ekarri zien euskal segalariei.

Gaur egun, gurean bi eratara lehiatzen da segan: euskal federazioek modu tradizionalean aritzeko txapelketak antolatzen dituzte, hau da, ordubete inguruko proba luzeak. Gabirondoren ustez, «gurean hain errotua dagoen modalitate hau mantendu egin behar da», eta, horregatik, Euskal Herri osora zabaltzeko lanetan dabiltza.

Almitza sega elkartea, berriz, Europako Txapelketan parte hartzeko ligaxka eta txapelketak antolatzeaz arduratzen da. Aurrez aipatu bezala, bigarren modalitate honetan egiten diren probak askoz motzagoak dira, bi eta hiru minutu artean egitekoak hain zuzen ere.

Txapelketetan ere buru-belarri

Sega txapelketetan oro har baserrian bizi eta bertan segan ikasitakoek parte hartu izan dute orain artean. Hori, ordea, Joxe Gabirondok aldatzea lortu du, bere eskolan segan hasitako asko lehiaketetan aritzen dira-eta egun. Azpeitian Almitza sega elkarteak antolatutako VI. Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligaxkako finala ospatu zen uztaileko azken asteburuan. Bertan, sega lehen aldiz Joxe Gabirondorekin hartutako hainbat lagun zeuden.

Gazteluko eskolan hasitako batzuk jada euren kabuz ibiltzen dira entrenatzen, «teknika guztiz menperatzen dute-eta». Beste batzuk, tartean Azpeitiko lehian izan ziren gaztetxoetako batzuk, oraindik orain Gaztelura joaten dira astero ikasten segitzeko. Horiek denak lehiaketetan ikusteak «sekulako harrotasuna eta poza sortarazten dizkit», dio Gabirondok, hutsetik hasten ikusi dituen gazteek gora iristea lortu dutela egiaztatuta.

Horiek horrela, ez da harritzekoa Joxe Gabirondo «guztiz asebeteta» sentitzea egindako lanarekin. «Emaitzak ikusteak, gainera, haurrekin jarraitzeko ilusioa eta gogoa ikaragarri indartzen dizkit», aitortu du amaitzeko egun sega irakaslea bihurtu den gazteluarrak.

Europako sega txapelketa 2015ean Azpeitian

Bi urtetik behin segaren munduak bere festarik handiena ospatzen du: Europako Txapelketa. Hurrengoa, gainera, Euskal Herrian tokatzen da, Azpeitian hain zuzen. Datorren urteko abuztuko azken asteburuan izango da berau.

Bai gizonezkoak bai emakumezkoak bakarka aritzen dira eta parte hartuko duten herrialdeak Euskal Herria, Alemania, Suitza, Austria, Eslovenia, Hego Tirol eta Bosnia eta Herzegovina izango dira. Herrialde bakoitzak hamar gizon eta bost emakume aurkezten ditu. Gainera, araudiaren arabera, gizonetatik zazpi 30 urtetik beherakoak izan behar dira, eta, emakumeen kasuan, bostetatik lau. «Harrobiak aurrera egin dezan hartutako erabaki garrantzitsua da», uste du Gabirondok.

Joxe Gabirondoren esanetan, euskal segarentzat «oso gertakizun garrantzitsua da, eta, etxean izanda, are gehiago». Kirol mailaz bestalde, ekitaldi honek jarraitzaile ugari mugitu ohi ditu. «Milaka eta milaka pertsona mugitzen dira eta hona ere mordoxka etorriko dira», ziur dio gazteluarrak. Horregatik, dagoeneko Almitza Sega Elkarteak eta Azpeitiko Udalak urte eta erdi inguru daramate lanean, bai azpiegiturak bai belardiak hain garrantzitsua den ekitaldi honetarako prest edukitzeko.