Aimar ESNAOLA CUESTA

Mikroistorio lehiaketa

Azaroaren 22a baino lehen, Durangaldeko historian emandako gertakizunen batekin lotutako istorio propioak aurkeztu beharko dira Gerediaga Elkarteak, Elkar Fundazioak eta Durangaldeko hamahiru herrik elkarlanean antolatu duten «Juan Ramon de Iturriza mikroistorio lehiaketan» parte hartzeko.

Herri askotan istorio labur edo bitxiak egon ohi dira, interesgarriak izan daitezkeenak baina liburu oso bat betetzeko lain ez direnak. Hori hala dela jakinda, Gerediaga Elkarteak, Elkar Fundazioak eta Durangaldeko hamahiru herrik elkarlanean lehiaketa hau bultzatzea erabaki dute. Durangoko Merindadeko herri horietan –Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar– gertatutako istorioek izan behar dute lehiaketan aurkeztuko diren idazlanen muina.

«Historiako kapitulu labur horiek berreskuratzea interesgarria dela uste dugu», adierazi du Gerediaga Elkarteko Jon Irazabalek. Horregatik, gertakizun horiei guztiei buruz idaztera animatzeko bultzatu dute mikroistorio lehiaketa hau.

Hala ere, garbi dago hori ez dela lehiaketa hau antolatzeko arrazoi bakarra izan, Juan Ramon de Iturriza historialariaren izena darama eta txapelketak. De Iturriza Berrizen jaio zen 1741. urteko apirilean eta Munitibarren zendu zen 1812ko irailean. Bere bizitza lan hauetan pasa zuen historialariak, hau da, inguruetako historiak artxiboetan batzen. «Bilduma bat utzi zuen de Iturrizak publikaturik, “Antigüedades de Vizcaya”, hain zuzen, eta hainbat tokitan topa daitezke bere apunteak eta testuak», diosku Irazabalek. Horregatik, historialari honek egindako lana gogora ekartzea izan da haien benetako asmoa, «jendea euren herriko anekdotak, istorio txikiak eta bitxikeriak kontatzera animatuz» horrela.

Egunero egiten den historia

Lehiaketa honen lehenengo edizioa da aurtengoa, baina haien intentzioa honek aurrera egitea da. Hala ere, badute zalantzarik Gerediaga Elkartean, horrelako gauza bat martxan jartzen den lehen aldia izanik proiektuak «porrot» egin baitezake. Hala ere, «jendearen erreakzioak zertan diren jakin nahi dugu», diote elkartetik. «Jendeak historia gertaera handiak, gerrak eta batailak baino ez direla pentsatzen du», eta ideia horren kontra borrokatu nahi dutela dio Irazabalek; izan ere, «eguneroko bizitzan egiten da historia eta gauza horiek gogoratzea merezi du».

Lehiaketaren oinarriak

Aipatu bezala, gaia librea da baina kontatutako istorioek Durangaldeko historian zehar gertatutako kontuei buruz izan behar dute; idazlanek, gainera, originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute, gehienez 12.500 karaktereko luzerarekin. Nahi beste testu aurkezteko aukera dago, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Horrez gain, parte hartzaileek adinez nagusi izan beharko dute.

Epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute: Berrizko Udalak ordezkari bat izango du, Gerediaga Elkarteak beste bat eta Elkar Fundazioak, azkenik, hirugarrena. Izan ere, Elkarren babesa lortu du eta sariak liburuengatik aldatzeko balio txartelak izango dira. «Ez genuen nahi txapelketa honetan diru truke soilik lehia zezaten», dio Irazabalek, eta historia maite duenek liburuak eta papera gustuko izango dituztela uste dutenez, sari hauek banatzea «sistema ona» dela uste dute.

Sariei buruz mintzatzen hasita, guztira 1.000 euro banatuko ditu epaimahaiak. Hiru sari desberdin egongo dira. Hauek, zehazki: 400 euroko txartel bi dira sari nagusiak, bata euskarazko idazlan onenak jasoko duena eta bestea gaztelaniazkoarentzat izango dena. Azkenik, 200 euroko hirugarren sari bat ere egongo da eta berau «Berrizko elizatearekin edo Berrizko herriarekin zerikusia duen istorio hoberenarentzako» izango da.

Azaroaren 22a izango dute parte hartzaileek lanak aurkezteko azken data, eta abenduaren 20aren inguruan emango dituzte ezagutzera irabazleen izen-abizenak. Azkenik, sari banaketa 2015eko urtarrilaren 31n egingo da Berrizko udaletxean.