Nagore BELASTEGI MARTIN

Zinemak euskaraz hitz egin nahi du, eta erakusleiho bikaina dauka Donostia Zinemaldian

Zinema euskaraz kontsumitzea batzuetan ez da batere erraza. Atzo hasi eta datorren larunbatera arte izango den Donostia Zinemaldian ere, gero eta euskara gehiago aurkitu daiteken arren, lan handia dago egiteko Bagera euskara elkartearen ustez. Ez dira kritikatzeko borondatez ari, laguntzeko baizik.

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 20 urte daramatza Zinemaldian euskara zenbateraino erabiltzen den neurtzen. Hiru arlo hartzen dituzte kontuan: alde batetik, filmetan euskarak zer presentzia duen; bigarrenik, hitzaldi, aurkezpen zein bestelako ekitaldietan zenbat erabiltzen den, eta, azkenik, idatzizko euskarrietakoa. Urte hauetan aurrerapauso handiak eman dituzten arren, asko dago egiteko oraindik.

Nahiz eta euskarazko filmen kopurua handituz joan den, portzentajeak ez dira gehiegi aldatu. «Euskarazko filmak esaten dugunean izan daitezke itzulitakoak, azpidatzitakoak edo berez euskaraz grabatutakoak», argitu du Zuriñe Gonzalez Bagera elkarteko langileak. «Lehen euskal ekoizpenerako egun bakarra izaten zen Zinemaldian, baina 2009an Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama saila sortu zuten. Orduztik, euskal ekoizpeneko zinemak bere espazioa dauka, baina horrek ez du esan nahi euskaraz direnik, askotan gazteleraz izaten baitira. Beraz, sail horrek ez du ziurtatzen filmak euskaraz izango direnik».

Zinemaldia nazioarteko jaialdia dela jakinik, hizkuntzen erabilera defendatzen du Bagerak, baina horien artean euskarak leku duina izatea nahi dute, gainontzekoen parekoa. Gabezia batzuk aurkitu dituzte, eta txosten batean azaldu. «Galetan euskara minimoa da, nahiz eta arlo horretan aurrerapenak egin diren. Duela gutxi aurkezle euskaldunik ez zen izaten. Uste dugu ekitaldi horietan aukera handiak daudela euskara sustatzeko», aipatu du Gonzalezek.

Filmen kasuan, euskaraz gozatu daitezkenak gutxi dira, are gutxiago euskaraz errodatutakoak. «Aitzakia moduan» filmen itzulpenak edota azpitituluak euskaraz egitea garesti ateratzen dela diote, eta Bagerak azpititulu elektronikoen erabilera proposatzen du. Honela eskaintzen dituzten film batzuk badaude programazioan; jo dezagun filmaren jatorrizko hizkuntza ingelesa dela eta azpitituluak gazteleraz jarri dizkiotela, baina, euskararen erabilera bermatzeko, euskarazko azpitituluak erakusten dituen pantaila ere jartzen dute.

Hala ere, hutsunerik handiena ahozkoan ageri da; alegia, prentsaurreko, aurkezpen zein mahai-inguruetan. «Langileek hizkuntza maila minimo bat izan beharko lukete, eta haien lehenengo hitza euskaraz izan beharko litzateke», azpimarratu du euskara elkarteko langileak. Zabaltegi Topaketetan, Horizontes Latinoseko gosarietan, foro digitalean edota Zabaltegiren elkarrizketetan aurrerapen handiak egin litezke aldi bereko itzulpenarekin. Zinemaldia aztertzen hasi ziren lehenengo urteetan ez zegoen euskara zekien itzultzailerik; 1998an hartu zuen parte itzultzaile euskaldun batek lehenengo urtez. Egun, batzuetan, ingelesez egiten diren galderak gaztelaniara besterik ez dituzte itzultzen eta euskaraz egiten diren galderak, berriz, ingeles zein gaztelaniara itzultzen dira.

Arlo honetan Bagerak proposamen ugari egin dizkio Zinemaldiari, ahal izanez gero egun hauetan egiten ari den jaialdian aplikatzeko edo, bestela, datozen edizioei begira aurrerapausoak egin ditzaten. «Hainbat filmen aurretik egin ohi diren aurkezpenetan euskara ez mugatzea lehenengo ongi etorriko bi hitzetara soilik. Gonbidatuek gazteleraz egingo badute aurkezpena euskara hutsez egitea proposatzen dugu. Euskaraz zein gazteleraz ez den beste hizkuntzaren batean egingo badute, itzulpenak euskarara eta gaztelerara itzultzea. Honela bi hizkuntzen arteko oreka lortuko genuke», dio txostenak. Era berean, prentsaurrekoetan, aldi bereko itzulpen-zerbitzua badenez, moderatzailearen hizkuntza euskara izatea proposatzen dute.

«Gertatu ohi da ekitaldiren bat ingelesez denean inor ez kexatzea, baina euskaraz denean jendeak eskatzea gaztelerara itzultzeko. Guk euskara normaltzat hartzea nahi dugu», aldarrikatu du.

Idatzizko materialari dagokionez, kartelak eta banatutako informazioa hartzen dituzte kontuan, baita «Zinemaldia» egunkaria ere, Zinemaldiko egunetan banatzen dutena. «Kaleko jendearengana iristen da», arrazoitu du Gonzalezek, produktu honek duen garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, bertan euskarazko testuak ez dira sail guztietan ageri, eta, gainera, artikuluen %20 besterik ez dira euskaraz. Egunkari honetan gaztelerazko eta ingelesezko testuak ere badaude, beraz, oreka bat lortze aldera, testuak hiru hizkuntzetan itzultzea edota espazioa falta bada, hizkuntzak tartekatzea.

Euskarak Zinemaldian merezi duen presentzia izan dezan lanean jarraituko du Bagerak aurten. Donostiako areto eta ekitaldietan izango dira langileak, zein hizkuntza erabiltzen duten behatzen, ondoren txosten bat osatzeko. Baina Zinemaldiaren tamainako jaialdi batean begi eta belarri guztiak dira gutxi. Horregatik, beste behin, bertaratzen direnei laguntza eskatu nahi diete. Ikerketan parte hartu nahi duten zinemazaleek email bat bidali beharko dute bagera@bagera.net helbidera ikusi eta entzun dutena kontatuz. Arreta berezia jarri beharko dute langileek zer hizkuntza erabiltzen duten (ea euskara lehen hizkuntza bezala erabiltzen duten ala ez, edota, nahiz eta lehenego aukera bezala ez erabili, euskaraz badakiten), baita filmen ezaugarriei ere (hizkuntza eta azpitituluak). Film horren aurretik edo ostean aurkezpen edo solasaldirik izanez gero, interesgarria litzateke aipatzea zein hizkuntzatan mintzatu diren eta ea euskarazko itzulpenik egin den, edota euskarari zer nolako garrantzia eman zaion.

«Loreak» Sail Ofizialean

Aipatutako gomendioez gain, beste hainbat ere eman ditu elkarteak txostenean: sailen izenen arteko oreka mantentzea euskarazkoa bermatuz; jaialdiaren inguruan dauden iragarle anitzei Donostiako egoera linguistikoa azaltzea eta euskara normaltasun osoz erabiltzera animatzea; eta aurreko urteko euskarazko pelikulen kopurua handitzea.

Honen harira, Bageraren txostenak bi alderdi positibo azpimarratzen ditu. Lehenik, iaz Kontseiluaren ekimenez sortu zen euskarazko film laburren lehiaketa aurten ere programatu izana eta, gainera, egitarau ofizialetan gehitu izana “Euskaraz Bizi Nahi Dut” dinamikarekin bat eginez. «Nahiz eta egitarau ofizialean sartu, iruditzen zaigu lehiaketako filmak oso euskaldunak direnentzat besterik ez direla gelditzen, hau da, ez zaizkiola publiko orokorrari iristen», iritzi dio Bagerako kideak.

Beste alde batetik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko “Loreak” pelikula, euskaraz errodaturikoa, Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da. Lehen aldia da euskarazko film bat sail gorenean dagoena. «Film hori zabaldu egingo da, eta gure helburua da euskara edonon normaltasun osoz aurkitzea. Film hori Sail Ofizialean egoteak garrantzia emango dio hizkuntzari», esan zuen.

“Loreak” euskaraz eskainiko dute gaztelerazko azpitituluekin eta ingelesezko azpititulu elektronikoekin. Irailaren 23an 9:00etan eta 22:00etan ikusi ahal izango da Kursaal aretoan; hilaren 24an, 18:15ean Victoria Eugenia antzokian, eta 25ean, 23:15ean Antiguo Berri zinema aretoan.

Animaziozko filmetan eta haurrentzat direnetan, euskara gehiago

“Loreak” Zinemaldiaren historian Sail Ofizialean euskara hutsean eskaintzen den lehenengo filma izango da. Moriarti Produkzioak ekoizpen-etxe gipuzkoarrean landutako lana da, aurretik publikoarentzat kuttunak izan diren bestelako filmak egin dituena (“80 egunean”, “El método Arrieta”...). Horregatik, publikoaren interesa piztu du eta sarrerak azkar ari da saltzen. Sail Ofizialean euskarazko zinemaz gozatu nahi duenak aukera gehiago dauzka. Arreta eman duen euskal ekoizpeneko beste pelikula bat Pablo Maloren “Lasa eta Zabala” da, euskara eta gaztelera tartekatzen dituena.

Alde batetik, Moriarti Produkzioak ekoizpen-etxeak jaialdian aurkeztuko duen beste filma dugu (laburra, kasu honetan), “Zarautzen erosi zuen”, Zabaltegi sailekoa (irailaren 20, 21, 22, 26 eta 27an ikusi ahal izango da hiriko hainbat zinema aretotan). Sail berean, Koldo Almandozen “Hubert Le Blonen azken hegaldia” animaziozko film laburra dago. Azken hori irailaren 21an , 22an, 23an, 24an eta 27an eskainiko dute beste film batzuei lagunduz. Belodromoan “Dixie eta matxinada zonbia” euskarazko animazioa eskainiko dute irailaren 21ean 18:00etan. “Friends: Mononokeshima no Naki” lanaren itzulpena ikusteko, berriz, aukera gehiago izango dira (19an, 22an bi saio, 23an, 24an, 25ean eta 26an).

Euskara hutsean eskainiko dituzten gainontzeko filmak haurrentzako zinemako sailaren barnean daude: “Walking with Dinosaurs”, “Tarzan”, “The Nut Job” eta “L’extravagant voyage du jeune et prodigieux T. S. Spivet” (iaz Sail Ofizialean aurkeztu zen filmaren itzulpena). Azkenik, euskara gaztelera zein frantsesarekin nahasten dituzten beste hiru film daude euskal ekoizpeneko zinemari eskainitako Zinemira sailean: “Ateak zabalduz”, “Los tontos y los estúpidos” eta “Notas en movimiento”. Amaitzeko, euskarazko azpitituluak zein azpititulu elektronikoak diztuzten film batzuk ere badaude.