Maider EIZMENDI

Egoera hobetuagatik, gertatzen diren heriotza asko saihestu daitezkeela uste du Unicefek

Zenbakiak onak dira. 1990az geroztik erdira jaitsi da bost urtez azpiko haurren heriotza kopuru absolututan. Oraindik, baina, gehiegi dira bizitzako lehen urteetan hiltzen diren haurrak: 6,3 milioi. Unicefek kaleratu duen txostenean, gainera, heriotza asko saihestu daitezkeela aipatu da, besteak beste, erditzeko unean emakumeari osasun arreta bermatuta.

Urtean bost urtez azpiko 6,3 milioi haur hiltzen dira munduan
Urtean bost urtez azpiko 6,3 milioi haur hiltzen dira munduan

Azken urteetan nabarmen handitu da haurren biziraupen tasa. Unicefek argitaratu berri duen txosten baten arabera, 1990az geroztik bost urtez azpiko haurren heriotzen kopuru absolutua erdira murriztu da. Urte hartan 12,7 milioikoa zen kopurua, eta, egun, berriz, 6,3 milioikoa.

Bizitzako lehen egunek osatutakoa da, “Haurren biziraupen konpromisoa: berritutako promesa” izenburupean kaleratu den txostenaren arabera, heriotza arrisku handieneko epea. Izatez, urtero 2,8 haur hiltzen dira munduan jaio eta lehen 28 egunetan. Milioi bat haur ez dira jaio eta bigarren egunera iristen.

Aurreratu da, baina askoz gehiago aurrera daiteke, zailtasun handirik ez duten beste neurri batzuk hartuz gero. Izan ere, horixe da txosten honen ondorio nagusienetariko bat. Erditzeko unean osasun sistemek izaten dituzten akatsak dira, hain justu ere, heriotza hauen arrazoi nagusienetariko bat. Herrialdeen arteko desberdintasunak eta aberats eta txiroen artekoak ere nabarmendu nahi izan ditu lan honek.

Haurdun dauden emakume askok ez dute, izan ere, gutxienekotzat jotako mediku laguntzarik jasotzen. Aberastutako herrialdeetan ohikoa da haurdunaldian amaren eta haurraren egoera kontrolatzeko medikuarengana hainbatetan joatea. Gutxienez lau azterketa egitea gomendatzen dute adituek; emakume askok, baina, ez du gutxiengo hori betetzeko aukerarik.

Besteak beste, hiltzen diren jaioberrien heriotzetatik lautik bat erditzeko orduan bertan sortutako arazoekin lotuta daude. 2012an jaiotako haurren hirutik bat inolako laguntza medikurik gabe munduratu zen.

Txostenak jaso du amaren heziketa mailak eta haren adinak harreman zuzena dutela haurraren biziraupen tasarekin. Datuek diotenaren arabera, inolako heziketarik ez duten emakumeen seme-alaben kasuan heriotza tasa bigarren mailako hezkuntza edota goi mailakoa jaso duten emakumeen haurren bikoitza da.

Osasunerako sarbidea

«Datuek diote haur batek bizirauteko duen aukera askoz ere handiagoa dela bere amak haurdunaldian eta erditzeko unean osasun arreta iraunkorra duenean», azaldu du Geeta Rao Gupta Unicefeko zuzendari exekutiboak. «Dauden tokietan daudela, emakumeek osasun baliabideak osoki erabiltzea eta amaren eta osasun arloko pertsonen arteko harremanek fruituak ematea ziurtatu behar dugu. Ahulenengana iritsi ahal izateko ahalegin berezia egitea behar-beharrezkoa da», nabarmendu du adituak.

Pertsonek mediku zerbitzuetara duten sarbidean desberdintasuna handiak daude gaur-gaurkoz garatze bidean dauden herrialdeetan. Hala uste du erakundeak. Egoera ekonomiko onean dauden etxeetako emakumeek hiru aldiz aukera handiagoa dute erditzeko unean laguntza medikua jasotzeko egoera ekonomiko eskasean dauden etxeetan bizi direnek baino.

Estrategia zehazteko unea

Hobetzeko asko badago ere, Unicefen txostenak agerian utzi du bost urtez azpiko haurren heriotzaren oinarrian dagoen desberdintasun maila murrizten ari dela etengabe. Izan ere, Saharaz hegoaldeko herrialdeetan izan ezik, gainerako herrialde guztietan haurren heriotza murrizten ari da biztanleriaren sektore pobreenetan, eta aberatsenetan baina azkartasun handiagoan gainera. Esanguratsuago den beste datu bat eman du halaber Unicefen argitalpenak: mundu mailan baliabide gutxien dituzten pertsonen artean ari dira gertatzen biziraupen mailan aurrerapen handienak.

«Itxaropentsua da oso haurren biziraupen mailan desberdintasun tartea etengabe murrizten ari dela ikustea», iritzi dio Guptak. Hori bai, aurrera begirako neurrien garrantzia bera ere mahaiaren gainean jarri du: «Une honi probetxu atera behar diogu eta baliabideak etxe txiroenetara eramango dituzten programak bultzatu behar ditugu; ahalik eta haur gehien salbatzea helburu duen estrategia global bat bultzatu behar dugu».