Eleno Alkain eta Saioa Aginako

Entzun nazazue arren

Ohartu gabe nire bizitza bide ilun batean sartuta ikusten dut. Nire egunerokotasuna poliki-poliki erabat aldatu zait, hainbat gertaerek indarra hartu ondoren. Errealitatearen koloreak kolore bakarra du: beltza.

Denbora daramat behar den bezala jan gabe, gosearen sentsazioa nolakoa den ez dut gogoratzen, eta, egia esan, ez zait inporta. Irria zer den ere ahantzia dut, eguneroko gertaerek tristurara naramate. Loaren plazera bizitu gabe hilabeteak daramazkit. Horren ordez erlojuaren orratz txikiaren musika gaueko sinfonia bihurtu da. Eguneko ordu gehienak ohe barruan ematen ditut. Egunek eta gauek, gauek eta egunek orden zehatzik ez dute. Nirekin eta munduarekin ditudan bataila handienak nire gelan, nire ohearen lubaki honetan ematen ditut. Babes leku bakarra dut, bertatik munduari so nago.

Metro bat eta hirurogeita hamar zentimetro naiz. Eta berrogei kilo. Hamasei urte egin berriak ditut. Bizitzari irrikatan begira beharko nuke, baina, tamalez, bizitzak aspaldian ez dit begi onez begiratzen eta nik ere inori eta inora begiratzeko gogo handirik ez dut. Denek argalegia nagoela diote. Nire familiak, esaterako, gaixorik nagoela behin eta berriz errepikatzen dit, beste konturik ez dute. Zer nahi dudan, zer etorkizun nahiko nukeen, zeintzuk diren nire desioak... horretaz guztiaz ez didate galdetzen. Itxuraz, gaixotasunaren izenak eta izanak gaina hartu dio beste guztiari. Hamaika bider medikutan, psikologotan ibilitakoa naiz. Beraiek anorexia diagnostikatu didate. Halako batean pertsona, gizakia, beraientzako ere desagertu egin da, ezabatu egin dute. Seguru nago ez direla nire izenaz ere gogoratzen.

Non dago hainbeste aldarrikatzen duten enpatia? Non dago entzumenerako gaitasuna? Diagnostikoa, beraien errealitate bakarra bilakatu da, hona hemen beraien egia zientifikoa, egia bakarra: anorexikoa naizela. Eskaintzen didaten irtenbide bakarra aholkuak eta teoriak dira. Bitartean aholkuek eta teoriek ez didate ezertarako balio, ez didate ezertan laguntzen. Arazoak bere horretan darrai: gizenegi nago.

Errealitate bakarra hauxe da; ispiluaren aurrean gauza bakarra ikusten dut: kilo gehiegi dauzkat. Gustukoa ez dudan fisikoa aldatzeko ahaleginak egiten ditut. Argaltzeko irakurri ditudan edo kontatzen dizkidaten formula guztiak sutsu betetzen ditut: kirola, esaterako, ahal dudan guztia egiten dut; irensten ditudan jakien kaloriak zorrotz ezagutzen ditut; jan ere apenas jaten dut, eta, gainera, janariak sabelera iritsi orduko kaleko bidea hartzen du. Nola egin, zer egin soberan dudan karga kentzeko.

Pertsona guztien ahotan nago, pertsona guztien begiradapean nago, herriko etxe guztietan sartu naiz, nik eskatu gabe. Hain zaila al da ni ulertzea? Askotan pentsatzen dut onena nire burua erditik kentzea litzatekeela. Merezi du horrela bizitzeak?

Zuek ere nire antzekoak zarete, zuek ere itxuraren morroi zarete. Han eta hemen esaten den guztia buru-belarri betetzen duzue; modari fermuki jarraitzen diozue, teknologiak ateratako azken gailuaren berri ezagutzen duzue eta denbora gutxira bere esklabo zarete, egia absolutua balitz bezala prentsak dioena sinesten duzue... Zer gehiago behar duzue gaixorik zaudetela sinisteko?

Nik ere aholkuak eman ditzaket zuen gaixotasuna sendatzeko, baina bizitzak erakutsi dit aholkuek ez dutela ezertarako balio. Aholkuen beharrik ez dut, ezta diagnostikoen beharrik ere. Entzuna izatea da behar dudan gauza bakarra. Ni ere pertsona naiz, nik ere begietatik malkoak isurtzen ditut, bakardade momentuetan besteen presentzia nahiko nuke. Ez dut gauza handirik eskatzen. Entzun nazazue arren, entzun nazazue arren. •

durundia@gmail.com