2014/09/27

Euskal herritar ugarik segitu dute gertutik Eskoziako erreferenduma

Eskozian independentziari buruz bozkatu berri dute herritarrek hilaren 18an. Normaltasun osoz gauzatu dute eskoziarrek erabakitzeko eskubidea. XXI. mendean eta Europar Batasunaren baitan. Eta ez da inolako hondamendirik izan. Hori da erreferenduma gertutik bizi izan duten euskal herritarrek nabarmentzen dutena.

Martxelo DIAZ ARISTIZABAL
Pd04_f02

Erabakitzeko eskubidea gauzatu egin dute. XXI. mendean eta Europan bertan. Eta ez da ezer gertatu. Egin nahi zuten eta egin dute. Hori da hilaren 18an Eskozian burutu zen erreferenduma gertutik bizi izateko aukera izan zuten euskal herritarrek nabarmentzen dutena, eskubide bat gauzatzeko aukera izan zutela. Galdeketaren emaitzak, berriz, samintasun pittin bat utzi du.

EH Bilduk ordezkaritza zabala bidali zuen Eskoziara. Guztien buru Josu Juaristi europarlamentaria izan zen, eskoziarrek azken urteotan bizitako prozesua gertutik ezagutzen duen hautetsia, aldez aurretik, adibidez, SNPk udaberrian egin zuen konferentzian izan zelako.

Ordutik hona, aldaketa nabarmen bat nabaritu du Juaristik Eskozian. Lehen, independentziaren aldarria ia-ia alderdi bakar batek, SNPk, egiten zuen. Erreferenduma ospatu zenean, berriz, herritar askoren helburu zen. Erro sakonak dituen mugimendu bat osatzeko gai izan dira eskoziarrak hilabete gutxiren bueltan. «Yes-aren aldarrikapena oso ofiziala zen hasiera batean. Eskoziako Gobernuan dagoen alderdiak eskatzen zuen zerbait bezala ikusten zen. Ondoren, baina, ezkerra mobilizatzen hasi zen eta mugimendu bat jarri zuten martxan. Ez zen soilik Gobernuan zegoen alderdiak eskatzen zuen zerbait, herritar ugariren nahia islatzen zuen aldarrikapena baizik», adierazi du Juaristik Bruselatik.

Aurrerapauso itzela da aipatutako aldaketa etorkizunean Eskozia burujabe bat ikusteko bidean. Bildu-Herriek Erabaki koalizioko europarlamentariak gogoratzen duenez, duela ez hain gutxi independentziaren aldeko jarrera %20an baino ez zen kokatzen. Erreferendumean %42ra heldu zen, parte hartze itzelarekin eta Londresek orain arte inoiz egin gabeko promesen erdian.

Mugimendu horri eustea da, hain juxtu, datozen urteotan eskoziarrek izango duten erronketako bat, independentziaren aldarrikapena lortzeko ziurrenik egingo den bigarren saiakeran garaile atera ahal izateko. Bigarren saiakera hori emango dela konbentzituta dago Juaristi. Eskozian herritar ugarirekin harremanetan izateko aukera izan zuen. «Gazteek argi zuten bigarrengoan independentzia lortuko dutela. Oraingoan, gauzak beharbada azkarregi egin behar izan dituzten sentsazioa zuten», dio. Irailaren 18an ikasitakoa bigarren aukera horretan gauzak hobeto egiteko ezinbestekoa izango da.

Dena den, eskoziarrek gauza asko eginak zituzten irailaren 18an estatu propioa bat izateko. «Ezezkoaren garaipena pena izan da. Egia da aurrerapausoa eman dutela, baina independentzia lortu izan balute eman beharreko pauso guztiak emanak izango zituzten jada», nabarmendu du Juaristik.

Independentziaren ondoreko egunerako gauzak dagoeneko prest zituztela azpimarratu du Juaristik. Baiezkoaren aldeko kanpainaren erdian, estatu propio baten egituraketa nola eman ere erabaki dute azken urteotan independentziaren aldekoek. Estatu horren diseinua egina zegoen, hein handi batean. Eskozia independenteak zaborrak nola bilduko zituen edota zerga sistema nolakoa izango zen zehazten zuen plangintza egina zegoen jada. Proposamen oso bat.

Proposamena lantzeko, korporazio eta enpresa handiengana jo zuten independentistek. Eta elkarrekin etorkizuneko Eskoziarekin izango zuten konpromisoa nolakoa izango zen zehaztu zuten. Horrekin batera, herri txikietan biztanleek euren ekarpenak egiteko aukera izan zuten prozesuan zehar. Horri esker, ezkerreko ikuspegi batean txertatzen diren aldarrikapen ugarik izan zuten tokia Eskozia independentearen egituraketa proposamenean, adibidez pobreziaren aurkako borrokak edota Londresko kontserbadoreek ezarritako murrizketa sozialen kontrako neurri zehatzek.

Euskal Herri osoko hautetsiak biltzen dituen Udalbiltzako Nazioarteko arduradun Maite Iturre ere Eskozian izan zen hilaren 18an. Erabaki garrantzitsu baten aurrean izanagatik Eskozian erreferenduma lan egun batean egitea nabarmen harritu zuen Baztango zinegotzia. «Erreferendum eguna lanegun arrunta zen, ortzeguna, hortaz, herriaren martxa ia bertze edozein egunetakoa zen. Hauteskunde mahaiak goizeko zazpietan ireki eta gaueko hamarretan itxi zituzten», azaltzen du.

Eskoziako arauek ez dute hauteskunde mahaietara hurbiltzen uzten, eta, ondorioz, Iturrek atariko giroa baino ez zuen bizitzerik izan. «Baietzaren zein ezetzaren aldeko kartelak egoteaz gain, bi aldeetako aktibistak zeuden. Horixe ere ezberdintasun nabarmena da gurearekiko. Bertan ez dago hausnarketa egunik eta bozketa egunean bertan posible da hauteslekuaren atarian ordezkari politikoak izatea. Giroa erabateko normaltasunekoa, lasaia zen; ez zen sumatzen tentsiorik baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko ordezkarien artean. Adin guztietako jendea joaten zen bozkatzera, emakume zein gizon», kontatu du.

Arratsaldean Edinburgoko langile gune batean, Craigmilar auzoan, izan zen Iturre. «Bertan, baietzaren aldeko herritarrek egindako kalejira bizi ahal izan nuen. Oso ekitaldi alaia izan zen, eta Edinburgoko bertze errealitate bat erakusten zuen: langileek bizi duten egoera larriaren aurrean independentzian bertze eredu sozioekonomiko bat ahalbidetuko lukeen markoa ikusten zuen jendearena, alegia. Bertan, haur txikiak zituzten sendiak, ezinduak, etorkinak... oso presente zeuden», azaldu zuen Udalbiltzako kideak.

«Inkestek dagoeneko aurreikusten zuten lehia estua izanen zela. Azken emaitzek erakutsi zuten inkestetan erabakia harturik ez zutela esaten zuten horietako askorengan Londresetik zabaldu zen izuaren mezua gailendu zela. Edonola ere, bozketaren emaitza normaltasun demokratikoz hartu zuten eta hartu dugu», dio Iturrek erreferendumaren emaitzak aztertzeko orduan.

Erabakiak erabaki, Eskozian gertatutakoaren balorazio oso positiboa egiten du Udalbiltzako presidenteordeak. «Izan ere, erabakitzeko eskubidearen egikaritzeak berak baieztatu du aldarrikapen nazionalei bide emateko tresna demokratikoak erabat gauzagarriak direla. Areago, herritarrak, aukera batekoak zein bertzekoak, ahalmentzeko prozesuak garatzeko balio dute tresnok», gaineratu dute.

«Eskozia nazio gisa aitortuta dago eta nazio gisa, herri gisa dagokion erabakitzeko eskubidea egikaritzeko aukera izan du. Euskal Herrian oso bertzelakoa da bizi dugun egoera, hasteko eta behin Madrildik zein Parisetik gure nazio izaera etengabe ukatzen delako, are gehiago gure erabakitzeko eskubidea. Ukazioa da Espainia eta Frantziaren erantzuna errealitate eta eskaera nazionalen aurrean, euskal kasuan zein oraintxe bertan Katalunian ikus dezakegun bezala», gaineratu du Iturrek.

Antzeko iritzia du Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusi Pello Urizarrek, Erresuma Batuaren eta Estatu espainolaren jarrera zeharo ezberdinak gogoan. «Herriari hitza eman eta erabakitzeko eskubidea gauzatu dute Eskozian», nabarmendu du.

Juaristik bezala, Eskozian jendartearen parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Urizarrek, eta Katalunian ere ia bi milioi lagun Diada egunean Bartzelonako etorbideetara atera zirela gogoratu du. «Eskozian beste modu batean antolatu dute, baina independentziaren aldarrikapena alderdiez harago joan den zerbait izan da», esan du.

Jendarteari hitza ematearen beharrarekin batera alderdiek ere lan mardula dutela gaineratzen du Urizarrek.«Oso garrantzitsua da herriari hitza ematea. Jendeak independentziari buruzko iritzia emateko aukera izan du Eskozian, inola bertigorik gabe gainera. Erabaki hori ematen denean, alderdiek eta erakundeek izugarrizko lana izango dute. Baina ez zaio beldurrik izan behar herriari galdetzeari», nabarmendu du.

Eskoziako esperientzia aztertzerakoan, hedabideen papera gogora ekarri du Urizarrek. «Eskozian ez da izan independentziaren alde azaldu den komunikabide nagusirik. BBCk berak ere, komunikabide publikoa izanagatik, jarrera neutroa hartu zuen. Komunikabideek eta kazetariek izugarrizko garrantzia dute informazioa ahalbidetzeko eta zabaltzeko. Beldurraren mezua zabaldu zuten unionistek», gaineratu du.

Sortuko kide Maribi Ugarteburu ere Eskozian izan zen erreferenduma gertutik jasotzeko, eta, Urizarrek dionaren ildotik, han bizi izan zena bi jarrera desberdinen eztabaida ideologiko eta komunikatiboa izan zela aipatu du. «Joko politikoa izan zen. Estatuak jarrera bat defendatzen zuen eta independentistek beste bat. Bakoitzak bere argudioak defendatu zituen eta hautestontzietan erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten. Europan eta XXI. mendean horrelakoak posible direla argi eta garbi frogatu dute», esan du.

Emaitza baloratzeko garaian Ugarteburuk porrota ez dela izan azpimarratu du. «Ez da inolaz ere porrota izan. Ziklo berri bati ekiteko prest daude Eskozian. Beldurra bazegoen ezetza nagusitzeko, inkestak oso estu zeudelako. Baina independentziaren aldeko indarrak izugarri metatzeko gai izan dira. Bi urteko lana egin dute, eta gogoratu hasiera batean independentziaren aldeko jarrerak hogei puntu gutxiago zituela», nabarmendu du.

Eskozian gertatutakoak datozen urteotan Europa osoan eta Euskal Herrian bertan ere eragina izango duela uste du Ugarteburuk. «Ziklo oso laburretan gertatzen ari den zerbait da. Bi urteko prozesua izan da. Eta erreferenduma izan zenetik apenas astebete pasa denean, hasiak gara jada emango dituzten pausuak zeintzuk izango diren aztertzen. Dena den, indarrak metatu dituzte. Lehen independentzia alderdi baten aldarrikapena zen. Orain, sozialistek, komunistek, feministek, berdeek, gazteek... egin dute bat aldarrikapen horrekin. Izugarrizko kapital politikoa lortu dute, eta, beraz, hurrengo ziklorako lurra erein dute», nabarmendu du Sortuko kideak.

«Inbidia puntu bat» sentitu zuela onartu du Aralarreko Jon Iñarrituk. «Harritu ninduen ikusteak zein erreza den normaltasun guztiz independentzia erreferendum bat egitea. Guretzat teorian hain konplexua dena ikusi genuen posible eta erraza dela», nabarmendu zuen Amaiurreko diputatuak.

EAJk ere ordezkaritza bidali zuen Eskoziara erreferendum egunean, Andoni Ortuzar buru zutelarik. Alderdiaren Atzerriko batzordearen arduradun Jose Maria Etxebarriak adierazi duenez, egun horretan bizi izan zuten «normaltasuna» da nabarmenena. Kanpotik heldutako kazetariak eta estaturik gabeko beste nazioetako bisitarien presentzia nabaria izan ziren egun normala ez zela erakusten zuten zantzu bakarrak.

«Eskozian bizi izan dugun esperientzia aberasgarria izan da. Erreferendumaren aurreko egunetan giro lasaia eta baketsua izan zen nagusi. Eskozian galdeketa egiteak kalte baino onura gehiago ekarri dituela esan genezake. Elkarrizketa, negoziaketa, akordioa eta erreferenduma da bidea», uste du Etxebarriak.

Aitor Agirrezabal kazetari nafarrak gertutik bizi izan du Eskoziako prozesua azken hilabeteotan. «Erreferendumaren kanpaina eskoziar gizartearen isla izan da. Uda hasi bitarte, inork ez zukeen esango hiru hilabeteren bueltan berebiziko erabakia hartzera zihoazenik. Ez da apenas meeting edo agerraldi publikorik egin, azken astean kenduta. Badakit konparazioak ez direla zilegi, baina, Euskal Herritik etorrita, ezinezkoa da guk beste era batean biziko genukeela ez pentsatzea: megafonoak, enkarteladak, mobilizazioak... Hori guztia faltan bota dut, baina eskoziarrak halakoak dira», esan du Edinburgotik.

«Hemendik aurrera ikusiko da. Eskoziarrek argi dute aldaketa nahi dutela. Baina Londresen esku utzi dute aldaketa hori. Londres ere badirudi ez dela ados jartzen devolution formularekin eta Salmond berak independentziarako beste bide batzuk badaudela esan du jada...», aurreratu du.

Elkarren arteko zubiak eraiki behar dira

Eskozian egin duten bezala, Sakanako Etxarri Aranatz herrian ere egin zuten independentziari buruzko galdeketa joan den apirilean. Ez zen ofiziala izan, baina herritarren parte hartzearekin antolatu zen ekimena.

Manu Gomez, galdeketaren antolakuntzan aritu zen etxarriarra, Eskozian izan zen hilaren 18an. Bat dator «normaltasuna» nabarmentzerakoan, baita erabakitzeko eskubidea gauzatu dela esateko garaian ere. Ados da ere Madrilek eta Parisek duten jarrera eta Londresek erakutsi duena ez direla berdinak esaterako garaian.

Baina, horretaz guztiaz harago, lehian aritu ziren bi aldeek elkarri erakutsitako errespetua nabarmendu du. «Baietzak edo ezetzak irabazi, garaileek festa egingo zutela espero genuen. Gurean horrela izango zen, garaipena behintzat ospatuko zuen irabazleak, bi aldeetako edonor izanda ere. Han ez. Emaitzak goizean goiz jaso genituen hotelean, eta kalera atera ginen ezezkoaren aldekoak ospatzen egongo zirelakoan. Baina ez, normaltasuna zen nagusi», azaldu du.

Eskozian bizi izan dutena Euskal Herrian ere posible dela uste du Gomezek, baina, estatuen jarreratik harago, euskal jendartean jarrera desberdinak defendatzen dituztenen artean zubiak eraikitzearen beharra nabarmendu du. «Orain ez dugu zubirik», onartu du.

Duela gutxi Eskozian independentziaren aldarrikapena alderdi bakar baten kontua zela baina orain horren inguruan mugimendu anitza antolatu dutela nabarmendu du Josu Juaristik

«Emaitza ez da inolaz ere porrota. Ziklo berri bati ekiteko prest daude eta independentziaren aldeko indarrak izugarri metatu dituzte», nabarmendu du Sortuko Maribi Ugarteburuk

Eskoziako prozesuak aldarrikapen nazionalei bide emateko tresna demokratikoak gauzagarriak direla frogatzen du Udalbiltzako presidenteorde Maite Iturreren ustez

«Guretzat teorian hain konplexua den zerbait, independentzia erreferendum bat antolatzea, zein errez egin duten ikusteak harritu egin ninduen», onartu du Aralarreko Jon Iñarrituk