Beñat ZARRABEITIA ASENSIO

Futbolaren faktoriatik bizitzaren eskolara

Asko dira urtero Lezamara heltzen diren neska-mutilak, baina gutxi batzuk dira futbola etorkizuneko ogibide bilakatzen dutenak. Are gutxiago Lehen Mailako izar bilakatzen direnak Athleticen bertan. Askok Euskal Herritik kanpo joan behar izan dute profesionaltasunera iristeko. Orain, motxila esperientziaz beterik dakartela, euretako batzuk etxera itzuli dira eta aurrerantzean bestelako lanbide batzuetan aritzea pentsatzen ari dira.

Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS
Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS

Santutxuko Karmelo ikastolako eraikin zaharrean eman zituen Asier Ormazabalek lehen urratsak. Patioko paretaren eta porlanaren artean hasi zen jokatzen, eta, 10 urte zituela, auzoko futbol taldera salto egin zuen, Maionako zelaira. «Garai hartan Athleticek ez zuen kimu talderik, eta Santutxu, Danok Bat, Arenas eta beste hainbat taldetako jokalariek selekzio antzeko bat osatzen genuen», gogoratu du. Horrela izan zuen San Mames zelaiko belarra zapaltzeko aukera izan zuen. «Canal + telebista kateak antolatzen zuen Goligol lehiaketan parte hartu genuen; ia baloia altxatzeko indarrik ez nuen kasik, baina San Mamesen jaurtiketak egitea esperientzia polita izan zen. Ondoren, Bruneteko lehen txapelketan parte hartu eta urtebete egon ginen Lezaman entrenatzen, haurren kategoriara heldu arte. Une horretan egin genuen salto Santutxutik Athleticera».

Ez zen aldaketa erraza izan: «Nahiko gogorra egin zitzaidan urte hori. Aldaketa ugari: Karmelo ikastolatik Kirikiñora pasa nintzen, eta etxetik ikastolara eta handik Lezamara joaten nintzen ia egunero. 12 urterekin handia zen bizkar gainean neraman zama. Taldekideak baino geroago garatu eta hazi nintzen fisikoki, eurak baino urrats bat atzerago nengoela sentitzen nuen. Azkenean, Santutxu taldera itzuli nintzen eta gauzak dezente aldatu ziren. Asko gozatu nuen bertan, eta, urte batzuk geroago, Athleticera itzultzeko aukera izan nuen».

Zubi Zahar ikastolako jolastokia eta Debako hondartza txapelketakoak dira Aritz Solabarrieta ondarroarraren lehen oroitzapenak. Arrantzale baten semea, Lezamako harrobian sartu zen unea gogoan du: «Niretzat ilusio handia suposatzen zuen Athleticen jokatzeak, 12 urte nituen eta poz handia hartu nuen, baina gehien gogoratzen dudana amaren beldurra zen, gauzak ez bazihoazen ondo hartuko nuen kolpearengatik». Bere kasuan, aldaketak laster igarri ziren: «Deriora bizitzera joatea ekarri zuen aldaketak, aste osoa bertan ematen nuen, bizi eta ikasten. Nahiko gogorra izan zen hasieran, baina merezi izan zuen. Hori bai, eskerrak astebururo ama bila etortzen zela!».

Egoitz Jaio eta Andoitz Galdosentzat «normaltasuna» izan zen nagusi jauzia ematerako orduan. Aurrenekoa Lauaxeta ikastolan trebatu zen, ondoren Abadiñoko taldera helduz. Bertatik, jada 15 urterekin, Athleticek fitxatu zuen. «Ikasketetan berdin jarraitu nuen, ez nuen arazorik izan. Goizetan ikasten nuen, eta, arratsaldetan, entrenatu. Eskualdeko jende asko egon da beti Lezaman, alboko gelako mutil bat ere han zegoen, lagunek Durangoko Cultural taldean jokatzen zuten eta ni ez nintzen eurak baino gehiago, ezta eurak ni baino gutxiago ere». Hasieratik oso garbi izan zuen bidea ez zela erraza izango: «Nik ez dut inoiz pentsatu Athleticeko lehen taldean egongo nintzenik. Gustuko nuelako jokatu eta entrenatzen nuen, ez beste ezerengatik». Kasik bi hamarkada igaro dira geroztik eta hausnarketari segida ematen dio: «Ondoren ikusten duzu Lezaman edo Lehen Mailako taldeen beste harrobi batzuetan ez egon arren, bertako futbolari batzuk profesional izatera iritsi direla, baita Athleticen bertan ere. Hori bai, lagundu egiten du, eta, nire kasuan, Lezaman egon izan ez banintz ziurrenik ez nintzateke inoiz Bigarren Mailan jolastera iritsiko».

Laudioko guraso kuadrilla batek antolatutako talde batean kokatzen dira Andoitz Galdosen hastapenak eta Arangureneko Lezama Txikian egon ondoren iritsi zitzaion aukera. «Umeak ginen, eta, azken finean, jolasa besterik ez zen. Egia da lagun guztiek nahi zutela futbolean jokatzea, eta, horrenbestez, arrakastatsutzat hartzen zintuztela, une hartan Athleticen egotea handiena zelako. Baina horrekin burua galtzea edo errealitatearekiko distantzia galtzea izaerarekin doan zerbait da». 2006an Cartagenarako bidea hartu bitartean, «ikasbiderik handiena heltze prozesuan etapak arinago erre izana da; etengabeko ebaluazio baten murgilduta zaude eta presio hori eramaten ikasten duzu».

Mendilibar eta Valverde

Prozesu horretan hainbat entrenatzaile eta hezitzaile izan zituzten guztiek, eta norbait nabarmentzekotan Ernesto Valverde eta Jose Luis Mendilibarren izenak dira gehien errepikatzen direnak. Solabarrietak azaltzen duenez, gasteiztarra «pertsona berezia da niretzat, kadetea nintzela ezagutu nuen eta lehenengo taldean agurtu. Berak eman zidan ametsa betetzeko aukera, nik nire partetik ipinita, noski. Gertatzen ari zaion guztia merezi du eta ez da kasualitatea». Ormazabalek aspektu pertsonalaren eta profesionalaren arteko oreka aztertzen du: «Jokalari bati eska dakiokeen exijentzia puntu zehatzera heltzen maisua da, beti ere hurbiltasuna galdu gabe. Oso ondo asmatzen du zenbateraino hel daitekeen kirolari bakoitzarekin». Jose Abando prestatzaile fisikoaren figura ere gogoan du: «Haurtzaro eta gaztaroan tresnak eman behar zaizkio jokalariari, futbolaren inguruan gertatzen zaizkion gauzak kudeatzeko, onak eta txarrak, eta atal horretan asko lagundu ninduen berak».

Antzeko terminoetan dihardu Jaiok Mendilibarrengatik: «Urte eta erdi egon nintzen berarekin, eta pertsonalki balorazio bikaina egiten dut jasotako tratuaz. Entrenamenduetako gogortasuna eta hortik kanpoko jarrera bereizten dakien pertsona da. Agian bera Zaldibarkoa izateak ere eragina izango zuen». Athleticeko egituratik kanpo, beste bi euskal herritarren lana eta izaera goresten dituzte, santutxuarrak egun Malagako entrenatzailea den Javi Gracia eta Jaiok une honetan Bartzelonako teknikari laguntzailea den Juan Carlos Unzue.

Lau jokalariok Athleticeko bigarren taldean jokatu zuten garai ezberdinetan, kasu batzuetan taldekide izanik. Azken geltokia da, langarik zailena. Aritz Solabarrietak gainditu egin zuen, 2004-2005 denboraldian 11 partida jokatu baitzituen Athleticeko lehen taldearekin: «Ikaragarria izan zen, master bat, egunero ikasiz eta disfrutatuz». Kurtsoa amaitu eta aldaketa ugari eman ziren klubean, Mendilibarrek hartu zuen Valverderen lekua, eta, Europan lehiatu asmoz, zuri-gorriek Intertoto txapelketa jokatu zuten.

Lehen kanporaketa oso goiz heldu zen, ekainaren amaieran, eta Zaldibarko prestatzaileak harrobiko jokalariak erabili zituen, baita lehen taldean aukera gutxi izango zituzten futbolariak ere, Solabarrieta bera tarteko. Bigarren taldetik aukeratutakoen artean, Galdos eta Ormazabal zeuden. «Intertoto txapelketa jokatzea garrantzirik gabeko gauza izan daitekeela pentsa dezakete askok, eta nik neuk ere iritzi bera izango nuke esperientzia bizi izan ez banu», dio bilbotarrak. Azalpen erraza du sentipen horrek: «Athleticeko bazkide naiz 8 urte bete nituenetik, lehengusu, osaba eta kuadrillako lagunak bezala, eta askotan imajinatu dut nire burua San Mamesen jokatzen. Beharbada askorentzat anekdota xumea dena, niretzat ahaztuko ez dudan momentu magikoa bilakatu zen».

Lanean kobratu gabe

Jarraikortasuna izateko aukerarik gabe edo lehen taldeko ateak erabat itxita, maletak egiteko unea heltzen da jokalari askorentzat. Etxetik kanpo, aldagela eta jendarte ezberdinak, bizitzaren eskola ezagutzeko txanda heltzen da. Egoitz Jaio izan zen irteten aurrenekoa, 2002ko udan: «Ez nuen frustraziorik sentitu. Ordezkariak deitu ninduen Ferrolera joateko aukera zegoela esanez, eta une horretan ez nekien hiria Galiziako mapan ondo kokatzen ere!». Lehen asteetan, «neska-lagunaren laguntza izan nuen pisua bilatzeko-eta, baina, ikasten zegoenez, Euskal Herrira bueltatu beharra izan zuen. Larunbatetan han bakarrik egotea zen gogorrena, lagunek Durangon parrandan irtetear zirela esaten zizuten bitartean. Zorionez, nirekin Galder Zubizarreta egon zen; berak ez zuen askorik jokatzen, baina gutxienez elkarrekin geunden. Baina tira, jendea ezagutzen zoaz eta harremanak egiten dituzu».

Ikuspegi bertsua du Aritz Solabarrietak ere: «Lezamatik ateratzea ez da erraza, ni Madrilera joan nintzen eta dena ezberdina da. Neska-laguna nirekin etorri zen eta asko eskertzen da hori, berak ere gauza guztiak utzi zituelako nire alboan egoteko. Aldagela berezia zen, Atletico de Madril taldearen bigarren taldea. Bertan argentinarrak, frantziarrak, brasildarrak... zeuden». Jose Mari Amorrorturen eskutik iritsi zen hara, eta, ondoren, Jaen, Melilla edo Palentziako aldagelak ezagutu zituen. «Ez nuen diferentziarik topatu, batzuen laguna zara eta beste batzuen taldekide». Denak espainiar Estatuko probintzietako hiriburuetako taldeak, oihartzun handikoak euren inguruetan.

Ormazabalek ere ondo gogoan ditu Pontevedran emandako urteak: «Gauzak zetozen moduan hartu nituen, frustraziorik gabe. Futbol zelaira 5.000 pertsona inguru joaten ziren igandero, eta taldearen inguruan hedabide eta zale asko mugitzen ziren. Esperientzia berri ugari bizi izan nituen».

Andoitz Galdosek, bere aldetik, une onak ditu gogoan batik bat: «Faltan botatzen dut kanpoan egon eta taldekideak familia bat bezala ikustea. Azken finean, denak geunden etxetik urrun. Lan saioak bukatu eta guztiak elkartzen ginen garagardoak hartzeko. Dena den, une zailak gogorragoak dira kanpoan. Jokatzen ez duzunean, bakarrik geratzen zara, burua jaten duzu eta bertan zer demontre egiten duzun pentsatzen duzu».

Futbola ez da krisi ekonomikotik salbu geratu. Aurreko hamarkadaren erdian izandako burbuila ekonomikoak eztanda egin zuen futbolean ere, eta, geroztik hainbat dira desagertutako taldeak, kobratu gabe egon diren futbolariak edota Konkurtso Legea baliatu behar izan duten klubak. Laudioko futbolariaren ustez, «futbola diru beltzaren menpe egon da sarritan, eta enpresari ustel asko egon dira bertan sartuta. Kanpoko talde batera zoaz, ez dakit zenbat kobratuko duzula esaten dizute, eta, gero, eguna iristen denean, hurrengo hilabetean bi nomina jasoko dituzula esaten dizute. Gezurra da: atzerapenak pilatzen joaten dira. Ni La Muela eta Jaenenen horrela ibili nintzen, eta bi edo hiru hilabetetako atzerapenak oso ohikoak dira». Solabarrietaren kasuan, «kobratu gabe egotea da pairatu dudan gauzarik txarrena. Sei hilabete horrela ematea ez da batera erraza, eta okerrena da egunero horren inguruan zabiltzala hizketan, agintariekin mokoka...».

Horretaz guztiaz asko daki Asier Ormazabalek ere: «Puertollanon hilabete ugari eman genituen euro bat ikusi barik. Aldarrikapen kamisetak egin genituen, udaletxearen aurrean entrenatzen genuen... Hainbat protesta ekimen eraman genituen aurrera. Dena den, egoera txar guztiek dute bere alde ona; taldea inoiz baino sendoago zegoen eta zaleen elkartasuna eskertzekoa da».

Jaiok behintzat zortea izan du eta arlo ekonomikoan arazorik izan ez duten taldeetan aritu izan da beti. «Bigarren A Mailako talde txikietan egon naiz beti, Ferrol, Tarragona eta Sorian. Klub txikiak baina oso serioak. Diru gutxi zutela esaten zizuten, baina kobratzeko bermea ematen zizuten». Ildo horretatik, honakoa azpimarratu du: «Futbola negozio bat da, eta, jokalariak, merkantzia gara. Lehen Mailan dirutza handia irabazten da, larregi. Ez dut ulertzen mediku batek Bigarren Mailako jokalari batek baino gutxiago nola kobra dezakeen. Egia da gizartean indar asko daukala futbolak, diru asko sortzen duela, eta, beraz, proportzioan irabazi behar dela, baina ez dut ulertzen klub batzuk Gizarte Segurantzarekin edo Ogasunarekin zorrak izatea edo Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga ordaindu barik egotea, hori ezin da onartu».

Ikasketak alboratu gabe

Euren kirol ibilbideko hondarrean daude gehienak, Jaiok Sestao Riverren jokatzen du egun eta Ormazabalek Leioan, biak Bigarren B Mailako taldeak. Andoitz Galdos, aldiz, Zamudion dabil, eta, Aritz Solabarrieta Ondarroako Aurreran, etxeko taldean. Abadiñarra iaz Austriako Ligan aritu zen eta Galdosek ere bere garaian Eskozian hilabete batzuk eman zituen. Orain jakitun dira Bigarren B Mailako soldatekin bizitzea ezinezkoa dela, eta etorkizuna dute buruan. Ez dituzte ikasketak alde batera utzi, eta Santutxuko hegalekoa pozik da horregatik: «Lanak nahiko ondo egin ditudala uste dut, futbolean hasi nintzenetik ama oso burugogorra izan da, eta bere nahia bete dut Enpresaritzako ikasketak amaituz». Karrera berdina burutu zuen Jaiok eta une honetan master bat egiten ari da. «Curriculumak bidaltzen nabil, baina ikasi arren ez dut sekula lanik egin futboletik kanpo. Ez dut futbolean jarraitzerik gura, baina, formakuntza akademikoa izan arren, hori da benetan egiten dakidan bakarra. Espero dut apurka praktikak egin ahal izatea. Futbolari dagokionez, ume edo gazteekin aritzea ez litzaidake axolako».

Galdosek ere argi ditu gauzak: «Futbolean segitzea ez da nire lehen aukera, batik bat barrutik nola funtzionatu duen ikusita eta eraman dugun bizitza ezegonkorra ezagututa. Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietako ikasketak bukatu berri ditut eta irakasle moduan aritzea nahiko nuke. Zalantzan dut ere suhiltzaile izateko oposaketara aurkeztu ala ez».

Futbolean hasi berri diren neska-mutilei eta goi mailako taldeetako harrobietan dauden gazteei gomendio bat ematerako orduan, aho batez «disfrutatzea» aipatzen dute guztiek ere. Andoitzen ustez, «oso gutxi heltzen dira, eta, horregatik, futbolaz harago, ikasketak eta etorkizun profesionala landu behar dira. Egun, Lehen Maila eta Bigarren A Maila kenduta, ezinezkoa da profesionala izatea; bigarrenen kasuan, gainera, behin erretiratu ondoren lan egin behar dute. Futbolari baten ibilbide profesionalak hamar edo hamabost urte irauten ditu askoz jota, eta bizitza luzea da». Bide beretik, Jaiok ondorengo hausnarketa egin du: «Lezaman zenbat ume daude egun? Bitarteko asko daude, baina ez da batere erraza Athleticek daukan kirol filosofiarekin punta-puntan lehiatzea; lan oso ona egiten da eta meritua handia dauka. Baina lehen taldera iritsiko diren jokalariak %1 dira».

Denbora tarte honetan guztian bizitakoa adierazteko, Aritz Solabarrietak gazte zela Athleticeko kirol zuzendari zen Andoni Zubizarretak esandako hitz batzuk dakartza gogora: «Batzuk gailurrera bide zuzenenetik igotzen dira, beste batzuk zeharka, denbora gehiago tardatuz, baina iritsi iristen dira. Denak, baina, ez dira gailurrera ailegatuko eta beste maila batzuetan jokatuko dute. Niretzat garrantzitsuena, momentu oro non zauden jakitea da, berau asimilatzea eta disfrutatzea. Ez da erraza». Bizitzaren eskolako irakaspena.