Naiara Garzia

Hezkuntzaz I

Eskolara joatea ongi dago eta beharrezkoa da, besteak beste, soziabilizatzeko bide bat delako. Eta etxean egoera txarra duten ume askorentzat arnasa hartzeko bidea. Baina egungo irakaskuntzak irakasleari ematen dion paperak ez nau konbentzitzen (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaz ari naiz bereziki).

Egun hitz klabea “erreminta” da: irakaslea ez da ikasleari pentsatzen lagunduko dion pertsona. Pentsatzea ez da helburua, ikasleari bizitzan baliagarriak eginen zaizkion “erremintak” erakustea baizik. Esan nahi dut gauza guztiek zerbaitetarako izan behar dutela. Eta zerbait horrek ez nau batere konbentzitzen. Horregatik “erreminta” eta “konpetentzia” hitzek belarrietan min egiten didate.

Ez nago inolaz ere eskola elitista baten alde, ikasle guztien begiek berdin balio dutelako eta denek erantzunak merezi dituztelako, edo galderak, hauek behar izanez gero. Eta, adin berbera izan arren, ikasle bakoitza bizitzako momentu ezberdinean egon daitekeelako, eta, beraz, eskolari gauza ezberdinak eska diezazkiolako.

Abstrakzioa mundua ordenatzeko modu bat da, geure burua ulertzekoa. Nolabait, ateak irekitzea bezala da. Gero, norberak erabakiko du zein ate itxi, baina ateak eta leihoak erakutsi egin behar zaizkie ikasleei. Egia da gizartea esaten dugun horrek ere ez duela gehiegi laguntzen, eta, askotan, edo telebista edo gurasoen “pentsamoldea” dela-eta, ikasleek aldarrikatzen dutela irakaskuntza instrumentalista bat, galderarik eta erantzunik gabekoa, 12 urte soilik izan arren ate asko itxiz, danbateko batekin itxi gainera, ondorengo hitzekin: «eta hau zertarako da?». •