Xabier Mikel Errekondo

Harro eta putz

Giro da Katalunia aldean. Ez da giro Madril aldean! Batean, herritarren ahotsa entzuna izan dadin nahi dute. Bestean, aldiz, lehenen aho hotsa mutuarazteko edozertarako prest, harro, aho bero. Raxoi jaunaren eta bere senide akolitoen irainetara ohitzen ere ari gara dagoeneko, gezurra gezurraren gainetik pilatutako lapikokada gorotz irensteraino. Nola esan daiteke Kataluniak edo Euskal Herriak ez dutela izan inoiz egun adina eskumen? Nola esan liteke legea eta demokrazia gauza bera direla? Horrela balitz, nola ulertu eskoziarren galdeketa legeak jaso ez arren demokratikoa izatea britainiar gobernuarentzat baina ez espainiarrarentzat? Edo, Clara Campoamor berarena bezala bozka eskubidearen aldeko milaka eta milaka emakumeen borroka ez-demokratikoa izan al zen legeak 1931n jaso zuen arte?

Lotsa arrastorik bat ere gabe, lerdea txistukatzen dute aho bete Marianok eta bere bufoi Florianok. Senideak behar dute izan nahitaez. Ingalaterrakoak balira, Sea&Ass eta Flower&Ass. Nago “uzkia” abizeneko aitaponteko baten ondorengoak direla (“ass” hitzaren gainontzeko adierak beste baterako utziko ditugu…). Hobe dugu ongi barneratu Estatu arrotz aho beroak gorotza duela jaurtitzen jarraituko, euskal zein kataluniar herrien aitortza baino nahiago baititu hilotz. Harroputz betirako; harro eta putz, lapiko bete putz. Horixe arrotzen eskaintza demokratikoa. Ezaguna zaigu kiratsa eta ez gaitezen “assaldatu”… Hobe genuke aldendu… zorabioak jo aurretik. Madrileko lapikorik gabe, askoz hobe!

Ez da giro Madril aldean. Harroputzak izanik ere, nago jakitun direla legeen murruaz nekez dezaketela lotu herri oso baten ahotsa. Eta gurean? Onintza kideak egin bezala erakutsi beharko diogu arrotzari soilik guk dugula agintzen geure mototsean… Ez da giro Madril aldean. Badator euskal harrabotsa! •