Unai Fernandez de Betoño

Legea urardotu

Hirigintza-planak ez ezik, hirigintza-legeak ere traba dira. Enbarazu egin dute aurretik (interes orokorra bilatu behar dutenez, botere ekonomikorako oztopo izan ohi dira), eta, bereziki nekosoak dira orain, krisialdi luzearen amaiera amaigabean. Azken adibidea Nafarroan ikusi dugu. Pasa den irailaren 18an tramitera onartu baitu Nafarroako Parlamentuak lurralde-antolakuntzari eta hirigintzari buruzko 35/2002 foru-legearen aldaketa-proposamen bat. Aldaketaren argudio nagusia? Bai, horixe: enegarrenez, hirigintzaren malgutasuna.

Alderdi Sozialistaren ekimena izanda, bitxia da, nafar politikaren zurrunbiloan, UPNk, Bilduk, Aralarrek, Alderdi Popularrak eta Geroa Baik aldaketa tramitera onartzearen alde bozkatu izana. Izan ere, lege-aldaketaren izenburuan bertan hirigintza iraunkorra lagundu nahi dela esanagatik, ez da ahaztu behar Nafarroako Parlamentuko zer batzordetik heldu den proposamena: ekonomia berraktibatzeko mahaitik. Hain zuzen, legea aldatzeko testua, ekainaren 26an Parlamentuko aldizkari ofizialean argitaratua, bide horretatik doa: hirigintza-jarduera, eta, bidenabar, ekonomia suspertzeko bidetik. Hori bai, iraunkortasunaz mozorrotuta.

Zioen azalpenean jaso bezala, proposatutako neurriak «hiri-lurzoruko hiri-berrikuntzako jardueren erregulazio berritzaile batean oinarritzen dira, baita plangintzak lurzoru mota horretan malgutasuna izatearen aldeko apustu argian ere»; artikulu berriek oraindik geldirik edo gauzatze-bidean dauden hirigintza-garapen berriak ere suspertu nahi ditu, «haien kudeaketa eta urbanizazioa erraztuz, ahal den neurrian laguntzeko egungo krisi ekonomikoa gainditzen, zeren eta jaso ditugun aldaketa guztien ahalegin nagusia bideratuta baitago Nafarroaren berraktibazio ekonomikoa ahal den neurrian laguntzeko eta enplegua sortzeko industria eta eraikuntza bezalako sektoreetan, sektoreok horren premia handia baitute».

Lursailetako jabeen neurrira egin ohi diren hirigintza-hitzarmenen gaitasuna gehiago zabaldu nahi da lege aldaketarekin (3 eta 4. atalak). Hiri-lurzoruko kategoriak ezabatu nahi dira, oraindik finkatu gabe dauden eremuetako jabeei hirigintza-kargak murrizteko (8, 26, 27 eta 28. atalak). Herri txikien periferia hiri-lurzoru gisa sailkatzeko aukera ireki nahi da, «haien plangintza sinplifikatzeko asmo argiarekin» (9.8. atala). Hiria Antolatzeko Plan Orokorren arintasuna eta sinpletasuna lehenetsi nahi da, baita haien tramitazioari dagokionez ere (11, 13 eta 20. atalak). Hirigintza-betebeharrak gauzatzeko epeak luzatu nahi dira, eraikitzaile gajoei eragozpen handiegirik ez sortarazteko (33. atala). Besteak beste.

Hirigintza-legea urardotu nahi da. Eta lurzoru urbanizagarrian gero eta pastel gutxiago dagoenez banatzeko, hiri-lurzoruko hirigintza-jarduera da berraktibatu nahi dena, eraberritze energetikoki iraunkorraren aitzakiapean. Bide batez, hirigintza iraunkorraren garai berriotan non geldituko da Gendulaingo plan ikaragarria, zeina iragan irailaren 17an berriro ere tramitatzea erabaki den? •