Maider Iantzi Goienetxe

Maskulinitatea tipula gisa

Adin ttikiko neska batek ezin du bere herrian, Elizondon ikasi tratu txarrengatik salatu zuen mutil-lagun ohia jada eskola horretan matrikulatuta dagoelako eta, hortaz, Fiskaltzak berari ematen diolako «lehentasuna». Urruntze agindua tarteko, 15 urteko neskak Iruñera joan behar du nahi dituen ikasketak egitera. Mutila berarengandik urrundu beharrean, berak urrundu behar du, mutilarengandik eta baita bere familia eta lagunengandik ere.

Albiste hori idaztea tokatu zait aste honetan eta, kazetari bezala halako berriak eman behar izaten ditudan aldiro bezala, minez baina gertaeraren eta nire artean distantzia jarriz egin dut. Tratu txarrak eguneroko ogia dira; aunitzez guttiago dira, ordea, adituen azalpenekin hauek beren testuinguruan kokatzen eta lotzen dituzten artikuluak. Zer erranik ez maskulinitateaz gogoeta egiten dutenak. Horregatik, zer pentsatua eman dit “Una antropóloga en la luna” antropologia blogean irakurritako testuak, izenburutik hasita: «Maskulinitatea tipula bezala: gizonak eta generoa».

Oscar Guasch soziologoak tipularekin konparatzen du gizontasuna, kapaz eta kapaz osatuta dagoelako (errituz, hitzez eta esanahiz) baina barrenean ez duelako muinik edo bihotzik. Artikuluak oroitarazten digu nola ikasi genuen historia unibertsala gizon handiek egindako gerra handien bidez, nola ikasi genuen gizonek ez dutela negarrik egiten eta eurek ekartzen dutela dirua etxera. Orain gauzak desberdinak dira eta genero indarkeriak pribilegioak galtzeko beldurrarekin zerikusia duela diote adituek. Ez dago maskulinitateaz arduratzen den mugimendu feministaren analogorik, eraikitzen ari den ideia da, ideia garrantzitsua. •