Jose Angel Oria

Serbia, seme baten heriotzak piztutako protestak

Auto batek Belgradeko zubi batean 21 urteko gazte bat harrapatu zuen. Gidariak ihes egin zuen. Hildakoaren aitak bakar-bakarrik martxan jarri zuen protestak herritar askoren babesa jaso du sare sozialei esker eta oso eztabaida interesgarria jarri du abian. Agintarien jarrera motela eta ustelkeria kasuak ere agerian geratu dira.

 

Nor da Mini Morris Countryman beltza gidatzen zuen pertsona? Normala al da horrenbeste denbora igaro eta gero Luka Jovanovic gaztea harrapatu eta hil izanaren arduraduna aurkitzeko gauza ez izatea agintariak? Zerbait ezkutatzen ari al dira? Norbait babesten, agian? Tankerako galdera asko eragin ditu Bojan Jovanovicek abian jarritako protesta bakarti eta isilak. Leku pentsaezinetatik ere iritsi zaizkio animoak.

Luka Jovanovic zenaren aita da Bojan. 21 urteko gaztea lagunekin zihoan bere autoan uztailaren 25ean, eguna hiriburutik kanpo pasa ondoren. Branko zubian autoa hondatu egin zitzaien, eta, bazterrera eramateko ahaleginetan ari zela, Mini Morris Countryman beltz batek gaztea harrapatu zuen. Legediak agintzen duen moduan zauritutakoari laguntza ematera geratu beharrean, gidariak ihes egin zuen. Luka Jovanovicek bi egun egin zituen koman. Eta hil egin zen.

Abuztuaren 3an, Bojan Jovanovic gaztearen aitak injustizia hori salatzeko zerbait egitea erabaki zuen. Branko zubira joan zen semearen erretratuarekin, eta 40 minutu egin zituen bertan, isil-isilik. Bakar-bakarrik. Zertan ari zen galdetzen ziotenei esaten zien egunero 16:30ean puntuan bertaratzeko asmoa zuela, auto hiltzailearen gidaria nor zen argitu eta espetxeratu arte.

Abuztuaren 10ean protesta bakartia erabat aldatu zen, Bojan Jovanovicek berak espero ez bazuen ere. Egun horretan 350 herritar joan ziren 16:30ean puntuan Branko zubira, justizia eske zegoen lagunari babesa ematera.

Aitak Telegrad.rs sareko hedabideari esan zionez, berak ikusi zituen Branko zubiko protestaldiei buruzko aipamenak sare sozialetan, baita bertan esku hartzera egindako proposamenak ere, baina inolaz ere ez zuen espero horrenbesteko oihartzunik.

«Aurrera begiratu ahal izateko nago hemen; ez Lukarengatik, bera dagoeneko ez baitago gure artean, gure seme-alaba guztiengatik baizik», adierazi zion Bojan Jovanovicek Telegrad.rs sareko hedabideari.

Jovanovicek berak argitu zuen sare sozialetan bere protestarekin bat egiteko egindako publizitatearekin zerikusirik ez duela, eta berak ez duela inor gonbidatu. Gainera, erantsi du semearen hilketa ikertzen ari diren poliziekin oso harreman ona duela bere familiak. «Agintariak gertatutakoa argitzeko ahal duten guztia egiten ari dira», erantsi zuen.

Bere jarrera ez dator bat sareko erabiltzaile askorenarekin. Serbiar batek baino gehiagok uste du agintariek ez dutela egin beren esku dagoen guztia ihes egin zuen gidaria aurkitzeko.

Damir Okanovic Zirkulazioaren Segurtasunerako Batzordeko zuzendaria da horietako bat. B92.net webguneari adierazi dionez, oso zaila da hamabost egunetan Poliziak ihes egindako gidaria nor den argitu ez izana onartzea, «batez ere kontuan hartzen baldin badugu Poliziak berak hedabideei bidalitako bideoan Belgraden izugarri arraroak diren Mini Morris ibilgailu bat oso garbi ikusten dela». Irudi horiek, telefono mugikorren datu-baseek eskainitako informazioek eta istripua izan zen lekuan gaztea harrapatu zuen autoak utzitako zatiek nahikoa pista eman beharko lukete gidaria identifikatzeko. «Pista horiek guztiak elkartuta, pertsona susmagarrien kopurua asko murriztuko litzateke. Lan operatiboak esango liguke ondoren pertsona horietakoren bat istripuarekin nahastuta egon ote den».

Jovanovicen protestaldiak Belgrad hiriburuko kaleetan jarritako kameren egoera penagarria ere agerian utzi du. Poliziek esan dute ez dutela ezertarako balio eta berritu egin beharko liratekeela. Okanovicek dio badagoela dirua kamera berriak jartzeko: azken bost urteotan zortzi milioi euro bideratu dira horretara. «Aldiz, zentimo bat bera ere ez da gastatu kamerak erosteko. Inork ez daki non dagoen diru hori».

Poliziaren lana egokia izan al da? Horixe galdetzen dute Blog Open blogari elkarteko kideek. «Serbia osoan oso Mini Morris Countryman gutxi dagoela kontuan hartuta, eta Serbiako hedabide gehienek, ‘Politika’ hedabide publikoa alde batera utzita, gaia aipatu ere ez dutela egin ikusita, badirudi norbait ihes egindako gidaria babesten ari dela. Horrek esplikatzen ditu sarean izandako erreakzio sutsuak, eta horregatik herritarrek ‘Atsegin dut’ sakatzen dute eta zubietara irtetea erabakitzen dute».

B92.net webguneak eskainitako informazioaren arabera, Poliziak uste du Marko Milicek gidatzen zuela Mini Morrisa eta Bratislav Vesovicen laguntza izan zuela bere burua ezkutatzeko. Serbiako legediaren arabera, zortzi urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete. Abuztuaren 10ean irten zen Milic Serbiatik. Interpol polizia erakundea bere atzetik dabil.