Ander Izagirre

Mundua zehatz kontatzeko

Alacanteko funtzionario bat egunean lau aldiz joaten zen kaira, itsasora jaisteko eskaileretan seinale metaliko bati erreparatzen zion, eta urak seinale horrekiko zeukan altuera neurtzen zuen. Egunean lau aldiz neurtzen zuen, 09:00etan, 12:00etan, 15:00etan eta 18:00etan; egunean lau aldiz, 1870eko uztailean hasi eta 1874ko otsailera arte. Milaka datu horiekin itsasoaren batez besteko maila kalkulatu zuten: eskaileretako seinale metalikoa baino 43 zentimetro gorago zegoen batez besteko maila, horixe izendatu zuten Espainiako zeroa.

Ondoren brontzezko disko bat ezarri zuten Alacanteko udaletxeko eskaileren hasieran, NP-1 inskripzioarekin (Nivel de Precisión 1), zero maila baino 3,407 metro altuago. 3,407 hori da Espainiako altitude guztiak neurtzeko erabili zuten lehendabiziko erreferentzia. Handik abiatuta, triangelaketak eginez eta trenbidea jarraituz, topografoak Madrilaino joan ziren pausoz pauso altuerak neurtuz, eta gero Santanderreraino jarraitu zuten, bi kostaldeak lotzeko. Kantauri itsasoa Mediterraneoa baino 870 milimetro altuago dagoela aurkitu zuten.

Iruñeko udaletxearen fatxadan marmolezko bi plaka daude, atearen alde banatan, gaztelerazko inskripzioekin. Batak dio: “Altura sobre el nivel del mar en Alicante: 444,67”. Eta besteak: “Altura sobre el nivel del mar en Santander: 443,80”.

 

Zehatza izan nahi duen kazetari batentzat, topografoen zorroztasuna ikaragarrizkoa da. Gutxiagotasun konplexua ere pizten dio, ibilbide baten deskribapena egitekotan dabilelako eta Iruñetik Garesera doan bidea luzea ala motza den esan behar duelako, Erreniegako igoera gogorra ala leuna den. Nola neurtu hori?

Kazetariak badaki egun honetan bertan Lurrak justu 38 bira eman dituela eguzkiaren inguruan, bera jaio zenetik. Hortik aurrera, izerdiak bota behar ditu gauza zehatzen bat esan ahal izateko. Subjektibotasunean eta bere pertzepzioen zehaztasun faltan pentsatzen ari da, txapela jantzita duen agure bat hurbildu zaionean: «Pequeña te habrá parecido, a que sí». Barkatu? «La plaza, digo que te habrá parecido pequeñica». Komentariorik ohikoena da Iruñeko Udaletxe plazan: askoz handiagoa iruditzen zaigu uztailaren 6an telebistaz ikusten dugunean, sanferminak hasteko suziriaren zain milaka lagunek lepo betetzen dutenean, eta gero, bertaratzen garenean, kosta egiten zaigu sinestea halako jendetza plaza txiki honetan sartzen dela. Zenbat pertsona pilatzen dira plazan, txupinazoa ospatu, xanpaina zabaldu eta elkarri ardoa, arrautzak eta irina botatzeko? Hamabi mila inguru, esaten dutenez. Gutxi gorabehera, betiere.

 

Udaletxea bera bai, zehaztasun asmo zorrotzez eraiki zuten: puntu distantziakide batean altxatzen da, eremu neutral batean, hiru Iruñea desberdin eta etsaien artean zabaltzen zen eremuan. Erdi Aroan hiru Iruñea zeudelako, bakoitza bere gobernu, lege eta harresiekin, gerra basatietan elkar odolustu zutenak, 1423an Batasunaren Pribilegioa onartu zen arte. Elkarren arteko puntu zehatz bat neurtu eta aukeratu zuten adiskidetzea oinarritzen hasteko.

Handik abiatzen da kazetaria, bere burua zehaztasunaren izpirituari gomendatu nahian edo, eta bost ordu eta erdi ondoren (bost ordu eta hogeita sei minutu) Garesera iritsi da. Apunteak hartu ditu bidearen deskribapenerako; Garesko Kale Nagusia, Europako erromesen Kale Nagusia, bitan ibili du gora eta behera, etxe atarietako harzolak eta komentu zaharren hormatan higatuta dauden estatuak arretaz behatuz, eta Santiago elizara sartu da Santiago Beltzaren eskultura gotiko ederra ikustera. Harritu egin da, apostoluak ez dirudielako batere beltza: kontatu diote estatua aurkitu zutenean kedarrez belztuta zeukala aurpegia, eta horregatik eman ziotela goitizena. «A que no parece tan negrico».

Ibilbidea, eta narrazioa, Garesko zubian bukatu nahi ditu kazetariak: zubi erromaniko zoragarria, edertasuna eta efikazia elkartzen dituelako. Monumentala da, 110 metro luze eta 4 metro zabal, zutabe sendoen gainean eutsita; eta aldi berean sotila, harri okrezko trazu fina ematen du, puntu erdiko sei arkuren gainean hegan doana. Sendotasuna eta arintasuna, lezio gehiago bidean dabilen kazetariarentzat. •

 

www.anderiza.com