Iraia OIARZABAL MUJIKA

Hego Amerikan ohikoak diren euriteen eraginak aurreikusteko tresna sortu dute

«El Niño» fenomenoarekin lotuta batez ere, eurite bortitzak izan ohi dira Hego Amerikan, Bolivia eta Argentinan, esaterako. Horrek uholde larriak eragin izan ditu, atzetik dakartzan kalte guztiekin. Alemaniar zientzialari talde batek euri jasa horien ehuneko handi bat aurreikusteko tresna sortu du, sistema meteorologikoen analisietan oinarrituta.

Alemaniako zientzialari talde batek analisi meteorologikorako tresna berria diseinatu du, zehazki, «El Niño» fenomenoak Hego Amerikan eragiten dituen eurite bortitzen %90 iragartzea ahalbidetuko duena.

Alemaniako Klima Eraginaren Ikerkuntzarako Potsdameko Institutuak (PIK) garatu du tresna hau eta xehetasunak orain gutxi aurkeztu ditu. Sortzaileek nabarmendutakoaren arabera, Boliviako eta Argentinako Andeetan izan daitezkeen euriteak aurreikustea ahalbidetuko du sistema honek.

NASAk eta Japoniako Espazio Agentziak (JAXA) garatu dituzte algoritmoak azken 15 urteetan bildutako 50.000 datu meteorologikoen analisiaren bitartez. «Euri laino erraldoiak Buenos Airesko eskualdean sortzen direla deskubritu genuen. Gero, ipar-mendebaldera mugitzen dira, Andeetako eremura, eta, bi egun geroago, eurite bortitzak eragiten dituzte bertan», azaldu du Niklas Boersek, ikerketaren egileetako bat denak. «Analisi sistema konplexuak erabiliz, Hego Amerikako Andeetan fenomeno horiek iragartzeko modua aurkitu genuen», gaineratu du.

Abendua eta otsaila bitartean, aire hezeak sortutako masak Ozeano Atlantikoko eskualde tropikaletara iristen dira, eta mendebalderantz mugitu, Andeetako mendikatearekin topo egiten duten arte. Hegoaldera egiten dute orduan, bertan, Platako arrotik datozen fronte hotzekin elkarreragiteko.

Fenomeno horren ondorioz, eurite handiak gertatzen dira altuera handiko mendi guneetan, edota hegoaldean, ikerketak barnebiltzen dituen eskemen arabera. «Harrigarria da. Orain arte interpretatzen zenaren aurka, gertakari horiek hegoalderantz zuzentzen diren haizeen kontrako norabidean hedatzen dira», dio Boersek.

Uholdeak maiz

Presio atmosferikoa aldatzen hasten denean gertatzen da «El Niño» fenomenoa eta bi ondorio nagusi ditu: itsas mailaren igoera eta Ozeano Barearen ekialdeko ur azala berotzea.

Ostera, beste eragin batzuk ere izan ditzake, bereziki herritarrak kaltetzen dituztenak. Esaterako, landagunean sortzen dituen kalteak. Nekazal guneetan, esaterako, landatutako produktuak galdu daitezke, eta, ondorioz, nekazariek galera ekonomikoak izan ditzakete.

Era berean, etxaldeak suntsituta geratzen dira hainbatetan. Galera, beraz, ekonomikoa izateaz gain, pertsonala eta emozionala ere bada.

Egileen hitzetan, metodo berri honek fenomeno euritsuen %90 aurreikustea ahalbidetuko du. Gehienak «El Niño» fenomeno klimatikoarekin gertatzen dira, orduan izaten baitira ohikoagoak uholdeak. Eurite horien %60 inguru, beste egoera batzuen ondorio dira.

Gauzak horrela, eta fenomeno honek eragin ditzakeen nahasmenduak kontuan izanik, fenomeno meteorologikoak aurreikusi ahal izateak kalteei eman beharreko erantzuna lehenago eta modu eraginkorragoan garatzea ahalbidetu dezake.

Aste honetan bertan, uholdeak izan dira Argentinan, Bragado hirian eraginez kalte larrienak. Eguraldi txarreko fronte batek hamarnaka lagunen ebakuazioa eragin du eskualdeko hainbat tokitan eta hegaldi asko bertan behera geratu dira. Buenos Airestik 200 kilometro ingurura kokatua, nekazaritza gunea da Bragado eta 40.000 biztanle inguru ditu.

Etxebizitza askok izan dituzte kalte handiak. Teilatu batzuk hegan atera dira eta eroritako zuhaitzek egiturak hondatu dituzte. Dena dela, ez da biktimarik egon, nahiz eta energia iturrietan etenak gertatu hainbat zonaldetan.

Bragado hirian 100 pertsona inguru ebakuatu dituzte eta kaleetan etxetatik hegan irtendako tresna eta altzari ugari ikus daitezke. Autoak ere uretan trabatuta gelditu dira zenbait lekutan, eta herritarrek arazoak izan dituzte oinez ibiltzeko ere, urak hartutako altueragatik.

La Plata izan da kaltetutako beste hirigune bat. Bertan, Estadio Único zelaiko teilatuaren zati bat airean atera da. Garraio zerbitzuei dagokienez, ur azpiko trenak geldiarazi ditute eta hiriburuko bost metro lineatan ere kalteak izan dira.

Kalteez harago, herritarren ikusmira ere eragin du gertakariak eta asko izan dira sare sozialetan uholdeen nondik norakoa jaso dutenak. Horrela, herrialdeko hainbat eskualdetan izandako kalteen argazkiak ikusgai daude sarean.

Uholdeak tenperatura altuko bi egunen ondoren gertatu dira. Urrian ohi ez bezalako tenperaturak erregistratu dira, eta marka berria ezarri da 40 graduko tenperaturarekin.

Bestelako erabilerak

Horrelako gertakariei aurre egiteko sistema berri honek izan ditzakeen bestelako erabileren balioa azpimarratu du José Marengo Brasilgo Espazio Ikerkuntzarako Institutu Nazionaleko kideak. Esate baterako, udal instituzioek emaitza hauek baliatu ahal izango dituztela kontuan izanik, kalte handiak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko horien aurreko erantzuna lantzea ahalbidetuko duela jakinarazi du.

Izan ere, muturreko euriteek orain arte nekez iragarri zitezkeen uholdeak eragiten dituzte, 2007 urtearen hasieran Hego Amerikan 400 milioi dolarreko kalteak eragin zituzten haien modukoak.

Jürgen Kurths, ikerketaren beste egileetako bat, egindako lanaren zailtasunaz aritu da. «Datu meteorologikoak alderatzea gauza erraza dela pentsa daiteke, baina guk geuk garatutako baliabide matematiko berriak erabili behar izan genituen muturreko fenomeno horietan gertatzen diren lotura konplexuak hautemateko. Datuak hor zeuden, baina orain arte inork ez zituen euren arteko loturak ezarri», azaldu du.

Gainera, sistema hau osatzeko garatu behar izan duten eredu matematikoa oso bestelako eremuetan aplikagarria izan daitekeela aipatu du. Beste eskualde batzuetako fenomeno meteorologikoak aztertu eta iragartzeko, adibidez.

Halaber, beste mota bateko sistema konplexuetan ere erabiltzeko modukoa da. «Esaterako, finantza merkatuetan aplikatu ahalko da, baita garunaren jarduerak behatzeko edota lurrikarak detektatzeko ere», ziurtatu du alemaniar fisikari eta matematikariak.