Ander Izagirre

Bartalik Italia salbatu zuenekoa

Gino Bartalik, 1948ko uztailaren 7an, Lourdesen amaitu zen etapa irabazi zuen Frantziako Tourrean. Bakarrik utz zezaten eskatu zuen ondoren, Bernadette artzainari Ama Birjina agertu zitzaion harpera joan, otoitz egin eta irabazlearen lore sorta utzi zuen bertan. Egun batzuk geroago, Italiako prentsa katolikoak gertaera hau gogora ekarri zuen: txapeldunaren eta Ama Birjinaren arteko aliantza, Italia gerra zibiletik salbatu zuen miraria azaltzeko.

Bartali makal jardun zen hurrengo egunetan eta Alpeak hasteko bezperan zazpigarren postuan zegoen sailkapenean, Bobet liderrarengandik 21 minutura, ia aukerarik gabe. Uztailaren 14an, lehen etapa alpinoaren bezperan, Antonio Pallante izeneko antikomunista amorratu batek lau tiro jo zizkion Palmiro Togliattiri, Italiako Alderdi Komunistako idazkari nagusiari. Togliatti bizirik atera zen, baina, hil edo bizi operatzen zuten bitartean, komunistek hainbat hiritan manifestazio sutsuak antolatu, fabrikak okupatu, zuzendariak bahitu eta trenbide eta errepideak blokeatu zituzten. Iraultzarako deia zabaldu zen, Gobernuak elkarretaratzeak debekatu zituen eta, azkenean, 16 hildako eta 600 zauritu utzi zituzten istiluek. Gerra zibilaren atarian zegoen Italia.

Gau hartan, Bartalik telefono dei bat jaso zuen hotelean: De Gasperi demokristaua zen, Ministro Kontseiluko burua. Biharamuneko etapa irabazteko gai izango ote zen galdetu zion txirrindulariari, Italian gutxienez notizia pozgarri bat zabaldu eta egoera baretzeko.

Bartalik hiru etapa irabazi zituen jarraian Alpeetan. Egun ikaragarri luzeetan, mendate gogorrenetan, elur ekaitzen artean, etsaiak txikitu, eta maillot horia jantzita irten zen Alpeetatik. Parisen 26 minutu atera zizkion bigarren sailkatuari, ordutik inork gainditu ez duen aldea. 1938ko Tourra irabazi eta gero, hamar urteko tarteaz eskuratu zuen Bartalik bigarrena: halakorik ere ez da beste inoiz gertatu.

Bartaliren balentria mirakuluzkoak gerra zibila ekidin omen zuen. Frantziatik iristen ziren notiziei esker, Italiako istilu larriak ospakizun bihurtu zirela diote. Baina ez dago oinarririk hainbeste esateko.

Mito hori, ordea, lelo bihurtu zen. Carlo Trabuccok, “Popolo” egunkari demokristauko zuzendariak, Bartalik Lourdesko harpean egindako otoitza eta eskaintza gogoratu zituen artikulu batean: «Ordutik, Bartalik Tourrean egin duen lasterketa Ama Birjinak zaindutako bidea izan da». Lourdestik bedeinkatuta atera zen Bartali, garaipena lortzea bere patua balitz bezala, eta «aingeruek eraman zuten» Alpeetan gora eta behera. Laguntza jainkotiarrak, Bartali fededunaren indarrak eta De Gasperiren bitartekaritzak lortu zuten Italia gerratik salbatzea.

Horixe izan zen prentsa katolikoaren narrazioa, baina modu laikoago batean ere mito nazional bihurtu zen Bartaliren balentria, gehiengoak azkar onartu baitzuen bere garaipenek istiluak baretu zituztela. Ez da kontutan hartzen Togliatti bizirik atera zela, eta Togliattik berak iraultzarako gogoak hoztu zituela, eta eztabaida politikoaren ondoren egoera pixkanaka bere onera etorri zela. Baina nazioek, existitzeko, euren izaera imajinatu eta moldatu behar dute. John Foot historialariak honakoa dio “Pedalare” liburuan: “Bartali mitoa” munduaren mapa kontzeptual baten parte da, besteen presentzia azpimarratzen du –arerio frantsesak, ziklista frantsesak, jarraitzaile frantsesak, euren lasterketa nazionala– eta gutako batek atzerritarrak nola garaitu dituen kontatzen du modu epikoan. Egia da egun haietan Bartaliren garaipenek ikaragarrizko arreta erakarri zutela Italian, parlamentuko saioetan notiziak zuzenean ematen zituztela diputatuek, barrikadetan ere irratiz entzuten zituztela Tourreko kontakizunak eta, gerora, Bartali tentsio politikoen tximistorratz izendatu zutela. Bere garaipenak guztiontzako poza ekarri zuen, ideologien gainetik konpartitu zitekeena, eta, modu horretan, oinarri historikorik ez badu ere, mila aldiz errepikatu zen istorio batek nortasun eta batasun nazionalaren zentzua eraikitzen lagundu zuen. •

www.anderiza.com