Jose Angel Oria

Krimen kopuruak behera egin arren, inoiz baino betiko kartzela zigor gehiago

AEBetako kriminalitateak behera egin zuen 2013an, FBI Ikerketa Bulego Federalak joan den astelehenean jakinarazi eta hedabide gehienek harro-harro eginda zabaldu zutenez. Aldiz, beste datu bat ezkutatu egin dute: espetxetik irteteko aukerarik ez duten presoen kopuruak marka guztiak hautsi ditu.

Kriminalitateak, denbora bitarte jakin batean eskualde edo leku batean gertatu den krimen kopuruak, %4 egin zuen behera AEBetan aurreko urtean. Epe horretan 14.196 homizidio izan ziren, gehienak su-armen bitartez egindakoak, hau da, 2012an baino %4,4 gutxiago.

FBIk eskainitako datuek garbi erakusten dute Konstituzioak armak eramatea ahalbidetzen duen herrialdean su-armak erabiltzearen aldekoak direla delitugile gehienak, homizidioen %69 horiekin egin baitziren. Baita lapurreten %40 inguru ere.

Urte osoko datuak aztertuz gero, 1,2 milioi krimen egin ziren AEBetan, eta horiek leporatuta 11 milioitik gora herritar atxilotu zituzten, kasu gehienetan legez kontrako drogekin, lapurretekin eta ibilgailua gehiegi edan ondoren gidatzearekin lotuta, FBIko ikerlarien txostenaren arabera.

Holderren poza

«Indarkeriazko kriminalitateak behera egin izanak joera historiko bat egiaztatzen du», adierazi zuen oso pozik Eric Holder Justizia idazkari beltzak agiri baten bitartez. Hilaren 4ko hauteskundeetan sekulako zigor handia jaso zuten demokraten lana goraipatu nahi izan zuen Obamaren ministroak, FBIk emandako datuek «arrakasta» esanguratsua adierazten dutela nabarmenduz.

Poliziaren lana txalotu zuen Holderrek, jakina, baina indar gehiago eman zien bere hitzaldian «Obamaren agindupean kriminalitatea eta espetxeratze tasa jaisteko» egindako urratsei. Gainera, Justizia idazkariak onartu zuen oraindik lan asko egin beharko dela kriminalitatearen jaitsiera AEBetako hiri eta komunitate guztietara irits dadin.

Eric Holder ministro beltzak Missouri estatuko Ferguson herriko gertaerak izango zituen buruan hori esan zuenean, bertakoek oso garbi baitaukate (makina bat protesta egin dituzte kalean abuztuaz geroztik) Justizia Administrazioaren jokaera ez dela beti berdina; beltza eta pobrea izanez gero justizia arrastorik ez dela izaten.

Joan den asteazkenean, polizia batek abuztuan tiroka hil zuen Michael Brown gaztearen gurasoak Nazio Batuen Genevako egoitzara joan ziren justizia eske. Torturaren Aurkako Batzordearekin bilera egin ondoren, aitak zera esan zien kazetariei: «Justizia eskatzeko ez dago leku egokiagorik».

Browndarrek arrazoi asko dituzte AEBetako Justizia Administrazioaren aldetik gauza handirik ez dutela jasoko jakiteko. «Nahiago nuke semea hil beharrean neroni hil banindute», esan zuen aitak, ama erabat hunkituta zegoela.

Tentsioa Fergusonen

Hala ere, Darryl Parks abokatuak esan zuen Fergusonen hil zuten gaztearen gurasoek epaileen erabakiekiko konfiantzarik badutela eta indarkeriaren aurka daudela. Azken mezu hori oso garrantzitsua izan daiteke Fergusonen, aurki jakingo baita epaimahaiak Darren Wilson agentea (armarik ez zuen Brown gazteari tiro egin ziona) auzipetzen duen ala ez. «Erabakia edozein izanda ere, inork ez digu Michael bueltatuko», adierazi zuen gaztearen aitak.

Jay Nixon Missouriko gobernadoreak jakinarazi du Guardia Nazionala prest daukala Fergusonen istiluak berriz sortuz gero egurra emateko.

AEBetako hedabide nagusiek aipatu ere egin nahi izan ez duten txosten batek oso posizio ezerosoan ipintzen ditu Holder ministroa eta bere «poz ofiziala». Epai Proiektua izeneko gobernuz kanpoko erakundeak egindako lanak dio espetxetik irteteko aukerarik ez duten presoen kopuruak marka guztiak hautsi dituela AEBetan.

Egileek 2012ko datu ofizialak erabili dituzte beren txostena egiteko. Urte hartan biziarteko kartzela zigorra jasotako 160.000 preso inguru zeuden herrialdeko kartzeletan (lifers esaten diete AEBetan), inoiz baino gehiago, eta horietako asko indarkeriarik gabeko delituengatik. Horietako 49.000 inguruk baldintzapeko askatasuna lortzeko aukerarik ez dute, indarrean den legediaren arabera. Kopuru horrek %22,2 egin du gora 2008az geroztik.

Betiko kartzela zigorrari dagozkion markak hautsi egin dira, nahiz eta presoen kopuruak behera egin duen: 2009an 1,62 milioi bazeuden, 2012an 1,57 milioi inguru ziren.

Ashley Nellis Epai Proiektuko ikerlariak uste du politikarien artean nagusitu den joera baten ondorio dela egungo egoera paradoxikoa (AEBetan bezala, Europako makina bat lekutan ere gertatzen da). Krimenen bat izaten den bakoitzean, «egurra!» eskatzen dute. Gero, zigorren erreformaren bat eztabaidatzen denean, lifers-ak ez dira inoiz kontuan hartzen, «horiek politikoki saltzen ez dutelako. Legegileek nahitaez bidali behar dute norbait autobusaren azpira».

Kalifornian dute horrelako presoen kopururik handiena, 40.362. Hau da, AEBetako lifers guztien %25 inguru.