Beñat Zamalloa, kazetaria

Den, ezer baden

Mendian gora, nekatuta, behe lainoarekin, ia gailurrean dagoelakoan, «honek izan behar du...», iritsi da, baina hori ere ez da gailurra, beste malda bat aurrean, beste bat gehiago, eta falta da oraindik... Hala irudikatzen du euskal kulturgintza Jon Sarasuak

Z er da euskal kultura?” hitzaldia egitera etorri zen Jon Sarasua Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluko (Mondragon Unibertsitatea) lehen eskolara. Ustez gailurra zenari izena ere jarri zion, ikasleek argiago irudika zezaten: Urbia. «Nik uste hor gaudela pixka bat. Arantzazutik Urbiara igoera dago, baina Aizkorri gehienok uste genuena baino urrunago dago». Bide luzeagoa eta orain artekoa baino gogorragoa aurreikusi zion euskal kulturgintzari.

Iragan mende erdiko gakoak analizatuz ekin zion hitzaldiari. Gizarte ekimeneko prozesuei aitortu zien honaino ekarri izana. «Benetan harrigarria izan zen zein argitasun eduki zuten horrelako hezkuntza eredu bat sortzeko», esan zuen ikastolen sorreraz. Ikastolen sorrerarekin batera, azpimarratu zuen «itzel» egin zela corpusa, hizkuntzaren bateratzea eta prestatzea XXI. menderako. Bi horiekin batera, euskalduntze eta alfabetatzea, kulturgintza eta beste hainbat ere aipa zitzakeela erantsi zuen. Botere publiko administratiboaren laguntza onartu zuen azken 30 urteotan gizarte ekimeneko prozesu horiek «partzialki» indartzean. Bien artean, aldi berean, «tentsio batzuk» egon dira. Tentsioak tentsio, ondoriozta dezakegu euskarak eta euskal kulturgintzak politizatuta egon direnetan egin dutela gora?

Euskal kulturgintza «lausoaldi moduko batean» antzematen du egun. Galderak zekartzan: «Zein dira hurrengo pausoak? Zein dira hurrengo estrategiak? Orain dela 50 urte ikastolak sortu bazituzten, zein dira pauso handi eta ausart horiek? Ez da behar? Jarraitu egin behar dugu lehengo ildoekin?». Galderok, kulturgintzarako ez ezik, hezkuntzarako, unibertsitaterako, komunikabideetarako eta beste hainbat arlotarako ere egin zituen. Estrategiak ez ditu «oso doituak» ikusten. «Nora joan nahi duzun eta nora zoazen –ez dira berdinak– ezagutu gabe» estrategiek huts egiten dutela ohartarazi zuen. Egoera ez da «dramatikoa», ba omen dira gaitasun instituzionalak eta humanoak beste fase horri ekiteko. Nori dagokio fase berri hori eragitea? Gaitasun instituzionalak eta humanoak horretarako gertu daude? Zein etorkizun ikuspegirekin ekin behar zaio? Zein bisiorekin?

Hitzaldiaren izenburuaren galderari «da, ezer ez da» erantzungo zion. Galderak “Zer da euskal kultura?” barik “Zeri deitu nahi diogu euskal kulturgintza?” behar zuela argitu zuen. «Kontua da euskararen komunitateko geruza antolatuok zeri deitu nahi diogun euskal kulturgintza». Bada definitzeko beharrik? Geruza antolatuak zergatik ez du definitu oraindik? Kultura «animalia senari dagozkionez aparteko dena» dela, eta “euskal”-en definizioan galtzeak ez zuela merezi azaldu zuen. Definizioen galbidearen soluziobidea, kulturgintzaren definizio «estu-estu» batean topatuko zuen: «Kulturgintza deitzea sorkuntza mota bati: gogoeta, entretenimendu eta sentsazio estetikorako berariazko produktuen ekoizpena eta hedapena». Metodologikoki hori egitea «komenigarria» izanagatik,«euskal kulturaren fluxua hori baino askoz gehiago da».

Azken mende erdian definizio estu horretan sartzen den kulturgintza «elementu inportantea» izan da hizkuntzaren biziberritzean. «Funtsezko funtzioak» bete ditu kulturgintzak, egun Euskal Herriaren egoera bera izango ez litzatekeela ondorioztatzeraino.

Erregai sinbolikoa

Kulturgintza «erregai sinbolikoa» da, sinboloak eta ametsak ekoizten ditu. «Kulturgintzak funtsezko gauzak mugiarazi dizkio 50 urte horietako pisua eraman duen belaunaldiari, eta euskaldungoari erakusten dio euskaraz sortzen dela, euskarak balio duela izendatzeko, iradokitzeko, ideiekin trafikatzeko…». «Erregai sinbolikoak» bete duen eta bete lezakeen funtzioaz jabetzen dira erakunde publikoak? Funtziook hartzen dituzte aintzat kultur politikak diseinatzerakoan eta garatzerakoan?

Euskal Herrian egin den eta egiten ari den kultur politika inguru europarreko eta espainiarreko, eta mundu modernoko kultur politika batzuei «mimetizatua» izan delakoan da. Argitzeko Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen kasua hartu zuen: «Guk ez dugu lehiatu nahi kultur politikak planteatzerakoan dirua AEKari edo guri eman; guk lehiatu nahi dugu zenbat ematen ari diren Zinemaldiari eta zenbat ematen ari zareten bertsozale mugimenduari». Zinemaldiari emandako dirua nazioarteko zinemarentzako dirua izanik, nazioarteko zinemak behar du euskaldunon zergetatik diru laguntza publikoa? «Beharbada bai, beharbada ez». Batzuei eta besteei zenbat ematen zaien aintzatetsita, diru laguntzak «birplanteatu» behar direla iritzi du: «Gure kultur politiketan badagokio zentroa hartzea euskal kulturgintzaren gaiari». Garbi du: «Politika publikoak pentsatzerakoan, kulturaren inguruko politika publikoak pentsatzerakoan, herri honetan zentroan jarri behar da euskal hiztun komunitateari dagokion gaia».

Kritika «posizio autonomotik» egin litekeela dio, ez dela «alderdi gogoeta bat», ez dela alderdi politiko bat ala bestea: «Egon gara hogei urte EAJrekin mezu hau eman nahirik eta ematen, eta neurri batean lortzen bertso mundua hobeto tratatzea, baina orain Gipuzkoara etorri da Bildu, eta oso-oso antzera ari da. Ez dira alderdi guztiak berdinak, baina kritika honetan gehienak sar daitezke». Zein da aldea diskurtsoen eta aurrera eramandako politiken artean? Zein dira harago ez joateko arrazoiak eta mugak?

Dialektika «oso konplexua» da hiztun komunitatearen eta lurraldetasun politikoaren artean. “Aitaren etxea” deituko zion lurraldetasun politikoari; “amaren sua”, hiztun komunitateari. Hor ere bereizketak «funtsezkoa» behar du, hiztun komunitateak «beste eite bat» duelako: «Beste material bat, beste logika bat, beste zuntz batzuk ditu hiztun komunitateak». Biak nahastea, Frantziak edota Espainiak egin duten legez, «arriskutsua» litzateke. «Arriskutsua» dela irizten dio, hiztun komunitateak hori egiteko «arriskua» hautemanda. Zein eragin du hiztun komunitateak lurraldetasun politikoaren ikuspegian?

Euskal hiztunen komunitatea «matrize konplexuko» komunitatea da, hainbat hiztun komunitateren parte izanik: gaztelania hiztunen munduko hiztun komunitate handienetakoaren parte, ingeles hiztun komunitate internazional zibilizatorioaren parte ere bai ugari, eta etorkin hiztun komunitate franko dago Euskal Herrian. «Hori gutxi ez, eta lurralde zatikatu batean».

Independentzia lortzen dugunean

Konplexua iruditu arren, «oso sinplea» da. Boliviako egoera ekarri zuen azalpena xehatzeko. 32 hizkuntza daude bertan. «Bolivian ez dauka irtenbiderik hizkuntza bakoitzak nazio bat aldarrikatzeak. Ez dakigu aimarak zer egin beharko duen biziberritzeko, baina estatu bat ez dutela sortuko ia segurua da. Nola jaten da munduan 7.000 hizkuntza egotea eta 150 bat estatu Nazio Batuen Erakundean?». Eta oso sinplea iruditu arren, «oso gai konplexua» da. Konplexutasunaren irudipena ez zen irudipen hutsa. «Prozesuak lotuta daude, ezin ditugu askatu».

Zoruaren konplexutasuna aintzatetsita du ezinbestekotzat «erregai sinbolikoa», hargatik tranpatzat dauka konplexutasuna diskurtso politikoekin «estaltzea»: «‘Independentzia lortzen dugunean…’ pentsatzeak ez du balio». Euskal egitura politiko eta sozio-ekonomiko propioak, bermatu ez arren, lagunduko luke hiztun komunitatearen erabakimenean eta indartzean? «Nola kudeatu konplexutasun hori, eta, aldi berean, zaindu?». Horixe da «desafio existentzial kolektiboa»: «Izan ala ez izan kultur fluxu hori guztia. Euskaldun izaten jarraituko dugun ala etengo den. Eta, izan ala ez izan, zer?».

«Nazioarteko zinemak kultur politika bat behar du?». Nazioarteko zinema hartu zuen berriz berbarako eta zalantza agertu zuen erantzuterakoan, «demagun baietz». Zalantzarik ez, ordea, honakoa ebazterakoan: «Dakiguna da Hiztun Kateen Komunitatean –Hiztun Komunitateen Katea; bietara balioetsi zuen– politika behar duela». Halere, ohartarazi zuen «kultura subentzionatu bat kultura antzu bat» izan litekeela. «Merkatu parametroari itzuri egiten dion kultura bat ez doa oso urrun». Egungo egoeran eta hiztun komunitateaz eta kulturaz arituta ez da arriskutsua merkatuen parametroez hitz egitea?

Aurrera egiteko «aukerak eta zailtasunak» kudeatu beharra ikusten du gizarte aldaketen eta aldaketa teknologikoen eraginez, batez ere. Ezin da pentsatu «ohiko mundu gizarteen martxa estandarrean». Indibidualizazioaz, fragmentazioaz, gero eta kale bizitza txikiagoaz, gero eta komunitate bizitza txikiagoaz eta gero eta kontsumo indibidualagoaz ari da ohiko mundu gizarteen martxa estandarraz ari denean. «Kontuz soziologia hortik bakarrik egitearekin».

Etxeko lanak «betaurreko bifokalekin» egin behar dira. Batetik, urrutira begiratzeko. Urrutira begiratu soziologia edo gizarte azterketa egiteko. «Zein diren tendentzia globalak aztertzeko. Europarrak gara». Bestetik, gertura begiratzeko. «Gure gizartean badaude dinamika sozial batzuk bestelakoak direnak». Taldeak, zirkuituak, kuadrillak, jendea kalean biltzea, kalean gauzak gertatzea… «Badago mikrosoziologia propio bat, eta baditugu psikologia sozialeko elementu batzuk ere». Horiek detektatzea, ulertzea eta, «kasu batzuetan», horiek indartzea «funtsezkoa» da etxeko lanen artean.

«Ematen du, analisien eta intuizioen arabera, euskararen bizitasun soziolinguistikoa eta euskal kulturgintzaren bizitasuna beste soziologia txiki horietan erreproduzitzen direla nagusiki». Horiek gabe «eutsiko» ez duelakoan da, irauten jakiteko joera estandarretan pentsatu beharko den arren. «Horrekin bakarrik pikutara goaz. Momentu honetan komunitate honen funtsezko funtzioak ez dira hor erreproduzitzen ari. Giza edota gizarte kontaktu errealetan ari dira erreproduzitzen. Kapital sozial horretan ari gara erreproduzitzen nagusiki». Horiek horrela izanik, non ari dira indar egiten euskararen komunitateko geruza antolatua eta erakunde publikoak?

Eta segitzen dugu… mendian gora, nekatuta, behe lainoarekin, ia gailurrean gaudelakoan, «honek izan behar du…», iritsi gara, baina hori ere ez da gailurra, beste malda bat aurrean, beste bat gehiago, eta falta da oraindik...