Antton Izagirre

Mas-Urkullu

Ez dira erraz ahaztuko Katalunian azken hiru urte hauetan egin duten ibilbide parte hartzailea eta gero, galdeketa arrakastatsuan amaitu duten prozesuaren oihartzunak. Euskaldun askok miresmen eta desiraz bizi izan dugu haiek erakutsi diguten nortasuna eta ilusio agerraldia.

Zaila da sakontasunez igartzea zerk bultzatu duen halako adierazpen uholdea. Arrazoi bat baino gehiago egongo dira, ziur naiz horretan, baina gehienontzat nahiko garbi geratu da Kataluniako gizartean herri mugimenduak erakutsi duen sendotasuna eta Artur Mas Generalitateko presidenteak izan duen lidergoa arrakasta horren oinarrian daudela. Baina aldaketa prozesurik ez da gauetik egunera ematen. Orain hiruzpalau urte ANC Biltzar Nazional Katalanak mila kide inguru zituen eta gaur egun berrogeita zortzi milatik gora ditu. Masen alderdia Madrilgo agintariekin akordio isiletan trabaturik ageri zenean, berriz, nola pentsa genezakeen egun egin duen ibilbidea?

Horrelakoetan ia ekidinezina suertatzen da geure egoerarekiko eta euskal prozesuarekiko alderaketak egitea. Erakundeetako agintarien hitzak eta ekintzak alderatzen hasita Urkullu txiki, oso txiki, ageri zaigu Mas erraldoiaren ondoan. Pentsaezina da, gaur-gaurkoz bederen, Iñigo Urkullu Artur Masek Estatu espainiarrari bota dion hordagoaren parekorik botatzen irudikatzea. Pentsaezina gaur-gaurkoz Urkullu Katalunian egin duten galdeketaren pareko batean “Bai-Bai” bozkatzen irudikatzea.

Ziur aski Masek ere, herri borondateak eraginda eta haren bultzadaz egin du bere ibilbide propioa, ez bere borondate hutsez. Zeinek daki gure artean ere, garaian garaiko Urkulluk ez duen egingo ibilbide bera herri borondateak hala egiten badu. Hala izan dadin hitzordua jarri digu Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 20rako. •