Maria Gonzalez Gorosarri

Neutraltasunak bide ofizialaren bidegabekeriak onartzea dakar

Kazetaritza ez da laugarren boterea, agintearen aurkako boterea baizik. Kazetaritzak aginteari neurria hartzea du eginkizun eta ez, hedabideak haiek botere bihurtu. Txarto ulertuta, kazetaritzaren neutraltasuna goraipatu da. Gainera, neutraltasuna inpartzialtasunarekin nahastu izan da, sinonimoak balira bezala. Gatazka batean gutxienez bi alde daude. Neutraltasunak bi alde horiekiko distantzia bera mantentzeko eskatzen duen bitartean, inpartzialtasunak aldez aurretiko ezelango aldekotasunik edo kontrakotasunik ez izateko eskatzen du. Horregatik, kazetaritzak inpartzialtasunez jokatu behar du, hau da, aldez aurretik gertatutakoa epaitu barik. Hala ere, kazetaritzak ezin dezake neutral informatu, erasoa seinalatzen ez duen neutraltasunak bidegabekeria hori onartzea dakarrelako.

Adibidez, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Espainiako poliziak hildako bost langileak eta 200 zaurituak justifikatu zituen Iñaki Oyarzabalek (PP) aurreko astean, “JotDown” aldizkari maskulinoan, honela: «Hubo muchísimas cargas policiales y en una de ellas unos policías utilizaron, desde luego excediéndose, y yo estoy convencido de que sin una orden política superior, armas de fuego para defenderse en un momento en que se vieron rodeados por la multitud, acorralados. Se debería haber actuado contra estos policías y reparar efectivamente a las víctimas, pero tratar de hacer un dibujo de una intencionalidad política de aquellos acontecimientos no responde a la realidad».

 

Orduko krimenen errudunak epaitzeko lanean dihardu oraindik Martxoak 3 elkarteak, egungo Estatuaren bertsio ofizialaren aurka. Azaroaren 11n, elkarteak komunikatua plazaratu zuen, Oyarzabalek bere adierazpenak «jendaurrean zuzentzeko» eskatuz. Argentinak 1976ko martxoaren 3ko buruzagi politikoak (Rodolfo Martin Villa, barne) estraditatzeko eskatu zuen astean, «Estatuaren krimena justifikatzeko beste azpijoko bat» zela uste zuen elkarteak.

Egun horretan, Oyarzabalek Twitterren bere adierazpenak leundu zituen, martxoaren 3ko «gertakari tristeak» gaitzetsiz eta errepresaliatuentzako «erreparazio eraginkorra» defendatuz. Hedabideek honela jaso zuten:

• «Martxoaren 3ko ‘gehiegikeria’ protestei egotzi die Oiarzabalek» (“Berria”).

• «Oyarzabal dice que los sucesos del 3 de marzo fueron un ‘exceso’ de la policía» (“Deia”).

• «Oyarzábal matiza y juzga ‘execrables’ los ’asesinatos’ del 3 de Marzo» (“El Correo”).

• «Oyarzábal dice sobre los hechos del 3 de marzo que los policías abrieron fuego ‘para defenderse’» (NAIZ).

 

Handik hiru egunera, Oyarzabalek Martxoak 3 elkarteko kideekin batzartu gura izan zuen. Hedabideek batzar horren berri ere eman zuten:

• «Madril eta martxoaren 3ko biktimen arteko bitartekari izan nahi du PPk, ‘erreparazioa izan dezaten’» (“Berria”)

• «Oyarzábal se ofrece para mediar entre las víctimas del 3 de marzo e Interior» (“Deia”)

• «Oyarzábal se reúne con Txasko para explicarle sus palabras sobre la matanza del 3 de marzo» (NAIZ)

 

Hedabideak, beraz, ez ziren Oyarzabalen bertsioarekin bat etorri. Alderantziz, Estatuak hildako bost langileen eta zauritutako beste 200 lagunen alde egin zuten. Neutraltasunaren arabera, ordea, Oyarzabalen (PP) eta Martxoak 3 elkartearen adierazpenak ematea nahikoa litzateke, haien arteko ika-mika pribatua balitz bezala. Horrela, baina, egia ezkutatuko zuketen, 1976an Espainiako Poliziak batzartuta zeuden langileak elizatik gasak baliatuta aterarazi zituelako, kalean tiro egiteko, eta Estatuak oraindik hiltzaileak babesten dituelako.

 

ETBk, ordea, behin bakarrik informatu zuen, Oyarzabalek batzarra eskatutakoan alegia. Euskal telebista publikoak berezko ezaugarri egin du ematen duen informazioan parterik ez hartzeko joera: «Iñaki Oyarzabal martxoaren 3ko biktimekin elkartu da Legebiltzarrean», azaldu zuen. Aseptikotasun horrek ez zuen Oyarzabalen erasoa seinalatu: ez zuen egiaren berri eman. Hedabideek egiaren alde tinko egin ezean, propaganda hedatzeko tresna bihur daitezke. •