Maider Iantzi

Elektrizitatea

Oroitzen naiz ze lotsa sentitu nuen denda batean erosketak egiten ari nintzela lehenbiziko aldiz mugikorrera deitu zidatenean. Interesantearena egiten ari nintzela iruditzen zitzaidan. Lagunartean ere gogoan dut komentatzen genuela ea ze behar zegoen kalean telefonoz aritzeko, ezin al zen dei hori etxean egin eta lasai atera.

Ez dira hamar urte pasa eta arraroa da trenean, autobusean, edozein txokotan burua altxa eta begiak pantailan itsatsita ez dituen inor ikustea. Bi begik topo eginez gero, berehala jaitsiko dugu begirada, sortzen den txinpartak erretzeko beldurrez. Normala pantailaren bati so egotea da, edozer izanda ere bertan agertzen dena, parekoarekin hizketaldi bat izaten ari bagara ere, begiak begietan ez, pantailan pausatzen ditugu, adibidez nazkatuta gaituen telebista saio horretan. Etxean gertatzen zait. Kexatu eta erraten dut ez zaidala begiratzen ez didan norbaitekin solas egitea gustatzen. Erantzuna, «fijo begira» nik jartzen ditudala deseroso eta elkarren aurpegiak aski ezagunak ditugula!

Haur eta nerabeen guraso eta irakasleen kezka nagusietako bat bilakatu da sakelako aparatu txikia. EU Kids Online proiektu europarrean adin txikikoek Interneten dituzten aukera eta arriskuak ikertu dituzte eta 2011tik 2014ra konektatzeko moduak izugarri aldatu direla konturatu dira. Orain beren egunerokoan hainbat lekutatik erabiltzen dute sarea eta horrek Interneterako sarbidea duten gailuek erabilera gero eta pribatuagoa izatea ekarri du. Azterketa horretan parte hartu duen EHUko taldeko zuzendariak, Maialen Garmendiak, ondorioztatu du gurasoen inplikazioa gakoa dela eta alde onak eta txarrak azalduz txikitatik mundu honetan barneratzen laguntzea gomendatu die. Gauza guztiak bezala, berez ez baitira ez onak ez txarrak, neurria hartu behar. Eta, noizean behin, burua altxatu ingurukoei begiratzeko, makinen elektrizitatea ona baita baina bi begien artean sortzen dena aunitzez hobea.•