Ramon Sola

Nafarroako «abertzale berriei» kasu

Abisua aurretik, izenburuak ez dezan inortxo ere engainatuta erakarri. Artikulu honek ez du Podemos-Ahal Dugu hizpide izango, bai ordea ‘‘Navarrometro’’ azterlanaren emaitzak. Alderdi berriak eragiten duen morboak zu zeu begirada lerrootan pausatzera eraman bazaitu, beraz, alferrikako lana izango duzu hurrengo datorrena irakurtzea. Aitortu beharko baita goizegi dela Ahal Duguz ganorazko ezer esateko: irizpide handi bezain orokorrak, telebistako hainbat aurpegi ezagun eta zenbait lelo ezagutzen ditugu, ez besterik, musika atsegina baina letrarik ez, eta soinua ere urrutitik heltzen zaigu, Madrildik. Denbora izango da aurrerantzean ere honetaz fundamentuz aritzeko.

Baina nonbait “X” handi horrek berarekin dakarren fokuak gainerako den-dena itsutzen du. Ahal Duguk 18 legebiltzarkide-EH Bilduk 11-UPNk 8 emaitza sinestezin horretatik begirada kentzea zaila egiten da. Eta hala ere, inkestan bada beste hainbat datu harrigarririk, eta, nire ustez, sinesgarriagorik; erraietatik baino, bihotzetik eta burutik erantzuten den beste galdera multzo bati dagozkiolako datuok. Nafarroako etengabeko itauna da, letra handiz idazten dena, azken mendearen zilbor hestea, gakoa.

Ikus dezagun: Nafarroa eta EAE baturik ikusi nahi ote luketen galdetuta, %31k baietz erantzun du, duela lau urteko %25 hura nabarmen gaindituta. Sei puntu aurrera egin du baietzak beraz, eta bederatzi puntu atzera ezetzak (2010. urteko %64tik egungo %55era, “Ez daki/Ez du erantzuten” atalean kokatzen direnen kopurua ere hiru puntuz handitu baita). Ño!, ez da gutxi. Baina oraindik mamitsuagoa, ondoko datu hau: Hegoaldeko egungo bi autonomia erkidegoen artean gune komun, iraunkor eta egonkorra nahi ote luketen galdetu zaie estreinakoz nafarrei, eta %69k baietz esan du, %23k ezetz eta %8k ez dakiela. Apustu egingo nuke datu horrek ez duela eserleku banaketaren aurreikuspenak berak baino baina kezka gutxiago eragin UPNren egoitzan.

Aztertutako bi aldagaiak bakarrean bilduz, hauxe litzateke ondorioa: nafarren %31 ohiko abertzaleak dira (batasunaren aldekoak); beste %38 ez dira abertzale termino klasikoetan ulertuta (ez daude bi erkidegoak batzearen alde), baina Nafarroa EAEren ondo-ondoan izanik eta elkarrekiko laguntza bultzatuta hobeto biziko liratekeela uste dute; beste %23 ez da inolaz ere abertzale, ez klasiko ezta “moderno” ere (egungo erregimenzaleak dira beraz, orain arte jaun eta jabe izan direnak); eta %8k (gutxi) ez du hautu argirik egin.

Datuok ez dute parekorik, ez ezagutu ohi ditugun erakundeetako ordezkaritza banaketarekin alderatzen baditugu, ez eta hainbat aurrekariren bidez neurtuta ere. Gogora dezagun lau herrialderen arteko balizko elkarlanak bi saiakera dituela atzean. 1996. urtean, Nafarroako Legebiltzarreko 50 parlamentarietatik 28 izan zituen alde, %56 beraz; garaipen eskasa UPNk bidea zapuztu aurretik. Eta 2007an, Loiolako elkarrizketetan adostu zen hasierako zirriborroan; akordioa, baina, ez zen itxi eta ondorioz plana ez zen nafar ganbarara heldu, helduz gero emaitza aurreko berdina izango zatekeen arren, aldekoek %56ko ordezkaritza baino ez zutelako biltzen bertan.

Orain, aldiz, %69 dira, inoiz baino gehiago. Eta UPN-PSN-PPren tesiaren aldekoak, aldiz, %23, inoiz baino gutxiago. Hortaz, bada zer ospatu, eta batez ere bada zer egin, non eragin. Bereziki «abertzale berri» horien esparruan, hiru multzoetatik handiena osatzen dutenak, betiko abertzale eta betiko espainolisten artean baino ez distantziakide. Antza, beraiena bihotzean baino buruan hazi den sentimendua da. Nafarroak bakartuta ez du haientzako ezer eskaintzerik –krisiak, ustelkeriak, sektarismoak, fobiek... barrutik hustu dute– eta arrazoizkoa zaie gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ondoan etorkizunari ekitea; lagungarria, positiboa, oparoa, ona. Kasu egin diezaiegun. •