Iker Barandiaran

Sorkuntza plazaratzeko erakusleihoak babestu

Durangoko Azoka begi bistan dago, ezinbesteko ekimena euskal kulturaren biziraupenerako (halako gordin!); gero eta gehiago, gainera. Hori desagertuz gero, izugarrizko kaltea eragingo lieke bai argitaletxeei, bai diskoetxeei bai zuzenean sortzaileei eurei ere. Iraganean, beste inon euskal kultura erakutsi eta saldu ezin zitekeenean, hil ala biziko ekimena zen, funtsezkoa. Gerora, aginteak kulturaren presentzia behintzat baimendu zuenean, erakusleiho papera zuen Durangoko elizako atartetik leku zabalago batera mugitu zuten plazagune erraldoiak. Baina bitarte horretan gauza asko aldatu dira, izugarri, eta lehen urteetan kultura saltzeko aukera erraldoia zena, gaur egun ia urteko bakarra bihurtu da tamalez. Euskal kulturaren sorkuntza zati oso esanguratsu bat, ia oharkabean, abendu hasierara begira-begira dago halabeharrez. Orain dela urte batzuk hainbat eta hainbat sortzailek oraindik bizkarra ematen zioten Durangoko topaketari, baina horietako gehienek, errealitateak berak bultzatuta, amore eman behar izan dute.

Kultura gero eta gutxiago kontsumitzen da; edo hobe esanda, gero eta jende gutxiago dago prest kulturaren truke ordaintzeko. Iraganeko batzuen gehiegikerietatik beste muturrera pasata, gaur egungo kontsumitzaile askok ez dute kulturaren sormen lana inola ere aintzat hartzen, ezta onartzen ere. Ez dute hala esango, baina hala jokatzen dute praktikan. Hori horrela izanik eta tamainaz eta biztanlez txikia den Euskal Herri honen mugak ezagututa, orainari eta zer esanik ez etorkizunari begira ezkor dira gure arteko sortzaile eta eragile asko.

Nik neuk –beste askok bezala– azoka barrutik zein kanpotik ezagutu izan dut. Egona izan naiz sortzaile-eragile-saltzaile gisa urte gutxi batzuetan; eta, baita ere, urte gehienetan, ikusle-erosle gisa. Aukeran dibertigarriagoa da saltzaile-erakusle aritzea. Baina, kanpotik azokara joateak norbera estresatzeko ezaugarriak izan baditzake ere, xarma berezia dauka niretzat, gure herrian ekoizten den sorkuntzaren lagin garrantzitsu baten lekuko izateak harrotasun sanoa gehitzen didalako, topagune ia errepikaezina delako –zer esanik ez, Facebook-a ez dugunontzat–, eta aipatutako arrazoi horien guztiengatik Durangon batzen dena ekimenaren eta sorkuntzaren ospakizuntzat ere har daitekeelako.

Hara joaten naizen guztietan poltsa beteta ekartzen dut; behar ditudan eta ez ditudan ekoizpen ugarirekin. Hori esanda, lerro artean argitu beharra dago poltsak tamaina askotakoak izan daitezkeela, eta hori baino garrantzitsuago kontsumoaren eta kulturaren ikuspegitik oso zaila dela banatzea zer den beharrezkoa eta zer ez. Pertsonaren, pertzepzio pertsonalen eta momentuen arabera izan daiteke hori. Harira itzulita, urtero etxera heldu ahala badakit eskuratutako ekoizpenetako batzuek hurrengo urtera arte poltsa berean jarraituko dutela. Hor daude oraindik. Eta jakin badakit aurten ere gauza bera egingo dudala. Baina horrek ez dit inongo arrangurarik sortzen, alderantzizkoa baizik. Horien artean badira irrikaz erositakoak, militantzia edo elkartasunak bultzatuta lagundu nahiaz, konpromisoz baten bat eta, zergatik ez, baten batzuk txiripaz ere.

Esan bezala, tokatu izan zait mostradorearen beste aldean egotea ere. Ez zait ahaztuko, esaterako, “Putz” aldizkariaren eta Apokaliftin argitaletxearen sasoian argitalpen horiek aurrera ateratzeko bizi izan genuen hasierako lotsa, ausardia eta ilusio nahasketa. Ez zen errazena euskararen eta euskal kulturaren testuinguru neurtuan literatura, pornografia, zirikatzea eta lerratu ezineko pentsamendu askea koloretako azalarekin euskaraz batzen zituen ekimen baten lehen pausoak eman eta egonkortzeko ahalegina egitea. Horrek guztiak ez zeukan ez preziorik ezta ordainik ere, eta, zerotik hasi ginenez, lorpen guztiak ziren itzelak guretzat, baita Durangoko Azokan gure presentzia bermatzea ere. Eta, jakina, han izan ginen, Euskal Herriko beste leku askotan bezala guk pertsiana itxi genuen arte, batzuetan zarata handia aterata eta beste batzuetan apalago.

Hau guztia esanda, ez dut ahaztu nahi Durangoko Azokan islatuta ez dagoen kultura ugari dagoela Euskal Herrian. Baina, hala ere, ezinbesteko hartzen dut plazagune hori aintzat hartu eta sostengua ematea, sortzaile, kontsumitzaile, euskaldun edo kultura zale garen heinean. •