Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Ion Irurzun
Gipuzkoa berritzen elkarteko zuzendaria

«Ez da epe luzea perbertitu behar epe laburrari erantzuna emateko; epe laburreko lanak errealitatea makilatzen du»

Marketinean eta enpresa kudeaketan lizentziatua, berrikuntza arloan duen eskarmentua Gipuzkoa Berritzen elkartearen zerbitzura jarri du donostiarrak.

Herrialdearekiko konpromisoa duten herritarrak elkartzea eta berrikuntza sarea sortzea izan dira, Gipuzkoako Aldundiak sustatuta bere hastapenetik egun profil anitzeko 72 bazkide dituen Gipuzkoa Berritzen elkartearen helburu behinenak. Ion Irurzun zuzendariaren esanetan, elkarlana oinarrizko tresna dute euren lanean: «Banakako perspektibak mugatuak dira, emaitza mugatuak dakartzate; elkarlanak berrikuntza garatzeko beste modu bat dakar».

Hausnarketaren eta ekintzen arteko oreka bilatzen jarduten dute, ideiak teoriatik harago eramatea oinarrizkoa dela jakinda. Epe luzeari eta ezagutza sortu eta elkartrukatzeari beharrezkoa den arreta eta balioa ematea proposatzen du: «Lantaldearen dinamikan ezagutza asko elkartrukatzen dira eta beraien artean sortzen diren harremanak hasiera batean diruditenak baino askoz emankorragoak dira».

Urte batzuetako ibilbidea badu zuen lanak, zein funtsekin diharduzue lanean?

Gipuzkoa Berritzenen helburu nagusia berrikuntza sarean sustatzea da. Bide horretan, kooperazioa bultzatzea funtsezkoa da, batez ere, egundo bizi dugun krisi egoera honetan. Elkarlanak berrikuntza garatzeko beste modu eta eredu bat ahalbideratzen du. Banakako perspektibak mugatuak dira, emaitza mugatuak dakartzate; elkarlanak, berriz, berrikuntza garatzeko beste modu bat dakar. Ideia hori oinarri hartuta egiten dugu lan proiektu desberdinak bultzatzen. Gaur egun Gipuzkoa Berritzenen baitan martxan dauden lan ildoak zabalak dira eta horiek ekintza zehatzetara eramateko ahalegina egiten dugu guk. Azken batean sare bat egituratzen dugu eta haren koordinazio lana egin.

 

Asko hitz egiten da azken denboran berrikuntzaz...

Nire ustez, berrikuntza arloan espektatiba handiak sortu dira eta guztiak ez dira zuzenak. Guk “berrikuntza” terminoa bera sinplifikatu egiten dugu. Azken batean, berrikuntzaren atzean jarrera bat dago, dena hankaz gora jartzeko ahalegina eta iniziatiba bultzatzeko helburua. Horregatik kooperazioa lantzeko orduan besteei entzuteko gaitasuna, enpatia edota elkarren arteko harremanak garatzeko moduak jorratzen saiatzen gara.

Oro har, jendearen partetik berrikuntzarako eta ekinbiderako joera hori antzematen al duzu?

Epe luzeari begira landu behar den zerbait da iniziatiba. Askotan epe laburrari begira egiten da lan eta nahi izaten da ahalik eta esfortzu gutxien eginda proiektuak garatzea eta martxan jartzea. Ez dut horretan sinesten; berrikuntza prozesu bat da, indar handiarekin landu behar dena. Ideiak lantzeko halako insistentzia batekin jardun behar da, eta lehen zailtasuna agertzearekin batera ez etsi.

 

Ahalegin horretan pedagogia egitea guztiz beharrezkoa izango da, ezta?

Gu, alde batetik, proiektu zehatzak ahalbideratzen saiatzen gara, horretarako esperimentaziorako aukera emanda; era berean, kooperazioa talde batean nola sustatzen den lantzen dugu, proiektuek aurrera egiteko zein elkarlan mota garatu behar den aztertzen dugu. Azken arlo horretan bai, hor pedagogia lana egitea behar-beharrezkoa da.

 

Egitura oparoa da sarea. Euskal Herrian, ekonomia eta berrikuntza arloan, zein ekarpen egiten du?

Bai, sarea asko aipatzen da, baina sare gisa definitzen den asko ez da sare, nire ustez. Sareak ezinbestean harreman jarraituak eskatzen ditu eta hori, tamalez, ez da beti egiten. Horregatik, gure eginbeharretako bat jarraikortasuna mantentzeko mekanismoak jartzea da.

 

Gipuzkoa Berritzenek 72 bazkide eta lantaldeekin kolaboratzen duten pertsona ugari biltzen ditu. Profilak ere anitzak dira.

Hasiera batean enpresei begirako profil desberdin asko biltzen ziren gure bazkideen artean eta hori zabaltzen joan gara. Enpresak ez du, izan ere, gizartea ordezkatzen; gizartea enpresak baino askoz gehiago da. Enpresak hor egon behar du noski, eta guk haren ondoan egon behar dugu, baina profil desberdinak izatea oso aberasgarria da.

 

Gipuzkoako beharrak identifikatzea eta haiei erantzuten saiatzen da pertsona horiek duten helburua.

Une zehatz batean dinamika bat sustatu genuen gizarte bezala genituen beharrak identifikatzeko, eta zehazteko proiektuen bidez nola erantzun behar genien haiei. Prozesu horretan parte hartu zutenak euren interes korporatiboak alde batera utzi eta Gipuzkoako interesei begira jarri genituen. Hala, lan ildo desberdinak garatu genituen: iniziatibaren zentzua lantzeko, partaidetza bultzatzeko, Gipuzkoako garapen estrategia desberdinak jorratzeko, etika eta enpresa lantzeko... Lan ildo zabal horiek ekintzetara eramatea kosta egiten da, hausnarketa sakona behar-beharrezko dutelako. Zentzu horretan argi dut oreka maila bat lortu behar dela hausnarketaren eta ekintzaren artean. Sare batean ekintzarik ez badago, sinesgarritasuna galtzen du erabat; sareak indarra du baldin eta proiektuak garatzeko ahalmena badu, gainerakoan, teorian baino ez da geratzen dena.

 

Zein fasetan daude lantalde desberdinak?

Proiektu bakoitza fase desberdinean dago. Adibidez, guztion onerako ekonomia lan ildoa inplementazio fasean dago orain. Arrasaten Emausek martxan jarri duen EcoCenter gunean martxan dago eta laster emango ditu bere lehen emaitzak. Partaidetza arloan ere proposamen bat aurkeztu genuen, onartu egin zen eta hari hainbat enpresa atxiki zitzaizkion. Partaidetza, izan ere, Gipuzkoan lan ildo estrategikoa zela ikusi genuen. Argi dugu partaidetza sustatu behar duten enpresek benetan sinetsi behar dutela haren balioan.

 

Guztion onerako ekonomia, nola egiten da hori?

Une zehatz batean Euskal Herrian ezagutzera eman den eredua da, beste bat ere aplikatu zitekeen baina hau aukeratu da. Eredu hau kapitalismoaren ideiatik kanpo kokatzen da eta alternatiba sozioekonomiko berri bat planteatzen du pertsona eta gizartea oinarrian jarrita. Eredu horrek defendatzen duen matrizea lantzen ari gara defendatzen dituen adierazleak aztertuta.

 

Krisi garaietan kooperazioa defendatu behar dela aipatu duzu, baina egoera ekonomikoaren egoerak lan egiteko epeetan eragina izango du seguru asko.

Kasu askotan epe luze eta laburraren arteko talka sortzen da. Guk epe luzera begira jartzea defendatzen dugu eta hori da, hain zuzen ere, gure “nola”, lan egiteko dugun modua; baina uste dugu halaber epe laburrari erantzuna eman behar zaiola eta, noski, baita krisi egoera honi ere. Batak ez du, halabeharrez, bestearekin borrokan sartu behar. Epe laburreko proiektuak garatzen ditugu, baina beti jabetuta epe luzeari erantzun behar zaiola. Argi dut ez dela epe luzea perbertitu behar epe laburrari erantzuna emateko; izan ere, epe laburrean maiz ez dira gauzak aldatzen, makilatu baizik.

Aipatu duzun joera hori ohikoa da, ordea.

Bai, epe motzari begira antsietatea sortzen zaigu eta. Antsietate hori batez ere beti erabili izan ditugun adierazleei erantzuteko ahalegin horretatik sortzen da. Adierazle ekonomikoak erabili izan dira beti, eta, horiek egon behar duten arren, beste batzuk ere kontuan hartu behar dira.

 

Gizarteak ere berehalakotasuna eskatzen duela sumatzen duzu?

Bai, kulturalki hori erakutsi digute eta. Oso epe motzari begira lan egiten irakatsi digute.

 

Zuen gisa hausnarketari begira eta kooperazioaren bultzatzaile gisa jarduten duten eragileak sortzeko joera badago hemendik kanpo?

Bai, eta egon behar du gainera. Azken batean norbaitek egin behar du akuilu lana. Ez gara besterik gabe elkarlanean hasten inork bultzatzen ez bagaitu. Eguneroko inertziak ez du lan hori ahalbideratzen eta maiz kanpotik begiratu eta sinergia horiek garatzea errazagoa da.

 

Elkarlanak proiektu zehatzak bai, baina ezagutzaren elkartrukea bera ere ahalbideratzen du. Zer-nola baloratzen duzue?

Oso positibotzat, noski. Gaur egungo estrukturarekin ezagutza asko ezkutuan geratzen da. Kontua da sortzen den ezagutza inori saltzea zaila dela, hura neurtzeko modurik ez dugu eta. Lantaldearen dinamikan ezagutza asko elkartrukatzen da, eta beraien artean sortzen diren harremanak hasieran diruditenak baino emankorragoak dira. Horretarako parte hartzaileek argi izan behar dute ekarpena egiteko prest egon behar dutela; izan ere, ekarpena egiten ari ez dena galerak sortzen ari da, bere parte hartzea ez da zeroan geratzen.

Alor batzuetan enpresen arteko lehiakortasuna handia da. Nola gainditzen da hori?

Gurean ohikoa da gai batean trebatzea eta ikasitako hori lan egiten dugun enpresaren zerbitzura jartzea. Ezagutza hori gizarteari begira ere jar dezakegu. Soilik horrela uler daiteke konpetentzian ari diren enpresen arteko elkarlanetik atera daitekeen aberastasuna. Gurean esperientziak baditugu; konpetentzia zorrotza duten sektoreen artean kooperaziorako tartea uzten duten eremuak ari dira deskubritzen elkarlanean.

 

Horretarako aurreiritzi asko gainditu behar dira, ez duzu uste?

Eman eta jasotzen dugunaren arteko ekitatea lortzea zaila da, baina gure bueltan biltzen direnek badakite batzuetan batzuei tokatzen zaiela jasotzea eta beste batzuetan beste batzuei. Norberaren planteamendu eta xedeetan lagapenak egin behar direla bistakoa da.

 

Orain bi aste batzarra egin zenuten eta datorren urterako lan ildoak zehaztu zenituzten, berritasunik bai?

Bi lan ildo nagusi finkatuta dauzkagu oraintxe bertan: proiektua dinamizatzen jarraitzea eta sarea indartzea. Bigarren arlo horri garrantzia ematen diogu eta horretarako ezinbestean komunikazioa landu behar dugu. Azken batean bi arloek erlazio handia dute; gure proiektuan komunikazioa ekintza bera da, eta, ere berean, ekintza lantzeko komunikazioa behar dugu egiten dugun lana ezagutzera eman behar dugulako. Ezarritako beharrei erantzun eta estrategia zehatzak finkatzeko, izan ere, jende askorengana iritsi behar dugu, eta haien arteko elkarlana sustatu.