Mikel IBARGOIEN
Elkarrizketa
Harri-jasotzailea

«Oso marka onak lortu ditut aurten, baina bereziena larunbatekoa da, nire prestatzaile zenari eskainia»

Orioko harri-jasotzaile gazteak aurreko asteburuan bi egunetan bi errekor berri ezarri zituen. Emakumerik apenas aritzen den kirolean, bidea sendo zabaltzen ari da.

Idoia Etxeberria (Orio, 1992) marka guztiak hausten ari da eta aurreko asteburuan aho zabalik utzi zuen jendea beste behin bi egunetan bi errekor berri eginda. Orioko harri-jasotzaileak 112,5 kiloko kubikoa hiru aldiz jaso zuen hiru minutuko epean, ostiralean. Eta, larunbatean, berriz, 100 kiloko kopari 56 jasoaldi eman zizkion bost minutuko bi txandatan Mendaron –27 lehenengoan eta 29 bigarrengoan–.

Aparteko gorputzaldia du azken boladan (abuztuan Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen eta urrian beste marka bat egin zuen; 100 kiloko harri kubikoa bost minutuko txandan zortzi aldiz jaso zuen) eta momentua primeran baliatzen ari da. Argi dago kirol arloari begira marka horiek balio ikaragarria dutela, baina azken lorpenak Idoiarentzat duen esanahia are eta handiagoa da. Izan ere, 2013ko azaroan hil zen ordura arte bere prestatzaile izandako Jose Ramon Unanue, eta, hain zuzen, hura izan zen Mendaron jaso zuen harria oparitu ziona. «Idoia, nik harri honen pusketa bat nirea izatea nahi dut eta egunen batean marka politen bat lortzen baduzu niri eskaintzea gustatuko litzaidake». Hitz horiek esan zizkion Jose Ramonek Idoiari, eta, hortaz, merezitako omenaldia egin dio Idoiak bere entrenatzaile, gidari eta erreferentzia izandakoari. Oso pertsona garrantzitsua izan zen Idoiarentzat, eta, oraindik, egunero presente du oroimenean.

Bi egunetan bi marka eginda asteburua borobila izan da aurrekoa.

Oso pozik nago. Aste borobila izan zen eta, oro har, urte guztia izan da ona. Aurreko urtean gauzak ez zitzaizkidan nahi bezain ondo atera, baina zorionez egoera hari buelta ematea lortu nuen eta oso marka onak lortu ditut. Horrek erakusten du egindako lan gogorrak bere fruituak eman dituela.

Lehenengo marka, gainera, Orion bertan eta festetan. Pentsatzen dut jendearen artean ere zeresana emango zuela.

Egia esanda horrelakoetan jendeak oso ondo erantzuten du herrian. Eguna gerturatzen den heinean jakin-mina handitu egiten da eta lanak amaitutakoan jendearen poza sumatzen dut. Gainera, jende pilo bat gerturatu zen ikustera eta egia esateko oso gustura nago jendeak izan duen erantzunarekin.

Bigarrena, berriz, Mendaron lortu zenuen eta Jose Ramon Unanueri eskaini zenion, zure prestatzailea izandakoari.

Pertsona oso berezia zen niretzat. Nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenetariko bat zalantzarik gabe. Gaur egun lortzen ari naizen guztia ez nukeen lortuko bere laguntzarik gabe. Fisikoki prestatzeaz gain, psikologikoki ere lan handia egin zuen nirekin. Halaber, eguneroko bizitzan eragina duten zenbait gauza ere berak irakatsi zizkidan. Momentu haietan nire gidari eta lagunik onena izan zen.

Aurreko urtean hil zen birus baten ondorioz eta oso gaizki pasa nuen. 8-9 hilabete egon nintzen ezer egin gabe eta harriaren mundua uztekotan ere izan nintzen. Epe hori pasata txapelketan parte hartzeko deitu zidaten, baina indarrik gabe nengoen. Hala ere, anaiak animatuta [Jose Ramoni omenaldi batzuk emateko bueltatu behar zuela esan zion] parte hartu nuen eta aurrera egitea lortu dut. Eta aurtengo txapelketa eta bereziki larunbateko marka berarentzat dira.

Oraindik oso presente duzu.

Bai. Egunero gogoratzen naiz berarekin. Ni gaur naizena berari esker naiz. Ume bat nintzela hasi nintzen lanean berarekin eta eraldatu egin ninduen. Berak erakutsi zidan nolakoa izan behar duen kirolari batek. Sekula ez dut topatuko Jose Ramon bezalakorik. Berak ematen zidan segurtasuna ikaragarria zen. Gutxirekin asko egiten genuen. Etekin ikaragarria ematen zuten bere lan saioek.

Etengabe ari zara hobetu eta hobetu. Non dago Idoiaren muga?

Ez dakit. Hori denborak esango du. Ni momentuz oso ondo aurkitzen naiz eta markak eta erakustaldiak egiten jarraitzeko aukerak ematen dizkidaten bitartean horiek aprobetxatzen saiatuko naiz.

Bi marka saiakera segidan egitea ez da ohikoa. Nondik sortu zen ideia?

Hasiera batean ez zegoen horrela pentsatuta. Nik hilaren bostekoa soilik egitea pentsatzen nuen, baina egun horretarako hitzordua baieztatu nuen arratsalde berean deitu zidaten Mendaron beste saiakera bat egiteko eskaintza eginez. Entrenamenduetan probatzen hasi ginen eta egin nezakeela ikusita baiezkoa eman nuen. Baina ez da normalena, ez.

Gainera, bi harriak oso desberdinak dira.

Egia da. Kubikoarekin lana mantso egin behar izaten da, eta, koparekin berriz, biziago. Egin beharreko mugimenduak ere desberdinak dira. Beraz, ez da erraza bi modalitate horien entrenamenduak uztartzea. Batetik bestera igarotzean buruko txipa erabat aldatu behar da. Horrek kontzentrazio handia eskatzen du eta ez da xamurra. Baina dena ondo atera da eta gustura azkenean.

Mota horretako probetan gorputza asko behartzen da eta normalean denbora behar izaten da errekuperatzeko. Nola erantzun zizun gorputzak?

Zalantza puntu bat banuen bi saioak segidan izanda, baina gorputzak ondo erantzun zidan. Fisikoki baino gogorragoa izan zen psikologikoki. Orion egin nuen markako jaialdia nire markarako soilik prestatuta zegoen eta denak nik egingo nuenaren zain zeuden. Gainera, festen txupinazoaren ostean izan zen eta jende pilo bat zegoen bertan. Normalean marka bat egin eta handik bi egunera edo izaten dut beherakadatxo bat, baina, kasu honetan, larunbatean beste hitzordu bat nuenez, tentsioa mantendu behar nuen. Eta, orain, egia esan, ondo nago. Agian aurreraxeago izango dut beherakada, nork daki.

Eragin psikologikoa aipatu duzu. Kirolari batzuk kikildu egiten dira plazan. Hau da, ez dute ondo kudeatzen jendearen «presio» hori. Eta, beste batzuk aldiz, hazi egiten dira. Zu zein multzotan kokatzen zara?

Ni normalean hazi egiten naiz jendaurrean. Jendea begira dudanean lana gusturago eta errazago egiten dut. Egia da batzuek ez dituztela egoera horiek ongi kudeatzen, baina nik normalean etxean egindako lana plazan egitea lortzen dut, eta, aukeratu beharko banu, nahiago dut lana jendaurrean egitea.

Argi dago ostiralean egindako ahaleginak larunbateko jarduna baldintzatu egin zuela. Soilik larunbateko saioa bazenu, 100 kiloko kopari jasoaldi gehiago emango zenizkiola uste al duzu?

Hori orain esaterik ez dago, baina argi dagoena da bi helburu batera jarri beharrean bakarra jarriz gero, horretara bideratzen duzula zure prestaketa guztia eta normalean emaitzak ere hobeak izaten dira. Dena den, egindako markarekin pozik nago.

Momentuz 100 kiloko koparekin emakumeen alorrean erreferentzia bakarra zegoen. Estitxu Almandozek 17 jasoaldi eman zizkion bost minutuko txanda batean, eta, zuk, berriz, 29. Aldea ikaragarria da.

Ni nire lana egitera eta nire guztia ematera joan nintzen, beti bezala. Nire helburua nire lana ahalik eta hobekien egitea zen eta ez bera leku txarrean uztea.

Almandoz eta zu bakarrik zabiltzate mundu honetan eta bien arteko aldea handia da momentuz. Nola daramazu aurre egin diezazukeen aurkaririk ez edukitzea? Pentsatzen dut lehiakortasun falta hori kalterako izango dela.

Lehiakortasun falta azken lau urteetan izan dut. 2010etik bakarrik ibili naiz lau urtez, Estitxu hasi den arte, eta, egia esan, nabaritu dut. Nire lanak eta errekorrak egiten joan naiz, baina aurkariek ematen duten tentsio puntu hori edukitzea ona dela uste dut. Aurtengo txapelketan Estitxu animatu zen eta asko poztu nintzen. Oso lan ona egin zuen gainera. Nik uste dut lanean jarraitzen badu aurkari gogorra izango dela.

Bi hilabete inguruan hiru marka egin dituzu. Zure ibilbideko momenturik gozoenean zaudela esan daiteke?

2012an 150 kiloko harria jaso nuenean ere oso ondo sentitzen nintzen, baina gero lesio batzuk izan nituen eta orduz geroztik orain bezain indartsu ez naiz sekula egon, eta, agian, orain egongo naiz nire puntu gorenean.

Egun harriaren munduko erreferentzietako bat zara, baina, atzera begiratuz, nolatan hasi zinen?

Aurretik futbolean jokatzen nuen, baina egun batean Orioko herri kirol taldeko neska bat ikusi nuen harria jasotzen eta aitari nik ere probatu nahi nuela esan nion. Nire familiak lotura estua izan du betidanik herri kirol munduarekin, baina harriarena bereziki berria zen guretzat. Hala ere, probatu egin nuen eta gustatu egin zitzaidan. Egun hartako kontua izan zen. Lehenago sekula ez zitzaidan burutik pasa ere egin, eta ez zen bereziki erakartzen ninduen gauza bat.

Nola hartu zuten ingurukoek?

Orduan 14 urte baino ez nituen eta hasieran erotzat hartu ninduten. Gainera, garai hartan gerritik gaizki nenbilen eta niretzat kaltegarria izan zitekeela uste zuten. Baina bertan gerria eta hankak asko lantzen dira eta mesede ere egin didala esango nuke. Jendeak ere asko hitz egiten zuen horri buruz hasieran. Ez da emakume asko ibiltzen den kirola, baina, orain, jendeak normaltzat hartzen du.

Segituan hasi zinen emaitza onak pilatzen eta agian horrek ere lagundu zuen jendearen pentsaera aldatzen.

Inongo zalantzarik gabe. Gauzak lortzen nindoan heinean jendeak ikusi zuen oso serio hartzen nuela, gustura egiten nuela eta gaitasuna banuela; eta jendea nire lana baloratzen eta estimatzen hasi zen.

Harriak jasotzen ibiltzeaz gain giza proban ere aritzen zara.

Bai. Moxtakak taldeko kidea naiz. Baina bertan exijentzia maila ez da horren altua. Ondo pasatzera eta kirola egitera joaten gara eta ez bete-betean lehiatzera.

Zer desberdintasun nabarmenduko zenituzke harriaren eta giza probaren artean?

Alde nagusia da harriaren kasuan zuk bakarrik lehiatzen duzula, eta, giza proban berriz, taldean aritzen zara. Horrek esan nahi du bakarrik lehiatzean erantzukizun guztia zurea dela, eta, beraz, egun txar bat duzunean ezinezkoa da disimulatzea. Taldeka, aldiz, nahiz eta zuk zure lana behar bezain ondo ez egin, gainontzekoek berea ematen badute egun horretako zure ahulezia oharkabean pasa daiteke.

Hori gutxi ez eta zaldiarekin hasi zara.

Horretan ere gustura nabil. Anaia eta biok ibiltzen gara zaldiarekin. Gure familia beti egon da herri kirolekin lotuta eta nik gozatu egiten dut modalitate desberdinetan.

Normalean emakume kirolariek egiten dutena bigarren plano batean geratu ohi da. Ez dakit zein den zure kasua, zer sentsazio duzun.

Nire kasuan behintzat nahiko gustura nago. Dezentetan deitzen didate eta sekula ez zait iruditu albo batera utzi nautenik. Nik uste dut emakume izateagatik soilik zeresan handiagoa ematen dudala, eta, egia esan, ezin naiteke kexatu.

Emakume kirolari bakan batzuek baino ez dute kiroletik bizitzeko aukera eta pentsatzen dut zuk ere ezingo duzula bizi kiroletik soilik.

Ez da posible, ez. Egia da dirua ematen digutela egindako lanengatik, baina neurri berean gastuak ere baditugu. Arropak, harriak, bidaiak… hori guztia ordaindu egin behar da, eta, askotan, jasotzen duguna baino gehiago gastatzen dugu. Mundu honetan sartu bezain pronto esan zidaten bertatik aberastea ezinezkoa zela eta nik hori ere banekien. Nik behintzat ez daukat bertatik bizitzeko aukerarik eta gustatzen zaidalako nabil.

Eta harrira itzulita, zein izango da zure hurrengo erronka? Horrez gain ba al duzu egitea gustatuko litzaizukeen bestelako marka berezirik?

Hurrengo erronka Aian izango dut urtarrilean, baina oraindik zehazteke dago zer egingo dudan eta zein harrirekin. Bestalde, 2012. urtean 150 kiloko errektangularra jaso nuen eta marka hori hobetzea gustatuko litzaidake. Ez dakit noiz baina hori buruan dut.