Maider Iantzi Goienetxe

Dumitru

Umatzeko leku on baten bila ibaian goiti igeri egiten duten izokinak bezala etorri da Euskal Herrira Cosmin, Dumitru semeari bizimodu hobea eskaini nahian. «Danubio no azzurro. Dunărea este neagră! Danubio nero!», penatu da kale kantoian eskusoinua jotzen ari dela “Danubio urdina” eskatu diotenean. Danubio ez da urdina, beltza da eta horregatik gomendatzen dio semeari ez bertara itzultzeko eta ur gazian bizitzen ikasteko.

Duintasuna sentitu dut Koldo Izagirreren “Dumitru” irakurtzean, hasi eta bukatu, bi aldiz, hainbertze gustatu zait... Baina injustiziak eragindako amorrua hazi zait barrenean, eta estutasuna arrainaren lekuan jartzean. Uretatik atera dute eta ahoa ireki eta itxi dabil arnas bila. Alde guztietara mugitu arren sarean harrapatuta dago. Baina badu borrokarako grina, irristakorra da eta ihes egin du ito nahi duten atzaparretatik. Salto batean uretan da berriro, berreskuratu du arnasa.

Dumitru euskalduna da, baina errumaniarra ere bada eta horrek arazoak ekartzen dizkio. Buruan iltzatuta gelditu zait semeari ematen dioten tratu txarraren aitzinean ukabila estututa aitak erraten duena: «Dumitru euskalduna da, baina euskaldunek horrela tratatu behar baduzue, hobe du errumaniarra izan».

Egunero aditzen ditugu etorkinenganako injustiziak, baina beteta dugu bihotza eta batzuek itxita ere bai estereotipoak direla-eta. Eguneroko ogia ditugu horiek ere. Samurra da arraina. Kontua da nola transmititu eta nola aldatu mila ideia oker. Ulermena ez da hizkuntza kontua, itxita dagoenari ez zaio deus sartzen eta hurbiltzen ez denak ez du ezagutzen. Ur beltzak ez datoz Danubiotik. Marmarrek arrainak itotzen dituzte. •