Gorka Zozaia

Etorkizunera itzulera

Urte berri on, ezer baino lehen! Letra hauek idaztean oraindik 2014a den arren, nolabait etorkizunera bidaiatzea posible eginez, derrigorrezko mezua doa ezeren aurretik. Urtekariek hamaika gertakari politiko, ekonomiko eta sozial jasoko dituzte atzean utzi berri dugun epealdiaren bilanean. Ziur harrituko garela bere oparotasun eta sakontasunarekin, den-dena, eguzkiari bira bakar bat eman diogun bitartean eman delarik. Zientzia komunitateak Rosetta espazio-misioa hartu du urteko gertakari nagusi gisa (lehen aldiz “Nature” eta “Science” aldizkariek bat eginda gainera), kometa bat horren gertutik aztertzeko gai izana ospatuz. Ez da gutxiagorako, gainera, Eguzki Sistema sortu zenetik gutxien eraldatu diren astro horiek baitira Lurrera ura eta materia organikoa (eta apika bizia bera) nondik heldu ote ziren argitzeko gakoa, eta lortu dena 2004an Lurretik jaurtiki zen gailu bat bertan pausatzea eta bertatik bertarako informazioa bidaltzea izan baita.

Goizegi da, dena den, etorkizunera areago joateko, eta hurrengo eguzki-bira 2015. eguzki-bira izanik (tira, justu letrok idazten ditudan egunean ospatzen ei dugun jaiotza hori erreferentzia hartuta) derrigorrean egin behar dut etorkizunera itzulera. Izan ere, urratu berri dugun 2015ak ekarriko duenaz duela 30 urte inguru idatzi zen dagoeneko “Back to the Future” trilogia gogoangarrian. Biziki gustatu zitzaidan zientzia fikziozko istorio hura eta ondo baina hobeto gogoratzen dut bigarren filmean etorkizuna nola marrazten zuten eta zein urruna egiten zen “2015” idatzita ikustea bera! Ordutik, “flozo kondentsadorerik” eskura ez eta pazientziaz itxaron behar izan dut Marty McFlyren moduko “aeropatin” bat eskuratzeko. Txantxa dirudi, baina, hain zuzen ere, 2014ak eman duen asmakizunetako bat izan da hori: irudian jasotzen dudan gailua, indar elektromagnetikoz ibiltzen den patina, eta noski, funtzionatzeko azpian kobrezko gainazal bat behar duena. Auto hegalariek itxaron egin beharko dute!

Egia esan, harrigarria da 80ko hamarkadaren hondarrean egindako gidoiak zenbat hurbiltzen diren egungo errealitatera. Eguratsaren gaineko uneko informazioa darabilte, identifikazio polizialerako ez ezik hatz markak ateak ireki edota ordaintzeko erabiltzen dira, kozinatzeko labe bakar bat eta segundo gutxi batzuk besterik ez dira behar, aspertzerainoko telebista kate pila daude... Hori bai, badago inondik inora asmatzen ez duten detaile bat, biziki deigarria egiten zaidana: Martyren seme-alabek buruko moduko bat dute, begien aurrean pantaila bat duena, eta, etxeko telefonoak jotzen duenean, bien gailuek dir-dir egin eta «aita zuretzako da» esaten dute. Gidoilariek telefonoaren orduko erabilerari etorkizuneko kutsua ematen diote, baina errealitatetik urrun: ez dute egungo mugikorren logika bera usaindu ere egiten! Hori gertatzea, noski, normala da, baina deigarria egin zait eboluzioaren (garapenaren) izaera materialistaren adibide garbia delako: ez dago ideia bat lehendabizi eta horren gauzatze materiala gero, baizik eta alderantziz. 80ko hamarkadan dagoeneko baziren urruneko komunikazio gailuak, Bigarren Mundu Gerran sortu zirenetik, XX. mendean zehar garapen handia izan baitute, baina garai horretan oraindik komunikazio jakinetarako erabiltzen ziren soilik. Mende amaierarako, aldiz, oso teknologia eskuragarria da, berehala hedatzen da, eta, ohartzerako, mundu guztia identifikatzen da bederatzi zifrako zenbaki batekin. Errealitate material horren aurrean, jendeak bere joera komunikatiboa aldatu egiten du, etxeetara deitzeari uzten dio eta ideia berri bat finkatu egiten da, hamarkada bat lehenago imajinatzerik ere ez zen ideia bat: pertsona bat = telefono bat.

Etorkizunera begira jartzen naizelarik, susmoa dut egun imajinatzerik ez dugun ideia eta errealitate berri asko direla heltzear (heldu behar direla) eta ez gaudela oraindik horiek pentsatzeko tenorean. 2015 honetan, murgildurik gauden “garai interesgarriotan” sakontzen jarraituko dugu eta espero dudana da berandu baino lehen ideia berri horiei bide emateko, gaurtik esperientzia praktikoak, materialak, biderkatzeko gai izatea eta denbora gutxiago galtzea auto hegalarietan pentsatzen. Urte berri on, beraz! •