Beñat Zamalloa Akizu

Funtsezko drama pertsonala

Ander Lipusen antzerkia egiteko eta ikusteko moldea oso pertsonala da. Panorama beltz samarra dela esaten badute ere, Lipusen esanean «asko dago egiteko», eta horrek «libertatea» ematen dio probatzen eta jolasten ibiltzeko.

Pertsonala, «oso pertsonala», da Iñigo Ibarraren (Markina-Xemein, 1971) antzerkia egiteko eta ikusteko moldea. Molde hori azaltzera etorri zen Aretxabaletara, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulura, Iñigo Ibarra edota Ander Lipus. Pertsonala eta bakartia du ibilbidea: «Oso gutxi gaude antzerkia molde horietatik egiten». Euskarazko sorkuntza askorik ere ez dago. «Errealitatea da ez dugula eraiki merkatu bat. Hegoaldeko aktoreak Espainiara begiratzen ari dira». Eta argi du: «Espainolei ez diegu ezer kopiatzeko». Hegoaldeko lau herrialdeetan Espainiako eredua jarraitu da: «Lehenengo mausoleo bat eraiki, kultur etxe erraldoi bat eraiki, nahiz eta ez jakin zer eramango dugun, nahiz eta ez dakigun ze diru daukagun hori eramateko… baina eraiki: ‘Behintzat, eraiki egingo dugu. Horrela dirua irabaziko da eta dirua mugituko da’». Erradikala da konponbidean: «Nik bonba jarriko nuke, eta berriro hasiko nintzateke eraikitzen». Hala lortuko omen luke euskal antzerkigintzak kulturalki «prehistorian» egotetik ihes egitea.

Antzerkigintzak «lan handia» du egiteko. Paradoxikoki, antzerkia oso talde lanekoa izanda, eraiki diren formulak «oso indibidualistak» dira. Oso gaitz ikusten du aktoreak antzerkigintzaren berezko talde dinamiketara eta eraginkortasunera ekartzea, herrigintzari dagokionez. «Ikusten dut bakoitza berea salbatu nahian dabilela: ‘ea bihar nik non lortzen dudan lana’». Beste «kontzientzia politiko bat» da Lipusena: «Niretzat freskagarrien iragarki bat egitea ez da aktorea izatea; nahiz eta errespetatzen dudan. Nik beste kontzientzia politiko bat daukat. Niretzat aktore, komediante edo bufoi izateak beste zentzu bat dauka». Lipusek bere ibilbidean egin duena eta egiten duena bere inguruari eta errealitateari oso lotuta dago. «Saiatzen naiz nahiko zintzoa izaten bizi dudan errealitatearekin». Unean-unean bizi duen imajinarioa irudikatzen saiatzen da. Ondorioa, esamolde batean ekarriagatik, egoeraren neurrikoa da: «Asko dago egiteko». Eta horrek «libertatea» ematen dio probatzen eta jolasten ibiltzeko.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako kontratazio formula artisten eta toreroen erregimena da. «Ni langile bat naiz, ez naiz toreroa. Ni goizeko zazpietan edo zortzietan jaikitzen naiz, hartzen dut furgoneta, nire obrako dena muntatzen dut, herri horretan bazkaltzen dut, botatzen dut nire siesta teatroan manta baten azpian, jarraitzen dut...», eta hala ikusleak agurtu eta dena desmuntatu arte. Lipusek antzerkigintzarako duen politika, baina, ez da orokorra: «Normalean aktoreek honakoa egiten dute: ni joaten naiz arratsaldeko lauretan edo bostetan, makillatzen naiz pixka bat, egiten dut teatroa eta banoa etxera». Aldea teatroa sentitzeko maneran omen. «Niretzat teatroa furgoneta gabe, ez da teatroa».

Hitzaldia egitera etorri zen astean sinatu zuten Euskal Aktoreen Batasunak eta Eskenak lan akordioa. Sinatzeko ekitaldia akordioan zentratu bazen ere, aktoreen langabezia tasa %80 baino handiagoa dela jakinarazi zuten eragileek. Espainiako ereduaren estandarizazioaren eta homogeneizazioaren pean ulertzen du Lipusek egoera. «Aktoreak pozik badaude euren %80ko langabeziarekin, bada listo. Nik nire burua langabezian ez dut imajinatzen. Lotu egin beharko nindukete». Aurrera egiteko bestelako plazak aipatu zituen: gaztetxeak eta kultur etxeak, esaterako. «Gaztetxe batek ehun euro pagatzen dizkizu zerbait egiten baduzu, egin hamar gaztetxe eta baduzu mila euroko soldata. Mileurista bazara jada. Egiteko zain egon behar duzu?».

Oso indibidualista

«Antzerkiaren mundua oso indibidualista da». Bertsolarien eredua «kopiatu» nahirik sortu zuten Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, baina antzerkiaren munduak duen ezaugarri horrek eragina izan zuen. «Orain konturatzen naiz sekulako akatsak egin direla EHAZE sortzerakoan. Nik egin ditut asko, eta, gero, kontra egon naiz beste gauza askorekin». Iaz Bilbon egin zuten Antzerkizale Eguna ere luze gabe igaroa zen. «Penagarria da lau katu ginela. Hor konturatzen zara ez dagoela ez Euskal Herririk, ez ezer. Zein da arazoa? Ez dela beharrik sentitu. Ez badago beharrik, ez dakit merezi duen katetik jarraitzea». Izenaren lehen bi hitzetan dago «akatsik handiena». Herriz herri eratuz joan beharrean, «azalekoa» egin zen. «Eztabaidak mundu espektakularra ukitzen denean sortzen dira».

Erritualaren beharra aldarrikatu zuen. Bertsolaritza erabili zuen errituala azaltzeko. Lagun batzuk zaletasunez bertsotarako elkartzeari deituko zion errituala. «Errituala ez badago, beste guztiak ez du ezertarako balio, ikuskizun hutsa da».

Ander Lipusen ibilbidearen zati berrienaren atzean «erabaki politikoago» bat dago, eta erabaki horrek euskara du ardatz. «Oso desberdina da Bilbon kokatzen duzunean zure imajinarioa edo zure imajinarioa kokatzen duzunean Barkoxetik Balmasedara eta Ondarroatik Tuterara. Prisma eta kontatu nahi duzun hori ere aldatu egiten da».

Bere ibilbideko une batean munduko hainbat lekutan jardun zen bere obra erakusten. «Nahiz eta obra euskaraz pentsatua izan, une batean konturatzen zara ez duzula antzerkia egiten Euskal Herrian. Hori ez nuen ulertzen». Madrilera antzerki ikasketak egitera joan zeneko Oscar sarienganako lilura ahaztuta, Euskal Herrian egon ez den transmisiora bideratu zuen indarra: «Nire mugimenduak Kairon ulertzen zituzten, baina Euskal Herrian ez. Zerbait egin behar zela pentsatu nuen. Nire kodeetan sartu nintzen herrian, eta herria zein pentsamendutan mugitzen den ikertu nuen».

Transmisioaren katebegiek jarraitu dute lotzen Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean. «Iparraldean beste joera bat dago antzerkiarekiko, beste ikuspuntu bat. Hegoaldean transmisiorik ia ez da egon, Iparraldean, aldiz, zuzena da». Galduz doan transmisioa da, baina oraindik bizirik dagoena. «Zer geratzen zait niri aktore moduan Iparraldera noanean? Jendeak ulertzen duela. Zer da jendeak ulertzen duena? Antzerkiaren kodeak ulertzen ditu». Horrek «eroso» sentiarazten du, eta Iparraldera joatera bultzatzen du. «Zure lana ulertua da». Oso garrantzitsutzat du gure kulturaren nondik norakoak errespetatzea. «Ezin dugu transmititu astoak bezala hau horrela delako. Bestela, gertatzen zaigu Hondarribian eta Irunen gertatzen dena: ‘neskek ezin dute ezin dutelako’». Transmisioa etengabe ari da aldatzen. «Oso zaila zait batzuetan interpretatzea». Transmisioan arteak norberari iristen zaion zerbait izan behar duelakoan da.

Kanpora joandakoan ohartu zen Euskal Herrian bazirela forma teatralak. «Herrian zaudenean ez duzu ikusten forma horiek teatralak direnik, eta are eta gutxiago gizarte moderno hau folklorea era erdeinuzkoan hartzen ari denean. Hori lau astok egiten duten gauza balitz bezala. Eta ez da. Herri baten jakintza, herri baten dinamika… dena da». Lipusen irudiko, gizartea ez da konturatzen nola globalizazioa hori «suntsitzen» ari den. Kanpora joandakoan deskubritu zuen: «Guk gure kodeetan galdu duguna beste kulturetan oraindik existitzen dela deskubritu nuen».

Transmisioak bizirik jarrai dezan, «ezinbestekoa» da guru batzuk egotea. «Transmisio kate horiek emango dituzten guruak behar dira. ‘Gu’-k iluntasuna esan nahi du; ‘ru’-k uxatzea. ‘Iluntasuna uxatzen duena’ da gurua, beraz. Hau da, arte baten, ofizio baten bidea erakusten dizuna. Gai horiek Ekialdean mantendu egin dira. Antzerki tradizional guztiak mantendu egin dira, baina Mendebaldean aktoreak ez ditu transmititzen bere jakintzak». Antzerkia azkenean ahozkotasuna dela ebatzi zuen. «Guk ez badugu euskaraz espresatzen dugun euskal antzerkia, zein parametrotan hitz egingo du herriak era sinboliko batean?».

Azken urteetan hori izan du obsesio, eta horretarako estrukturak eraiki nahi izan ditu. Euskal Herrian eta mundu zabalean jasotako esperientzien eta ikasgaien ondoren, Artedrama euskal laborategia sortu zuen: «Arte eszenikoen plataforma teatro nazionala eraikitzeko». Euskal Herrian halakorik ez dagoenez, Huts Teatroa jarri zion antzerki konpainiari izena.

Antzerkigintzako kideek diskurtsoarekin bat egingo luketen galdetuta, gauza asko ulertuko lituzketela erantzun zuen. «Hori aberastasuna ere bada. Nik beti esaten dut teatroak eduki beharko lituzkeela formula guztiak». Gutxik egindako ikasketa, ikerketa eta esperientzia zabaletik, gutxik garatutako diskurtso politikoa da Lipusena euskal antzerkigintzarako eta Euskal Herrirako. Lipusen drama pertsonala. “Drama”-k “ekintza” adierazi nahi du.