Ramon Sola

Komunikazioa ala porrota

Gauzak ziztu bizian aldatzen ari direla erakutsi du joandako 2014ak, hain azkar zein horretaz jabetzea ere kosta egiten den. Hona Euskobarometroan aurkitutako datu galdu adierazgarri bat, denbora nahasi hauen erakusgarri: jende gehiagok ezagutzen du Pablo Iglesias lehendakaria baino. To Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako galderen emaitza! Demagun bakar batzuek Iñigo Urkullu nor den noski jakin badakitela baina ez dutela aitortu nahi (ezagutu gabe ere berdin biziko liratekeelako, akaso); hala ere, aldea ikusita, oraindik Iglesias ezagunagoa izango litzatekeela dirudi.

Baina ez dut Iglesiasi eta Urkulluri buruz idazteko asmorik, komunikazio politikoaz baizik. Teknologia berriek (eta zaharrek, Podemos-Ahal Dugu bereziki telebistaren seme-alaba baita) goitik behera aldarazi dute, oso denbora gutxian. Politika joerak nabarmen mugitzen ari direla dio jende askok, baina agian komunikazioa da zeharo iraultzen ari dena. Pentsa dezagun, esaterako, duela oso gutxi arte alderdiek zutela beti hitza, eta herritarrek lau urtean behingo bozen bidez edota militante izanez gero noizbehinkako asanbladen bidez bakarrik erantzuten zietela. Orain etengabekoa da feedback-a, iraunkorra, atsedenik gabekoa. Interneteko neurgailuen bidez, jendeak gehien irakurritako albistea zein den klik batean ikus dezakegu (eta horrekin eskandalizatu), edo hika-mika batean zein iritziren alde egiten duten, edo zein ordezkari politiko duten gustukoen...

Gauza gehiago, eta kezkagarriagoak, agerrarazten dituzte honelako neurgailuek. Adibidez, harrigarria da batez beste zein denbora gutxi ematen duen irakurle batek Interneteko albiste batean begirada pausatzen; gehienetan, segundo batzuk baino ez. Twitterreko 140 karaktereek komunikazioaren mugaren neurria ematen digute. Gizartearen infantilizazioaz, superfizializazioaz eta arinkeriaz hitz egin genezake, baina alferrik da. Honelakoak omen gara, bestelako teknologiek dagoena gainditu eta kontrakoa frogatzen ez diguten bitartean behintzat. Hortaz, hitz-jario astunek ez dutela eraginkortasunik ikasi dute lehenik zuzentasunaren ikono zen Diputatuen Kongresuko hizlariek, eta, urrutira joan beharrik gabe, performance politiko arrakastatsuak egin dituzte Amaiurko diputatuek: Cuadra torturatzeko poltsa eskuan, Errekondo belauniko zigorturik Francoren garaiko gela batean egongo balitz bezala, Enbeitaren «mi coño y mi moño» esaldia... Gaur egun, 1978an bezala, oholtzara igo eta ukabila altxaturik berriz ere ‘‘Gora Euskadi askatuta!’’ oihukatuko balu, Ortzik Youtuben ehun bisitatik gora izango ez zituelakoan nago.

Gogoko izan ala ez (nik batere ez), komunikazioan jarduten dugunok badakigu borroka hor dagoela, eta heldu behar zaiola. Printzipio politikoei ondo eutsita, horretan asmatzea funtsezkoa da. Ez lioke Euskal Herriak erronka horri beldurrik izan beharko, mundu osoari kontatzeko eta erakusteko asko duelako. Istorioak eta irudiak barra-barra, edonoren bihotzera eta burura helarazteko modukoak. Hasteko, 469 preso eta beren senideena, parekorik ez duen zigorra jasaten ari direnak. Zabal dezagun ahalik eta urrutien, zenbait eta zehatzago hobe, nazioartean uler daitekeen hizkuntzan (San Mamesko ‘‘One country, one team’’ adibide), kanpokoen arreta erakar dezakeen tokitik (hurrengo mobilizazioaren bat zergatik ez Guggenheimen?). Eta segi dezagun gero egoki eta indartsu komunikatzen: kalean egiten dena (Gure Esku Dagoren mosaikoa, bikain!); erakundeetan egiten ari dena (Ahal Duguk ez duela ezer asmatu erakusteko, bide batez); garena (non galdu dira ‘‘Euskal Herria askatu’’, ‘‘Welcome to the Basque Country’’ eta horrelako kanpainak?); eta batez ere, izan nahi duguna. Egoki komunikatzen ez badugu, ez baikara izango. •