Amagoia Mujika Telleria

Pankartan hoztutako eskuak

Gabonak epelak omen. Sutondoak, etxeko epelak eta jatekoz eta jendez betetako mahaiak. Hala omen, iragarkietan edo. Gurean Gabonek pankartako pintura usaina daukate, pankartetan hoztutako eskuak eta euritan umeldutako sudurrak. Inoiz baino jendetsuagoak diren sukaldeetan inoiz baino nabarmenagoak eta mingarriagoak direlako hutsuneak. Eta ziegetako hotzarekin eta bakardadearekin akordatzen da gure herria, urteko egun guztietan, baita hauetan ere. Eguna itzaltzen denean pizten dira kinkeak, beroa eramateko berorik ez dagoen toki urrunetara, eztokietara. Pankartan hoztutako eskuak, bihotzak bezain hotz, noiz epelduko zain. Hotz daudelako, baina ez itzalita.