Iratxe Urizar

Urte berrian ezer ez itxaron, urte berriari bultza!

Euskal Herrian, ematen du denok garela politikan aditu. Ez pentsa, ez, ironikoa izaten ari naizenik, benetan ari naiz. «Nongoa zara?» galderari zure erantzuna «Euskal Herrikoa» bada, akabo. «Zergatik? Kontatu pixka bat nondik zatozten, nondik datorren zuen hizkuntza, noiztik zaudeten gatazkan, eta, bide batez... zer-nolako gizartea nahiko zenukete zuen herria independentea balitz?». Galdera piloa egiten dizkizute zuzenean, eta, gainera, horiei guztiei modu ordenatuan eta argumentu sendo eta objektiboekin erantzuteko gaitasuna izango duzula espero da, izan unibertsitateko irakasle edo okina. Izugarria da. Politikan aditu bihurtu gaitu etengabe azalpenak ematen ibili behar horrek, eta prentsan azaltzen direnak interpretatzeko begi zorrotzeko kritiko ere bai.

Azkenaldian, gehiegi ulertzen ez diren eta euskal presoengan eragina izan dezaketen berriak agertu dira prentsan. Gure etxean iskanbilatxoa sortzeko gaitasuna duten horietako bat ere jaso dugu, eta ez da gutxiagorako: Gobernu espainiarra aztoratuta omen dabil preso batzuk beraien kondena beteta libre aterako direlako (hara!) eta berriz ere lege berriak egin edota daudenak aldatu edo berrinterpretatzeko saiakera egingo duela aldarrikatu du lau haizetara. Hala, nahiz eta beraien zigor kodeetan jasota ez egon, hainbeste maite duten biziarteko kartzela zigorra egikaritu nahi dute.

Europatik etorritako erabaki marko bat da zalapartaren arrazoia, 2008an adostu zena eta estatu kideek bere egiteko betebeharra zutena data horretatik aurrera; hau sorpresa, beste behin ere Espainiako Gobernuak gustuko ez duen nazioarteko erabaki baten aurrean existituko ez balitz bezala jokatu du! Eta ez da erabaki aurrerakoia, ezta gutxiago ere. Azken finean, Europa bera espetxe esparru bakar moduan ulertzeko norabidean egindako lege aldaketa da. Horren aurrekina euroagindua dugu, jada askoz ezagunagoa gure artean. Horren arabera, Europako esparruan ez da estradizio epaiketarik aurreikusten. Izan ere, Europa bezalako lurralde “demokratiko” batean, ez dago zertan aztertu auzi bateko elementu guztiak zuzenak diren edo ez: denok gara hemen lagunak eta elkar laguntzeko gaude (estatuei buruz ari naiz, noski), eta, hortaz, zuetako batek pertsona bat eskatzen badit, ez dut buelta handirik eman beharrik justiziaren izenean, eta, hala, denbora-tarte errekor batean bidaliko dizut. Epaileek ez dute zeresan handirik hemen (ez da nire asmoa epaileen alde agertzea, baina egia da erabakitzeko gaitasun txikia dutela). Bada, hemen ere, erabaki marko honen bitartez, beste pauso bat ematen da: ez dugu jada esparru polizial, judizial edo penal bakarra izango soilik, orain esparru penitentziario bakarra ere izango dugu.

Hala ere, a priori gauza positiboa ez dela ematen badu ere, nazioartetik gurera datorren ia dena bezala, etxean duguna baino hobea izan daiteke. Zergatik? Akordio honek, izenburuak berak esaten duen moduan, prozesu penal berri baten atarian ezartzen du estatu kideen artean ematen diren kondenazko erabakiak nola ulertu. Akordioak kondena esparru bakar gisa ulertzen du Europa, horrek suposa ditzakeen gauza txar (badakigu kondena betetzeko orduan baldintzak ez direla berak estatu guztietan) eta onekin. Hor dator arazoa: interpretazioa presoaren aldekoa izan daitekeenean, Madrileko agintariek zuzenbidearen kontrako in dubio contra reo (zalantza kasuetan beti presoaren kontra) printzipioa aplikatzen dute beste behin ere euskal presoen kasuan; pentsa, espainiar epaileek beraiek ere egin dituzte jada agintarien asmoen kontrako adierazpenak! Agintariek, baina, argi diote: asmatuko dute zerbait beraien sistemak ere askatu nahi dituen gure presoak ez askatzeko.

Espero dezagun kanpoko epaitegietara heldu behar ez izatea; hori bai, joan behar bada, joango gara, behin eta mila aldiz. Hala ere, ematen du oraingoan epaitegietara jo aurretik ere kanpoko instituzio eta elkarteak kontrol zorrotzagoa burutzen ari direla gehiegikerion aurrean. Atzerriko egunkari batean, adibidez, honako titularra irakurri dugu asteon “Mozal Legea” bezala ezagututakoaren harira: «Faxismoa bueltan da Espainian». “Beroan egindako itzultzeak” direla eta, Europako komisarioaren (beste batzuen artean) kritika gogorrak ere entzun behar izan ditu Espainiak…

Mugitzen ez denak berdin-berdin segitzen du, baina guk bultzaka jarraituko dugu. Oraingoz, erabakia atzeratu dute eta urte berriak esango digu presoen auziarekin zer gertatzen den. Aurtengo kanpaiekin oraingoz eta berriro ere, gure desiorik sakonena, zuek laster hemen izatea. Bultzaka jarraituko dugu, ziur egon. Gehiegi maite eta behar zaituztegulako. •