Ion SALGADO
Zuia, jaki toki bikaina

Arabako kuadrilla honetan, artisautza eta baserriko produktuak nagusi dira

Zuian, Gorbeia mendiko hegoaldeko isurialdean, berrogeita hamar artisau eta produktorek jaki gozoak egiten dihardute, buru eta bihotzez. Kuadrillak gida bat argitaratu berri du, bertan ekoizten diren produktuak non eskuratu ahal diren iragartzeko. Eztia, garagardoa, Idiazabal gazta, haragia, zeramika, larrua... Zuian egiten bada, gidan agertuko da.

Euskal herritar asko 10.000 biztanletik gora duten udalerrietan bizi dira. Gehienek industria edo zerbitzuekin zerikusia duten enpresetan lan egiten dute. Lantegietan, tabernetan, supermerkatuetan... Non ote daude abeltzainak, nekazariak edota iraganean famatuak ziren eskulangileak? XXI. mendean ez al dago lekurik laborantza lurrak lantzen dituzten pertsonentzat? Zorionez, galdera hauen erantzuna baiezkoa da, hala egiaztatu dute behintzat Zuiako produktuak ekoizten dituzten lagunek, haren eskuekin larrua lantzen dutenek, eta, tradizioaren aginduei jarraituz, gazta, garagardoa, eztia eta sagardoa egiten dituztenek.

Izan ere, Zuiako kuadrillak argitaratu berri duen gida batean nabarmentzen den bezala, zelai zabalez, abereentzako belardiz eta basoz josita dagoen Arabako eskualde honetan «baserriko zaporeak oraindik bizi-bizirik daude, eta artisau eta ekoizleek gorputz-arimekin egiten dute lan, jaki ezin hobeak lantzen». Hala, Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako artisau, nekazari eta abeltzainek Idiazabal gazta, Eusko Label zigilua duen okelak, ziurtagiri ekologikoak dituzten ortuariak, etxean egindako garagardoa, sagardoa eta zukuak, euskal pastela, konfiturak, Gorbeiako eztia eta ehunez eta larruz egindako artisau produktuak egiten dituzte.

Aipatutako produktuek garrantzi handia dute Zuiako ekonomian. Kuadrillako presidente Lierni Altunak azaldu duenez, Gorbeia mendiko hegoaldeko isurialdean dauden herriek kuadrilla nekazaria osatzen baitute. «Industria pixka bat badaukagu, baina historikoki laborantza nabarmendu da», azpimarratu du, asko lehen sektorera itzuli direla ohartarazi ondoren. «Krisia hasi zenetik, jendea hiritik herrira bueltatu da, baita lehen sektorera bertara ere. Duela urte batzuk, baserri ugari galdu ziren, baina azken urteetan joera aldatu egin da», gaineratu du. Halaber, herritarren kontsumo pautak aldatu egin direla azpimarratu du Altunak. Haren ustez, auzokideek bertako produktuak kontsumitzen dituztela nabaritzen da, eta Zuian ekoizten diren produktuak eskatzen dituzte kuadrillako azoketan, ekonomatuetan eta denda txikietan.

Eskaera hori kontuan hartuta, kuadrillak bertako produktuen salmentak bultzatzeko hainbat ekimen egin ditu. Turismo aldetik, Lakuak martxan jarritako Euskadi Gastronomika programarekin bat egin dute; eta gastronomia kluba sortu da, ekoizleei erraztasunak eskaintzeko. Arlo ekonomikoan, zozketak egin dituzte eta Gorbeiako produktuen gida argitaratu dute, kuadrillako biztanleek «ikus dezaten zer dagoen». Gidan denden eta ekoizleen telefono zenbakiak eta helbideak agertzen dira, edonork ikusteko non erosi ahal dituen ogia, barazkiak, gazta, edariak, okela edota artisautza.

Ildo honetan, Altunak gidak elikadura burujabetzarekin lotura duela azaldu du. «Turismo arloan egiten diren kanpainak kanpora begirakoak izaten dira, baina gidak kuadrillan ekoizten diren produktuak gure auzokideen artean ezagutaraztea du helburu, askotan ez daukagulako produktu horien berri», esan du presidenteak eta kuadrillaren «txikitasuna» azpimarratu du. «Ezin dugu kristoren kanpaina egin, gure ekoizleak txikiak direlako. Baina martxan jarri dugun kanpainak ekoizten duten hori saltzeko aukera ematen die», esan du.

Kalitatezko produktuak

Produktuei dagokienez, Gorbeiako eztiaren kalitatea nabarmendu du Zuiako kuadrillak –Elosu, Aramaio, Bitoriano, Lukiano, Ondategi, Manurga eta Murgiako erlezainek egiten dute, erlategi txikitan, mendiaren isurialdeetan dauden lore ugariei esker–. Eztia eskualdeko produktu ospetsu bat da, izan ere, bidalitako oharrean adierazten den bezala, Murgian, kuadrillako herriburuan, hain zuzen, Ezti Museoa dago.

Handik hurbil, Oiardoko baserri bateko «mikrogaragardotegian», Baias garagardoa egiten da. Gorbeiako mendigunean jaiotako Baias errekaren ura da garagardo honen oinarria. Garagardoa ekoizten duten produktoreen webgunean azaltzen denez, «eskuz egindako, zapore berdingabeko eta kalitate handiko garagardoak» egiten dituzte Baias errekako urarekin. «Ez dugu inolako kontserbagarri edo gehigarririk erabiltzen, eta produktuak jalkinak ditu, ez baitu iragazpenik jaso», adierazi dute ekoizleek. Gainera, garagardoaren karbonikoa botila barruan sortzen dela nabarmendu dute. Garagardo «bizia» da, izan ere, hartzidura botilan egiten da.

Halaber, kuadrilla honetako hamar bat artzainek Idiazabal gazta egiten dute, latxa arrazako ardien esnearekin, eta hala, «kremazko zapore berezia» lortzen dute. Gaztak dastatu nahi dituztenak Nafarrate, Inoso, Goiuri, Abornikano, Etxebarri-Ibiña eta San Pedron dauden baserrietara joan ahal dira. Bestela, Aramaio, Barajue eta Oletan dauden gaztandegiak bisitatu ahal dituzte. Azken hau Maider Unda Olinpiar Jokoetako borroka libreko txapeldunarena da.

Baina gazta ekoizten dutenek bisitariei eskaintzeko produktu gehiago dituzte. Hala, Begoña Fresnedak eta Jon Zuazok, Nafarrateko gaztandegiaren arduradunek, Idiazabal gazta egiteaz gain, egurrez eta lore lehorrez osatutako eskulanak egiten dituzte. Eta ez hori soilik, platerak eta loreontziak eskuz apaintzen dituzte, eta landareekin kremak eta pomadak egiten dituzte. Izan ere, askotan artisautzak eta abeltzaintzak harreman estua dute.

Aramaioko bailaran sagardoa eta sagar zuku naturala ere ekoizten dira, eta Iturrieta Sagardotegiko kupelak jada irekita daude. GARAk pasatu den astean argitaratu zuen elkarrizketa batean, Juanjo Peciña sagardotegiko arduradunak aurtengoa kalitate oneko sagardoa dela adierazi zuen. «Oraindik goiz da ziur esateko, baina sagardo ona datorrela dirudi, oraingoz behintzat. Gorputza dauka, eta zaporez ona dago. [...] Sagar hobeak izan ditugu, eta, ondorioz, sagardoa ere ona izango da. Horren araberakoa denez, sagardoa ere hobea izango dela suposatzen da», esan zuen.

Bestetik, kuadrillako hainbat herritan konfiturak, turroiak eta pastelak egiten dituzte. Hala, Goiurin krema, txokolate eta marmelada daramatzaten euskal pastel bereziak prestatzen dituzte egunero. Eta goxoak daudela dirudi, urte askotan Euskal Autonomia Erkidegoko txapelketa irabazi dute-eta. Gainera, Zuiako hainbat okindegik, Murgiako Etxebarria, Gopegiko Artzegi, Izarrako Urtaran edo Zarateko Blanca Antoñanarenak, besteak beste, etxean egindako gozogintza eta turroiak eskaintzen dituzte. Aipatutako okindegietan, eta beste batzuetan, tradiziozko labeetan egositako ogi kurruskariak erosi ahal dira.

Beste elikagaiei dagokienez, astero Zuiako hainbat produktorek baratzeak denboraldi bakoitzean eskaintzen dituen produktuen hautaketa batekin saskiak prestatzen dituztela azpimarratu zuen kuadrillak. Haragiarekin gauza bera gertatzen da, abeltzainek ganaduaren zati ezberdinekin egindako sortak saltzen dituzte zuzeneko salmentaren bidez.

Nahi dutenek zeramika ere erosi ahal dute. Ollerieta auzoan, Elosu herrian, Euskal Buztingintzako Museoa baitago. Antzinako euskal zeramikaren bilduma erakusten dute bertan, eta eraikin nagusira erantsita, labetzar ederra dago. Lantegia bisitatuz gero, bisitariek Blanca Gomez de Seguraren lana ezagutu ahalko dute. Amaitzeko, Domaikia herrian, Nuria Conesak bere lantegian latxa arrazako ardien artilearekin egiten duen lana ikusi, eta Aramaion Loor Artisautzak saltzen dituen larruak eskuratu ahalko dituzte.