Iratxe Esnaola
Informatika ingeniaria

Instagram eta gaztetxoak

Urtarril osoan zehar ZiberManager proiektuan hartu dut parte, Beasaingo Institutuan. Proiektuaren helburua DBH1, DBH2 eta DBH3koekin mugikorren eta egun erabiltzen dituzten aplikazioen gaineko lanketa egitea zen. Era berean, gurasoekin ere saioak egin ditugu, batetik, euren seme-alabek aplikazio horiek nola eta zertarako erabiltzen dituzten uler dezaten eta, bestetik, erabilera horren gainean guraso gisa erreferente izateko gako batzuk eskainiz.

Helburutik harago, ordea, proiektuaren planteamendua bera zen berezi egiten zuena. Hasiera batean, DBH3ko gela guztietatik pasatu nintzen, lanketa denekin egiteko. Gero, DBH3ko ikasle guztien artetik, 40 bat hautatu ziren, irizpide ezberdinak kontuan hartuz. Azken hauek, managerrak izan dira. Managerren egitekoa DBH1 eta DBH2ko taldeetara joan eta lanketa eurek bideratzea zen eta, horretarako, managerrekin saio berezi bat egin genuen, aurkezpen horietarako prestatzeko.

 

Proiektua interesgarri suertatu zitzaidan proposatu zidatenean. Baina behin bukatuta, are interesgarriagoa iruditu zait. Deigarria da DBH3ko managerrengan izan den kontzientziazio maila. Hori eskatzen zuen manager izateak: DBH1 eta DBH2koei nik eurekin landu nahi izan nuen hori transmititzen jakitea. Eta mezu bat ondo transmititzeko, ezinbestekoa da sinestea, ondo barneratzea. Eta, jakina, DBH1 eta DBH2koentzat, ez da gauza bera euren ezagun eta lagunek, urte bat edo bi urteko aldearekin, horrelako azalpen bat ematea. Aipatzekoa da ere, managerrek, mezuaz harago, beste hainbat arlotan ere irabazi dutela: batzuek jendaurreko lotsa gainditzen, beste batzuek azalpen bat nola egituratu ikasten eta beste batzuek autoestimuan, seguritate pertsonalean edota motibazioan. Niretzat ere ikaskuntza ikaragarria izan da, zalantzarik gabe.

Lanketaren ondorioak asko eta anitzak dira. Nabarmentzekoak dira: duela bi urte Tuenti soilik erabiltzen zutenek egun ez dutela erabili ere egiten (askok kontua abandonatu dute, itxi beharrean); DBH1eko asko, ez dira Tuenti erabiltzera ere iritsi, beste tresna batzuk iritsi direlako lehenago; Whatsapp eta Instagram dira aplikazio erabilienak, ia denek eta modu aktiboan erabiltzen dituztelako egunero; Snapchat ere oso ezaguna da euren artean, bidalitako argazki eta bideoak 10 segundotan mugikorreko galeriatik desagerrarazten dituena (nahiz eta badiren bideak hori ekiditeko); eta deigarria da ere Ask.fm bezalako tresnek duten zabalpena eta erabilera (anonimotasunaren bila, beste helburu jakinik gabe).

 

Esan bezala, Whatsapp eta Instagram dira erabilienak eta azken honek oso kezkatua utzi nau. Instagram argazkien bueltan sortu zen sare soziala da. Argazkiak igotzeko aukera ematen du (etiketekin, nahi izatera), testu bat gehitzekoa, gure jarraitzaileen iruzkinak jasotzekoa, baita 'Atsegin dut'-ak jasotzekoa ere.

Instagram-en kontu bat irekitzean erabat publikoa da, baina gure jarraitzaileek soilik ikusteko konfiguratu daiteke. Ia gehienek pribatua zuten. Gaitz erdi. Baina kezkagarriena erabilpen maila da. Arruntena, astean gutxienez hiru bat argazki igotzea zen, hauen kasuan. Hilabetean 12 eta urtean 144. Pentsa. Eta igotzen duten argazki bakoitzarekin, gainera, azterketa baten aurrean jartzen dira, 'Atsegin dut' kopurua baita benetan kezka suposatzen diena. Ez da harritzekoa. 'Atsegin dut' zapaltzerakoan, eurek ez baitute argazkia baloratzen, igo duen pertsona baizik. Eta, hortaz, kontrako norabidean, 'Atsegin dut' gutxi jasotzean, ez dute igo duten argazkia eskasa izan daitekeela ondorioztatzen, pertsona gisa 'Atsegin dut' gutxi jaso dituztela baizik. Azterketa bat, epaiketa moduko bat. Euren burua estutzen dute etengabe, eta nahi gabe.

Hortaz, igotzen duten argazki kopurua zaintzeaz aparte, euren burua zaintzeko mezua ezinbestekoa da Instagram bezalako tresna baten aurrean. •