amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

OSKAR ESTANGA

Musikaria, bertsolaria, sortzailea. Beti dauzka ate mordoa irekita; proiektu sorta bat martxan, bizpahiru erronka txiki ibiltzen hasteko zain, gogo bilduma gitarraren zorroaren poltsikoan... Baina, batez ere, bera egoten da beti irekita; jarrera irekian sortzeko eta munduaren aurrean plantatzeko. Begiratzeko leiho propioa dauka Oskar Estangak.

O skar Estanga Gaintzako baserri batean jaio zen, 1978. urtean. «Oso giro itxia zen, euskaldun klasiko nafarrarena. 14 urtera arte ez nintzen apenas Gaintzatik atera. Adin horretan Iruñera joan nintzen barneko ikasle modura, eta txoke izugarria izan zen. Nik sumatzen nuen ni ez nintzela baserrirako, baina ez nekien Gaintzatik kanpo halako mundua zegoenik», hasi da gogoratzen.

Ordurako, 14 urterako, makina lan egina zegoen baserrian. «Nik dantza klaseetara joan nahi nuen, baina nire aitarentzat erokeria bat zen hori. Iruñera joatearekin bat ikusi nuen mundua zein handia zen, eta erdal munduarekin kolpe bortitza izan nuen. Mutilen egoitza batean bizi nintzen, pentsa. Nik uste dut ordutik datozkidala generoaren inguruan ditudan kezkak. 50 mutil egoitza batean, sekulako hierarkia, borroka izugarriak futbolagatik... niretzat oso gogorra izan zen hori».

Ordurako, Estanga bertsotan hasia zen. Bertsoa etxean eta auzoan deskubritu zuen. «Bagenuen bizilagun bat, bertsozalea, beti kantuan aritzen zena. Pikaroa zen, ziria sartzea gustatzen zitzaion eta harekin aritzen nintzen. Bertso zaharrak ere kantatzen zituen.... Aitari ere asko gustatzen zaio bertsolaritza. Aita oso jolastia da berez... Nik uste dut nire aita benetako artista dela, baina ez duela inoiz bere alor hori garatu beldurragatik». Herriko bertso eskolan jarraitu zuen, eskolartekoan parte hartu eta sariren bat lortu zuen, Nafarroako txapelketan parte hartzera animatu zen... «Niretzat oso bide polita izan zen, eroso sentitzen nintzen eta erraza zen niretzako. Futbola ez zitzaidan interesatzen, ez nuen builarik egiten, ez nintzen erasokorra eta, gainera, ez zitzaidan interesatzen rol hori. Bertsotan, aldiz, ona nintzen, eta gustura aritzen nintzen», gogoratu du.

Gaintzatik Iruñera joan zenean, euskararen eta bertsoaren inguruan mugitzen zen jendea «oso desberdina» zela sumatu zuen. Hartara, erdaldun ganberroek eta euskaldun jator eta kulturzaleek egin zioten ongietorria Iruñeko bere mundu handi eta berri hartan. «Kulturan topatu nuen nire lekua eta nire bidea. Gustatzen zitzaidan jende horrek gaien aurrean nolako lanketa egiten zuen, nola hausnartzen zuen, nola eztabaidatzen, topaketak nola egiten zituzten... Mundu zabal bat agertu zitzaidan begien aurrean».

Gatazka handiarekin gogoratzen du sasoi hura. «Gaintzatik Iruñera, gatazka. Eta Iruñetik Gaintzara bueltan, berriz gatazka. Nik neuk ez nekien oso ondo zer nahi nuen, baina garbi neukan bide klasikoa ez nuela nahi. Etxean aitarentzat eta aitona-amonentzat –gurekin bizi ziren– gogorra zen nire hautua. Gitarra jotzen hasi nintzenean aitak kezkatuta begiratzen ninduen eta ‘tontakeriak’ uzteko esaten zidan». Oskar Estanga iraultza betean zegoen, «ez nekien zer nahi nuen, baina banekien nire aitak niretzat nahi zuena ez nuela nahi». Pentsa, etxetik ihes egin zuen, bide propioa ibili behar zuela tematuta. «Nire abenturak bost egun iraun zituen. Ama etorri zitzaidan bila eta bueltan eraman ninduen. Amak bitartekari lan handia egin du. Nik uste Iruñera bidali ninduela nolabait nire tokia topa nezan», kontatu du umorez.

Kultura kalean

Munduaren aurrean «galduta» sentitu zen 14 urterekin. «Tribu urbano pila bat, elkarren kontra borrokan, eta, ni neu, erabat galduta. Bizpahiru urtean integratzea lortu nuen, euskal mundutik. Kuadrilla nuen, lagunartea, eta hor hasi zen baieztapen urbanoko nire fasea».

Ordurako Lekunberriko gaztetxearen inguruan mugitzen hasia zen Estanga, eta hori beretzat «sekulako eskola» izan zela nabarmendu du. «Antolatzen, hausnartzen, egiten eta desegiten aritzen ginen gure kasa. Iraultza kultural handia izan zen niretzat». AEKn irakasle, Nafarroako Kantuzale Elkartean bost bat urtez, gasolindegi batean, zerbitzari, granja batean... Estanga ez da inoiz izan geldirik egotekoa. Lanbide batean edo bestean aritu, beti egon da ikusten eta ikasten, perkusioa lantzen, bertsotan, bide berriak irekitzen. Eta antzeko dabil orain ere, sorkuntzan ibili nahi duen bidea fintzen.

Estanga irakasle-eskolako diplomatua da, musika alorrean, eta beti kezkaz sumatu izan du kultura «zein modu estuan eta lotuan» lantzen den eskola eremuan. Hartara, kalera begira jarri izan da bera eta tentuz behatu izan du kulturak zein eragin daukan kalean, nola hartzen duen bizia kalean. Kezka horretatik abiatuta hasi zen «kaleko gauzak» lantzen; gaztetxean mugitzen, batukadan parte hartzen... Maite duelako kale ordenatu eta grisa nola aldatzen den ikustea musikak asfaltoa zapaltzen duenean.

Eta kultura mailan bide propioa ibiltzeko grina horretatik ateak irekitzen jardun du: bertsolaritzarena –musikarekin inprobisatzea gustatzen zaio–; batukadarena fronte garrantzitsua da beretzat eta topera dabil Zwekere taldearekin; antzerkia betidanik gustatu izan zaio, Irrien Lagunak klubean aritu izan da eta Lankuk eskaintzen dituen haurrentzako antzerkietan ere aritu da eta dabil orain. «‘Bertsolaritzaren sekretuak’ izeneko lana osatu du Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzan aritu diren emakumeen biografia ezezagunetan oinarrituta. Eta aste pare batean estreinatzea espero dugu», aurreratu digu.

Dantza eta mugimendua

Azken bospasei urteotan, beste ate bat zabaldu du Estangak, eta beretzat oso garrantzitsua den eremua topatu du beste aldean: dantza eta mugimendua. «Kontakt dantza eta dantza integrala deiturikoak lantzen ditut. Dantza-terapiatik etorritako adarra da azken hori. Dantza ulertzen du norbere garapenerako, norbere ulermenerako eta norbere gozamenerako», agertu du.

Kontakt dantzara, esan bezala, duela bospasei urte iritsi zen. «DJ bezala aritu nintzen lauzpabost urtean. Eta aurretik, noski, euskaldun jator bezala, parranderoa nintzen. Oso erreta amaitu nuen ez nuelako gure harremantzeko modua ulertzen; hainbeste ordu, hainbeste edanez, gauean hain berandu, nekatuta... Normalean egoera horretan harremanak motelak eta eskasak dira».

Hartara, kontaktean topatu omen du «aisialdi osasuntsua. Leku jatorretan, jende jatorrarekin eta modu jatorrean elkarrekin egon, elkarrekin harremandu, gorputzarekin ondo harremandu, emozioekin, besteekin... mundu hori guztia ireki zait eta horrekin ere banabil, eta nahiko motibatuta gainera». Euskal Herrian ez daude kontakt eremu asko, eta daudenak EHKIE elkartean batu dituzte, Euskal Herriko Kontakt Inprobisazio Elkartean. Estanga bera aritu da elkartearen sorreran, dantza mota hori egiten dutenentzat bilgune bat sortze aldera. «Euskal Herrian kontakt egiten duten talde txikiak daude. Horiek harremanetan jarri ditugu eta sare bat osatu dugu, hilero hitzordu bat gutxienez egiteko». Baina, nolako saioak dira horiek? «Kontaktuaren bidez, mugimendu txikien bidez, elkarrekin gauzak sortzea da funtsa. Oso jende desberdina batzen gara, askotarikoa. Elkartzen gaituena da ikertzaileak garela eta barne entzumena garatu dugula. Gure burua entzuten dugu eta besteekin harremantzeko modu berriak behar ditugu. Behin dantza askea deskubritzen duzunean, gozamen hutsa da», azaldu du. Estangak aitortu du hasiera batean ez zela oso lasai joaten dantza saio horietara; «hara bidean nire beldur guztiak agertzen zitzaizkidan. Zein jende klase topatuko dut? Zertara ote nator? Nork ukituko nau? Beldur guztiak agertzen dira bat-batean. Baina bukaeran, beti, oso sentsazio gozoa izaten da, atsegina».

Bere hitzetan, «lotsa daukagu dantza egiteko, mugitzeko, eraiki dugun rola hautsiko duen ezer egiteko. Eta, orduan, rol hori hausteko aitzakiak behar ditugu. ‘Mozkorra nago’ da aitzakietako bat. Askok daukagu ‘A’ aldea eta ‘B’ aldea, eta alde bakoitza bere modura garatzen da. ‘B’ alde hori ez da fidagarria guretzat, eremu asketzat dugun arren. Gure emozioak ez ditugu kontrolatzen, fisikoki kaltea eragiten digu eta ekonomikoki ere badu eragina. Gure prozesu emozionaletan bonba izugarri bat izan daiteke asteburuko parranda hori».

Horren parean Estangak alternatiba bat topatu du, eta bidea urratzen ari da. «Dantza, kantua, musika... kulturak eskaintzen dituen tresna horiekin saiatzen naiz harremanak modu sanoagoan eraikitzen. Perkusio ikastaro bat ematen dudanean ere saiatzen naiz elkarri entzuten, elkarrekin jotzen, kalera ateratzen, askatzen...». Gogoeta hori aldean darama Estangak, eta lantzen dituen eremu guztietara eramaten du. Eta ez dira gutxi lantzen dituen esparruak. «Bertsolaritzan ere saiatzen naiz harremantzeko modu horiek islatzen. Ez dut saio oldarkorrik nahi, gehiago interesatzen zait guri buruz hitz egitea, emozioak bistaratzea... ez dakit, mundua ikusteko leiho bat da, ni hortik hasi naiz begiratzen eta sentsazioa daukat zerbait garrantzitsua ikusten ari naizela. Friki samarra da, baina, iruditzen zait garrantzitsua dela». Azken bi udatan Eivissako kontakt festibalean eman ditu oporrak. «Zazpi egun, Eivissako kanpin batean, janari onarekin, mundu guztiko jendearekin. Egunean sei bat orduko ikastaroak eta gauean, hiru orduz, dantza librea. Erabateko festa, leku zoragarrian. Festa horretan topo egiten dut nire alderdi onenekin eta nire mamu handienekin. Niretzat emozio bonba ikaragarria da, eta erabat berrituta bueltatzen naiz».

Esandakoa, ate asko eta denak zabalik. «Batzuetan pentsatzen dut ez ote ditudan fronte gehiegi zabalik eta ez ote naizen zentratzen. Baina egiten ditudan gauza horietan guztietan interesatzen zaidana esentzia da: dauden baliabideekin zer gertatzen den edo zer gertarazi dezakegun. Kalea, jendea, komunikazioa eta emozioak, hori da interesatzen zaidana». •