Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Dani Fano eta Ainara Azpiazu «Axpi»
KOMIKIGILEAK

«Jasota dago Jesus biluzik gurutziltzatu zutela. Hori idatziz gero, ez da ezer pasatzen. Baina, hori marraztuz gero?»

«Charlie Hebdo»-ren aurkako erasoa gertatu zenean, euskal irudigile askori piztu zitzaien zerbait esateko gogoa, beren hizkuntzan, marrazkiaren bidez. Eta horretarako plaza falta zitzaiela konturatu ziren. Eta plaza propioa sortu zuten, H28 aldizkari satirikoa.

Axpi eta Fano
Axpi eta Fano

Gaur, juxtu gaur, ikusiko du argia H28 Internet bidezko aldizkari satirikoaren bigarren zenbakiak Issuu plataformaren bidez, eta baita Twitterren eta Facebooken ere. Dani Fano eta Ainara Azpiazu Axpi komikigileek aurreratu digutenez, «sekulakoa» izango da. Fano irudigile eta komikigilea eta Axpi ilustratzaile eta komikigilea ezagunak dira GAUR8ko orrialdeotan, hilean behin egiten baitute beren irudi ekarpena. Eta biak dabiltza orain, beste marrazkilari askorekin batera, H28 proiektuaren barrunbeetan.

“Charlie Hebdo” aldizkariaren aurkako erasoek piztu zuten euskarazko aldizkari satirikoaren proiektuaren metxa. Asisko Urmeneta, Marc Armspach eta Patxi Uharte Zaldieroa marrazkilariek jarri zuten ideia mahai gainean, eta segidan batu zen bidera beste irudigile mordoa. Lehen zenbakiak, urtarrilaren 28an argitaratutakoak, zeresana eman du, han eta hemen aipatu da eta normalean lehen lerroan egoten ez den komikilarien sektorea albisteetara goratu du.

«‘Charlie Hebdo’ aldizkariaren harira, gaurkotasunari lotutako zerbait da komikigintza, umore grafikoa eta satirikoa. Baina, horrez gain, aspalditik dago bete beharreko zulo bat euskarazko aldizkari satirikoei dagokionez. ‘Napartheid’ desagertu zenetik dago zulo hori. Izan dira bestelako saiakerak, baina irismen oso mugatua izan dutenak. Bazegoen umorea euskaraz eta euskaratik egingo duen aldizkari baten beharra. Gaiak gaurkotasuna duelako eta behar hori zegoelako izan du halako oihartzuna proiektuak», hasi da Dani Fano. Axpik ere igarri du oihartzun hori; «jendeak aipatu dit H28 aldizkaria eta harrituta geratu naiz, inoiz komikiaren inguruan hitz egin ez didatenek ere aipatu baitidate».

Izan ere, umore grafikoak ez du publiko oso zabala izaten. «Hala ere, marrazkigintzan umorea egiten dutenak izaten dira ezagunenak, zuzen iristen baitira jendearengana. Edonori Joann Sfar, Marjane Satrapi eta Regis Loisel aipatu eta ez daki nori buruz ari zaren. Aldiz, Quino edo Forgues esan eta ezagunak dira. Komikiaren esparruan gehien iristen dena umorea dela iruditzen zait», iritzi dio Fanok. Eta iristen da punta zorrotzekoa delako, lasai eserita gaudela ipurdia ziztatzen digulako, eta kontraesanak sortu. «Komiki bat hiru segundotan ikusten duzu. Hori da irakurketa bakarra. Ez baduzu asmatzen, azalpena eman behar baduzu... ez du balio», zehaztu du.

Marrazkilarien bilgunea

Hainbeste marrazkilari proiektu berean elkartu izana ere deigarria izan da. «Euskal Herrian ez gaude ohituta hainbeste marrazkilari elkarrekin argitalpen berean ikusten. Hori ere erakargarria dela iruditzen zait», gaineratu du Axpik.

Publikoarentzat erakargarria, eta, marrazkilarientzat, arnasa hartzea bezain beharrezkoa da elkartzea. «Duela hamabost bat urte erabat sakabanatuta geunden. ‘Napartheid’-en garaia bukatu ondoren, zulo bat sortu zen, eta ez zegoen batzen gintuen ezer. ‘Xabiroi’ sortu zenetik batzuk horren inguruan batu ginen, harremana sortu genuen eta elkarrekin gauzak egiten hasi ginen. Gaur egun Euskal Herrian bada egile sare bat, batak bestearen berri daukagu eta horrelako gauzak sortzen dira. Bestela, sare hori ez balego, ezinezkoa izango litzateke H28 bezalako proiektu bat martxan jartzea hamar egunetan. Eta pentsatzekoa da aurrerantzean indartu egingo dela sare hori».

«Guretzat biltzea garrantzitsua da. Elkartzen garen bakoitzean pilak kargatuta bueltatzen gara lanera, erabat indarberrituta. Garrantzitsua da bizimodu berdintsua eta kezka antzekoak dituztenekin batzea. Bestela, hor egoten gara gure burbuiletan, Interneti lotuta», segitu du Azpiazuk.

Zulo bat zegoen euskarazko aldizkari satirikoen arloan. Zulo bat zegoen euskal irudigileen bilgunea behar zuen tokian. Zulo asko dituen sektorea al da? «Ez da batere erraza honetatik bizitzea, orokorrean ez baita ulertzen ordaindu beharreko lana dela. Gure bizimodua ere berezia da, beste lanbideekiko desberdina. Baina marrazkigintzak poz handiak ematen ditu. Zure lanpostua sortu duzu eta zu ari zara hori aurrera eramaten. Ez dakit gero zer etorriko ote den, baina askotan pentsatzen dut ondorengoei begira gustatuko litzaidakeela marrazkilariaren, komikigilearen edota ilustratzailearen figura ez dadila fikzio bat izan. Haur batek marrazkilaria izan nahi duela amesteko modua izan dezala», gaineratu du Axpik.

Dani Fanoren ustez, «zulo» izan da komikigintza eta, hein handi batean, «kultura espainoletik» jaso dugu ikuskera hori. «Kultura espainolean komikigintza kultura underground batera lotu izan da, frikien mundura. Baina, hala ere, oso medio indartsua eta adierazkorra da. Eta ozen esango dut: ‘Euskal Herria, komikigintzaren beharra daukazu’. Eta horren froga garbiak daude. ‘Charlie Hebdo’-ko erasoa komikigileei gertatu zaie, marrazkiak indar handia duelako. Gurean, kultura espainolaren herentzia jaso dugun neurrian, komikia bazterrean egon da. Harkaitz Canok beti aipatzen du komikigintzan hasi zenean Iñaki Holgadok eta biok esan genion gauza bat: ‘Hemen, Harkaitz, ez dago ezer. Ez dago sosik, ez dago prestigiorik eta ez dago glamour apurrik ere’. Berak ez zuen erabat sinetsi, baina gero bere azalean sufritu du. Idatzizko liburu bat argitaratzen duenean foku guztiak bere gainean jartzen dira, baina komiki bat kaleratzen duenean ez diote kasurik egiten. Hala ere, umore grafikoak badauka bere publikoa, eta uste dena baino zabalagoa da».

Umorearen eztena zorrotza da, zorrotzegia batzuen azalerako. Euskal Herrian, esaterako, edozeri buruz egin daiteke umore grafikoa? Axpiren hitzetan, «ez, umorea oso mingarria izan daitekeelako. Hala ere, dena neurtzen duzun moduaren araberakoa da. Oso gaztea nintzela aldizkari batean hasi nintzen marrazkiak egiten eta lehen hiru hilabetetan hiru aldiz zentsuratu ninduten. Hirutan esan zidaten ezin zutela argitaratu nik bidalitakoa. Oso gaztea nintzen eta gaiak etorri bezala ekartzen nituen paperera, iragazkirik gabe. Urteekin leuntzen joan behar izan dut eta batzuetan sentsazioa daukat; ‘hara, beste pastel bat, hortxe daukazu’. Neurtu behar horretan batzuetan ideiak indar guztia galdu egiten du. H28 aldizkarian asmoa da zentsura ahalik eta txikiena izatea, eta egin nahi duguna egitea».

Fanok oso garbi dauka, lehen zentsura-polizia norberaren buruan dago: autozentsura. «Tabuak kultura eta jendarte guztietan daude. Gure lanak, hain juxtu, hori izan beharko luke: jendeari lagundu tabu horiek hausten. Azkenean bufoiaren lana hori da. Beldurra kentzeko modurik onena hori da; beldurra ematen dizun horri barre egitea. Horrek izan beharko luke gure funtzioa: jendeari zer pentsa eman, zer hausnartu, gauzak aldatzeko bidean jartzeko. Hitz handiak dira horiek».

«H28, nahi duguna egiteko»

Autozentsuraren gainetik, herri bakoitzak eta jendarte bakoitzak bere testuingurua bizi du, eta tabu propioak dauzka. «Gurean Mahomari buruz ia edozer marraz dezakezu, baina, esaterako, AVTko (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) norbaiti buruz aritzen bazara, kontuz».

AVT elkarteaz harago, gure herrian badira bestelako tabuak, gertuko gaiak, txiste askotarako eman arren autozentsuraren atea pasatzen ez dutenak. «Denok merezi ditugu makilakadak, zalantzarik gabe. Kontua da, zer eskatzen diogu H28-ri? Nik alde batean eta bestean ikusten ditut makilakadak emateko gaiak, baina nik aukeratuko dut egurra zeini eman. Nire burua ikusten dut H28-n nahi dudana egiten. Eta esango didate, ‘eta hauekin zergatik ez duzu umorerik egiten?’. Ba, ez dudalako nahi. H28 aldizkarian sudurraren puntan jartzen zaidana egingo dut».

H28 «beroaldi» bat izan da, «egingo al dugu?» moduko erronka. Baina martxan jarri da marrazkilariek faltan sumatzen zuten espazio bat sortzeko. «Batzuetan ideia etortzen zaizu burura, ona iruditzen zaizu, baina ez daukazu non agertu. Horretarako sortu dugu H28, ideia horiek argia ikus dezaten», jarraitu du Fanok.

Marrazkiaren zuzentasuna eta indarra ere hor daude. «Liburuetan jasota dago Jesus biluzik gurutziltzatu zutela. Hori idazten baduzu, ez da ezer pasatzen. Baina hori marrazten baduzu?», eman du adibidea Dani Fanok. «Gure helburuak ez du zertan transgresioa izan behar. Baina bai gizartean traba egiten digutenak, gustatzen ez zaizkigunak zalantzan jartzea. Eta nola egin daiteke hori? Ba garrantzia kentzen, leuntzen, hutsal bihurtzen. Finean, umorea egiten», jarraitu du.

Neurrian dago gakoa. «Umorea egiten duzunean zailena neurria hartzea da, oreka topatzea. Nik, esaterako, ez nuke mingarria izan nahi inorekin, baina ziria sartu nahiko nuke», gaineratu du Axpik.

Gutaz edo gurekin barre egitera?

Umoreak badauzka balio asko, balio du sendatzeko eta berdin balio du jendarte bat eraikitzeko, edo eraikitakoa hankaz gora jartzeko. Baina apenas ematen zaion baliorik gauza serioen munduan. «Hain zuzen, beldurra ematen duelako. Gutaz barre egitera dator edo gurekin barre egitera dator? Kontuz», esan du Dani Fanok. «Satira zorrotza, zuzena eta eraginkorra da. Esaterako, Javier Kraheren ‘Cuervo ingenuo’ abesti satirikoa, PSOE hain ondo larrutzen zuena, izugarria izan zen. Eta horren ondorioz gogor jazarri zuten Krahe. Satira inteligentziatik eta zorroztasunetik egiten denean, norbait ondo erridikulizatzen asmatzen baduzu, hori izugarria da. Ados Axpirekin akaso mina egitea ez dela helburua. Mina egin ez, baina pipertu bai. Eta norbait pipertzea lortzen baduzu, akaso lortuko duzu bere jarreraren inguruan hausnar dezan». Fanok aitortu duenez, inguruan oso lagun zirikatzaileak izan ditu, bere buruaz barre egiten lagundu diotenak, «eta norberaren buruaz barre egitea, benetan, sekulako liberazioa da».

Baina umorea, marraztearen antzera, «umeen gauzak» izeneko kutxa horretan sartzen da maiz. «Tontakeriak dira, umeen gauzak... horrela hartzen dira maiz bai umorea eta bai marrazkia. Eta, alderantziz, maiz gauza serioei pultsua hartzeko modurik onena da umorea. Eta berdin marrazkia», nabarmendu du Axpik.

«Euskaldunok badugu elkarri zirikatzeko joera, hitz jokoak egin eta umoretik aritzekoa. Herri txikietan eta euskal guneetan, esaterako, maiz harrituta gelditzen naiz jendearen ateraldiekin eta jarioarekin. Baina maila pertsonalean izaten da, ez maila publiko edo sozialagoan», gaineratu du Axpik. «Bertsolaritzak ere asko du satiratik eta umore azido horretatik. Bertsolariak maisuak dira horretan, eta guk asko ikasten dugu haiekin», segitu du Fanok.

«Gure gutxitasun konplexuagatik –gure kultura oso txikia delako eta oso jazarria izan delako–, inor baino sakonago, inor baino landuago, serioetan serioenak ez ote garen aritzen iruditzen zait maiz. Noski, ingelesek ez dute horrelakorik egin behar; kultura indartsua eta mundu osoan zabaldua dutelako. Euskal Herrian, segur aski, denbora beharko da gauzak beste modu batera hartzeko. Aldatzen ari da, baina oraindik asko dago egiteko. Kultura hitz larrietan egiten dugu. Serioak, sakonak, landuak... nik ez dut sinesten horrelakoak garenik, jendarte mailara jaisten zarenean bestelakoak garela ikusten baita: zirikatzaileak, adar jotzaileak... Baina gure historia hori arrastaka dakarkigu, eta denbora beharko dugu aldatzeko», bota du iritzia Fanok.

H28 aldizkari satirikoak pauso txiki bat izan nahi du bide horretan, sinesten baitute jendarte bat umoretik ere eraiki beharra dagoela. «Gustatuko litzaiguke H28 proiektuan zentsura bakarra mailaren araberakoa izan dadila. Alegia, lan bat atzera botatzen bada, txarra delako izan dadila, ez hau edo bestea kontatzen duelako», esan du Fanok.

Sarekoa eta doakoa

Ziriak ziri eta eztenak ezten, H28 aldizkari satirikoa espazio libre bezala jaio da, eta askatasun horrek beharko luke bere zimendu. «Ez ditugu helburuak zehatz finkatu, baina edozein argitalpenek bezala, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu, ahalik eta lanik onenekin eta ahalik eta denbora luzeenean». Printzipioz sareko argitalpena da, eta horrela segitzeko asmoa daukate. «Webgune bat sortuko dugu eta PDF dokumentuak deskargatzeko aukera emango dugu. Hori dugu buruan. Doakoa da eta doakoa izaten jarraituko du, proiektu honek ez daukalako inolako helburu ekonomikorik. Sudurraren puntan jarri zaigulako sortu dugu H28. Hitz egin dugu dohaintzak jartzeko aukeraz, baina oraindik airean dauden gauzak dira. Oraingoz, hilaren 28 bakoitzean aldizkaria sarean egongo da», zehaztu du Fanok.

Sortu zenetik hilabete eta hamar egun pasa diren honetan, barne funtzionamendua antolatzeko jarraibide batzuk finkatu dituzte dagoeneko. Hiru pertsonako erredakzio talde bat osatu dute –hasierako txandan Asisko Urmeneta, Marc Armspach eta Patxi Uharte Zaldieroa daude, ideia martxan jarri zutenak– eta hiru hilero aldatuko dute talde hori, zama bihur ez dadin. Aldizkariak ateak irekita dauzka, edonork bidal dezake bere lana. Hilaren 20a baino lehen iristen diren lan guztiak jasoko dira; hilaren 20 eta 24 bitartean erabakiko da zeintzuk argitaratu; eta hilaren 28an sarean jarriko dira.