ENEEK
Elkarrizketa
Sonia Ingunza Zumalde
BASERRITAR EKOLOGIKOA

«Munduan elikagaien ekoizpenean jarduten direnen %65 emakumeak dira, eta, gehienak, pobreak»

Baserritar ekologikoa da. Pasa den astean Maliko Selingue herrian izan zen EHNE Bizkaia ordezkatzen, mundu osoko baserritarrak batu dituen bilkura batean. Gaien artean, emakume baserritarra.

sonia
sonia

Sonia Ingunza Zumalde baserritar ekologiko areatzarrak hamar urte daramatza ortugintza ekologikoan profesionalki lanean. Biologia ikasketak egiten hasi zen bere garaian, hura utzi eta zerbait «praktikoagoa» ikasten hasi arte. «Eskuekin lan egin nahi nuen, horregatik nekazaritza ikasketak egitera joan nintzen, lanbide hezkuntzan. Baina han jaso nuena ere ez nuen guztiz gogoko izan, ekoizpen eredu erabat intentsiboa zen erakutsi zigutena, lurrarekin lotura gutxi zeukan eta mekanizazio maila altua eta inbertsio handiak eskatzen zituen».

Nekazaritzan jarduteko erabakia hartu zuenean, argi zeukan zein izango zen bere bidea. «Produktu ekologikoen kontsumitzailea aspalditik banintzen, eta ikusten nuen hemen elikagai ekologikoen eskaintza oso murritza zela, eta hori indartu beharra zegoela. Beste alde batetik, argi neukan ez nuela ez bezeroak ezta nire burua ere pozoiekin kutsatzerik nahi».

Pasa den astean, Maliko (Afrika) Selingue herrian izan zen, EHNE Bizkaia ordezkatzen, mundu osoko baserritarrak batzen dituen La Via Campesina erakundeak, CNOP Maliko baserritarren elkarteak eta beste erakunde batzuek antolatutako bilkuran. Emakume baserritarren aldarrikapenek toki garrantzitsua izan zuten.

Nekazaritza bizimodu gisa aukeratuta, zailtasun berezirik sumatu al duzu emakume izateagatik?

Emakumea bazara, jaiotzatik konturatzen zara gauzak zailago izango dituzula! Nekazaritza ikasketekin hasi nintzenean ere, ikusi nuen emakumeenganako konfiantza askorik ez zegoela. Susmo hori bera herrian izan nuen, ortugintzan hasi nintzenean. Herritar askok (gizonak, gehienak) esaten zidaten ezingo niola eutsi, lan honetan indarra behar delako, eta, antza, emakumeok ez daukagulako. Aurreiritzi asko dago. Gero, erakusten diezunean egin dezakezula, goraipatu egiten zaituzte. Hasierako garai haietan, bitxia izan zen ere emakume nagusi askok esaten zidatena: «Hori, hori! Ortu bat izatea etxera beste jornal bat eramatea da!».

Azken urteetan, emakumeak baserrian izan duen papera bistaratzeko lan handia egin da. Zein izan da eta zein da paper hori?

Nahiz eta askotan entzuten den Euskal Herrian matriarkatua izan dela nagusi, nire iritzia da zirkunstantziek bultzatu izan dutela emakumea etxearen ardura hartzera. Gizonak okupatuago egon dira gerrak egiten, mendian lanean… Emakumeari etxea zaindu beste erremediorik ez zitzaion gelditzen. Etxeko burua baino, esango nuke etxeko kudeatzailea izan dela, etxe inguruko guztia beraien ardurapean egon izan dela. Egia da ere oinarrizko jakintzetariko asko emakumeak gorde eta transmititu izan dituela: medikua izan da, emagina, hazien zaintzailea, ortuan gauzak noiz erein behar diren jakin du, baserriko produktuak luzaroan irauteko nola prestatu jakin du… XX. mendean, gizonak lantegietara joaten hasi zirenean, gauzek bere horretan jarraitu zuten, aldaketa batekin: gizonak bizitza soziala egiten hasi ziren, emakumeek etxetik irten ezinda jarraitzen zuten bitartean. Gaur egun, emakumeon autonomian zenbait pausu eman dira, baina iruditzen zait pausu horietako asko atzerantz eman direla: andre asko ikusten ditut etxetik kanpo lanean, gero etxean ere lan asko egin beharrez, eta beraien seme-alaben esklabo bihurtuta.

Emakumeok izan dugun papera aztertzerakoan, bada beste puntu garrantzitsu bat: bai lehen eta baita gaur egun ere, emakumeok urte gehiago hartzen ditugu, eta horrek jakintzen transmisioan badu bere garrantzia. Gaur egun, nagusiek dauzkaten jakintzak gutxiesten dira, gizarte kapitalista honetan “produktiboa” ez dena baztertzen baita. Hori, niretzat, akats larria da.

Malitik bueltatu berritan eta mundu osoko baserritarrekin egon eta gero, zein sentsaziorekin etorri zara?

Bilkura honen helburu nagusia “agroekologia” kontzeptua zehaztea izan da, ikusten baita arriskua badagoela termino hau edonork edonola erabiltzeko, eta, ondorioz, terminoak zentzu guztia galtzeko. Mundu osoko 300 ordezkari inguru egon gara, baserritarrak asko, baina baita bestelako gizarte eragileak, kontsumitzaileen elkarteak, Maliko agintariak eta FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak ere. Indarberrituta etorri naiz, errealitate gogorrak ezagutu baditut ere.

Agroekologiak emakumearekin zerikusi handia duela esan ohi da. Zer deritzozu zuk?

Esango nuke agroekologia bera emakumeokin oso lotuta dagoela, gure neurrira egokiro moldatzen den planteamendua dela. Nire iritzi pertsonala da, baina, oro har, uste dut emakumeok ez dugula handikeria nahirik, ez dugu traktore handiago baten beharrik, gure neurriko gauzekin moldatzea nahiago dugu, eta hori dago agroekologiaren oinarrian: pertsonon neurrira egokitzen den ekoizpen eredua da. Oso balore femeninoak ikusten dizkiot agroekologiari: harreman zuzenak zaintzea, ekoizpena dibertsifikatzea, familia eta ingurumena zaintzea, jakituriak elkarbanatzea…

Emakume baserritarren egoerak izan al du tokirik Maliko eztabaidetan?

Noski. Emakumeon bilkura bat izan genuen; 50 inguru elkartu ginen. Zur eta lur gelditu nintzen Afrika eta Asiako emakume baserritarren egoera ezagutzean. Beraiek eskatzen dutena da irabazten duten dirua kudeatu ahal izatea. Izan ere, gaur egun gizonari eman behar diote merkatuan jasotzen duten den-dena, erabateko menpekotasuna dute. Atera kontuak: Afrikako herri askotan, emakume bati senarra hiltzen bazaio zuzenean senarraren anaiaren emazte izatera pasatzen da, hildakoaren beste “propietate” bat bailitzan. Europan, zerbait hobetu da emakume baserritarron estatusari dagokionez, kotitulartasuna duela gutxi eskuratu dugun zerbait da, baliabideak eskuratzeko aukera badugu… Baina Afrikan eta Asian aldarrikapenen marra askoz beherago dago, oinarri-oinarrian. Gure planteamendua errealitate horretara moldatu beste aukerarik ez zegoen, haien egoera gurea baino larriagoa baita.

Hain errealitate ezberdinekin, agiriren bat adostu al zenuten?

Azkenean, adostu genituen aldarrikapenak izan ziren emakumeok eskura izan behar ditugula bai lanabesak, bai haziak, bai diruaren kudeaketa bera ere. Munduan nekazaritzan jarduten direnen %65 emakumeak dira, eta, horietatik, gehienak, pobreak dira. Azterketa esanguratsu baten berri ere eman zuten Hego Amerikako kideek: emakumeen garrantzi ekonomikoa ikusarazteko, egiten dituzten etxeko lanen (tartean ortuarien autokontsumorako ekoizpenaren) balorazio ekonomikoa egin dute. Ondorioa da emakumeen jarduerok diru gehiago suposatzen dutela gizonek kanpoan lan eginda ekartzen dutena baino. Osoko Bilkuran, espresuki goraipatu zen emakumeek Selingueko topaketetan egindako lana: beraiek zaindu gaituzte, beraiek elikatu gaituzte… gizonak ez dakit non zeuden! Bilkuran aipatu zen beste gai bat Emakumeen Mundu Martxa izan zen. Aurten, Tunisian hasiko da, bihar bertan, emakumeon egunean, eta Lisboan bukatu, urriaren 17an, pobreziaren aurkako egunean.

Zer da Emakumeen Mundu Martxa?

1995ean Quebeceko mugimendu feministek antolatutako ekimen batetik sortu zen. Emakumeen aurkako indarkeriarekin eta pobreziarekin bukatzea ziren aldarri nagusiak, berdintasunean oinarritutako jendarte solidarioa eraikitzea. Arrakastatsua izan zen, eta, hala, 2000n, mundu mailako lehen Emakumeen Martxa antolatu zen. Harrezkero ekitaldi ugari antolatu dira mundu osoan, baita ekintza internazional gehiago ere. Aurtengoa, laugarren ekintza internazionala izango da. Ardatz nagusia emakume baserritarren egoera salatzea izango da, baita tokiko hazi barietateekin dauden arazoak jendarteratzea ere: egun, arau internazional zorrotzak eta sarri zentzugabeak daude hazi kreoleen inguruan, baserritarron betiko jarduera izan den hazi trukaketa ere debekatua dago eta hori arazo larria izan daiteke guretzat. Hazien multinazionalentzat, aldiz, mesede handia da… Emakumeen Mundu Martxa irailean pasako da Euskal Herritik. Hainbat ekintza antolatuko dira emakumeon papera plazaratu, gizarte patriarkala salatu eta balore femeninoetan oinarritutako berdintasunezko jendarte solidario bat aldarrikatzeko.