Jose Angel Oria
ANALFABETISMOA

Uhartetik kanpoko milioika lagun alfabetatu dira Leonela Relys kubatarrak sortutako metodoarekin

Irakurtzen eta idazten ez dakiena da analfabeto. Urtero, irailaren 8an ospatzen da Alfabetatzearen Munduko Eguna. Hedabide handienek ez diote gaiari jaramon handirik egiten, nahiz eta arazoa oso larria den XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan ere: 781 milioi lagun dira analfabeto, munduko biztanleen %16. Horietako %64 emakumeak dira.

Eta emakumea zen, aldi berean, analfabetismoaren aurkako tresnarik eraginkorrena sortu zuen pertsona: Leonela Ines Relys Diaz, “Yo sí puedo” edo “Nik ahal dut” metodoaren sortzailea. Minbiziak jota hil zen urtarrilaren 17an.

Leonela Relys Kubako Iraultzaren protagonista eta alaba izan zen, aldi berean. Eta berak sortutako metodoak, bere ibilbide luzean ikasitakoa biltzen eta ordenatzen du.

Analfabetismoari aurre egitea betidanik izan da Kubako agintarien eta herritarren lehentasun. Cubainformacion.tv webguneak nabarmendu du “Yo sí puedo” metodoari esker bederatzi milioi lagunek lortu dutela irakurtzen eta idazten ikastea, «munduko leku ezberdinetan. Gizon eta emakume horiek letren bitartez lortu dute herritar moduan dituzten eskubideak ulertzea, eta, garrantzi bera duena, ipuin edo olerki bat irakurri ahal izatea eta sinadura idaztea, hau da, arkatz batetik bere izena nola ateratzen den ikusi ahal izatea».

Kubako agintarien apustua

Kubak betidanik aurre egin izan dio analfabetismoari, ezjakintasunak iraultzari kalte egiten diolakoan. Latinoamerika osoan sekulako garrantzia eman izan zaio herritarrak alfabetatzeari eta lan ikaragarri horren fruituak handik urte batzuetara iritsi zaizkie: gaur egun kontinenteko herrialde askotan ezkerreko indarrak daude agintean, herritarren eskubideen aldeko lana egin nahian, garaipena hautestontzietan lortu ondoren.

Tamalez, arabiar herrialde gehienetan analfabetismoa ikaragarria da oraindik (Gaza litzateke salbuespen aipagarria), eta horrexegatik pentsa daiteke orain lau urte mundu hori astindu zuen iraultza boladaren emaitza oso bestelakoa izango litzatekeela Marokon, Egipton eta beste herrialde arabiarretan horrenbeste analfabeto izan ez balitz. Ez irakurtzen ez idazten ez dakitenak baitira agintari ustelentzat herritarrik erosoenak, beraien asmoei eta interesei kalte gutxien egiten dietenak.

Leonela Relys 1947ko apirilaren 20an jaio zen, Camagueyn. Hala ere, Habana Kubako hiriburuan egin zituen urte asko. Bertan izan zen irakasle lehen aldiz. Kubako Alderdi Komunistako kide, iraultzaren lorpenak defenditzen zituen bazter guztietan. Irakasle lanean ere, bere ezagutza akademikoaz gain, bere printzipioen berri ematen zien ikasleei; iraultza nola ulertzen zuen azaltzen zien.

Irakasle bihurtu aurretik Relys herritarrak alfabetatzen hasia zen jada. 1961ean, 14 urte besterik ez zituela, Conrado Benitez brigadako alfabetatzaile izan zen Fidel Castrok deitutako Alfabetizazio Kanpaina Nazionalean. Ondoren Haitiko esperientzia internazionalista iritsiko zen, eta bertan garatu zituen Leonela Relysek gerora “Yo sí puedo” metodoa izango zenaren lehen urratsak.

Venezuela, Bolivia, Kolonbia, Nikaragua, Panama, Dominikar Errepublika, Afrikako Ginea Bissau eta Europako Sevilla hiria ere bisitatu zituen, bertako analfabetoei irakurtzen eta idazten irakasteko.

Koreako erregearen saria

Irakasleak gaitzeko garaian nabarmendu izan zen beti Leonela Relys; berak zekiena modurik eraginkorrenean helarazi nahi zuen. Hezkuntza eta alfabetizazioari buruzko hogeiren bat liburu idatzi zituen helburu horrekin. Bere ibilbide luzean makina bat sari eman zizkioten Relysi Kuban bertan zein nazioartean. 2006an Unescok Sejong Erregearen Saria eman zion, XV. mendeko Korean alfabetizazioaren alde sekulako lana egin zuen agintariaren izena daraman saria.

«Bizitzako momenturik onenak bizitzen ari naiz», esan zion Leonela Relysek berak “La Jornada” egunkariko Rosa Miriam Elizalderi, iaz. Ordurako bazekien minbizia aurrera zihoala, baina irakasle beteranoak ez zion ezer esan elkarrizketatzaileari eta irribarrez erantzun zituen galdera guztiak. Haitin bertako hizkuntzan, kreoleran, ikasi zuen lehen hitza gogoan zuen irakasleak: grangou, “gosea” euskaraz.

«Analfabetoak ez du ondo ulertzen irakurtzen zergatik ikasi behar duen. Bere lehentasuna etxekoak elikatzea izaten da. Haitiar batzuek galdetzen ziguten ea zenbat ordaintzen genuen han egoteagatik, eta, beste batzuek, berriz, arkatz bat ematen genienean, goiko aldea jartzen zuten paperaren kontra. XXI. mendean». Karibeko herrialdean ulertu zuen analfabetismoa pobreziarekin, gosearekin eta osasungarritasun ezarekin dagoela lotuta. «Analfabetismoa existitzen da ezberdintasunak eta injustiziak existitzen direlako. Existitzen da, hezkuntza guztiontzat ez delako».

Gauza ezagunetatik abiatu

Lehen esperientzia hartan 100.000 lagunek ikasi zuten Haitin irakurtzen eta idazten. Leonela Relysen metodoa erabiltzen zuten, irratiaren bitartez. Berak orrialde gutxiko liburuxka prestatu zuen, zenbakiak letrak ulertarazteko nola erabili azaltzeko. «Pobreek derrigorrez ikasten dute zenbatzen. Ezaguna zuten gauza batetik ezezagunera joan behar zuten, pixkanaka, gauza errazetik gauza zailetara».

Relysen metodoak hiru fase ezberdin aurreikusten ditu: trebakuntza, irakurtzen eta idazten ikastea, eta ikasitakoa sendotzea. Garrantzia ematen dio ikasleak ezaguna duen mundutik abiatzeari, irakurtzen ikastea errazago izan dadin. Aldi berean, hedabideak erabiltzen ditu, irratia eta telebista batez ere, baliabide gutxiago erabilita ikasle gehiagorengana iristea ahalbidetzen dutelako.

Piedad Torres Hezkuntza Zientzietako doktoreak Prensa Latina Kubako agentziari esplikatu dio Relysek sortutako metodoa zergatik den hain arrakastatsua. Nabarmendu du irakurtzen eta idazten irakasteaz gain, ikasleei «kultura orokorreko» oinarriak eskaintzen zaizkiela, beren seme-alaben hezkuntzan ere gehiago lagun dezaten, ingurumena zaintzen ikas dezaten eta herrialdeko historia eta nortasuna hobeto ezagut ditzaten.

Zenbaki ezagunak hizki ezezagunekin lotzen ikasi behar dute parte hartzaileek: «Egunero erosten edo saltzen dute zerbait beren eguneroko bizitzan; analfabeto direnek ere ezagutzen dituzte zenbakiak eta jakiten dute horiek nola erabili. Ezagutza horretatik abiatuta zenbakiak letrekin lotzen dira, ikasteko prozesua errazteko». Guztira 65 bideok osatzen dute metodoa, baldintzara orotara egokitzeko ahalmena duen “Yo sí puedo” prozedura arrakastatsua.

Hesi informatiboa

Kubako agintariek beti izan dute oso garbi analfabetismoaren aurkako borroka beren lehentasunen artean dagoela. Horri esker, «Kuba 1961etik eta Bolivia, Nikaragua, Ekuador eta Venezuela, duela gutxiagotik, analfabetismorik gabeko herriak dira, Unescoren arabera, %4tik beherakoa baita herrialde horietan analfabeto kopurua», Jose Manzaneda Cubainformacion webguneko koordinatzaileak nabarmendu duenez. «Herri txiki batek, baliabide gutxi eta blokeatutako ekonomia izanik, bere alfabetatze metodoa eta milaka aholkulari pedagogiko eraman ditu munduko 28 estatu ezberdinetara. Galdera agerikoa da: munduko prentsak zergatik ez du datu garrantzitsu eta harrigarri hori aipatzen? Zergatik ez du esaten, harrigarria bada ere, Kubak Lehen Mundua deiturikoan ere alfabetatzean laguntzen duela, Australian eta Zeelanda Berrian zehatzago? Erantzuna ere begi bistakoa da: Kubak eskaintzen duen elkartasun eta gizatasunezko eredua burdinazko hesi informatibo batek estaltzen duelako».

Herrialde industrializatu batzuetan ere erabili izan da “Yo sí puedo” metodoa, nahiz eta herrialde horietan analfabetismorik ez dagoela iruditzen zaigun askotan. Baina Estatu espainoleko Sevilla hirian 20.000 analfabeto zeuden 2008an (700.000 biztanleko hirian), eta instituzioek ez zuten ezagutzen beste 40.000 lagunek zein formazio maila zuten.

«Metodo iraultzailea»

Garai hartan Manuel Silva IUko zinegotziak Kubako metodoa Andaluziara eramatea proposatu zuen, beste herrialde askotan emandako fruitu berak emango zituelakoan. «Oso metodo iraultzailea denez, Sevilla bezalako hiri bateko instituzioetara eramateak lan asko eman zigun», esplikatu zuen garai hartan.

Silvak uste du Sevillan arrakasta osoz egindakoa Europako hegoaldeko herrialde guztietan ere aplika daitekeela, Italia, Grezia eta Portugal bezalako herrialdeetako hegoaldeko eskualdeetan ere analfabetismo maila oso kezkagarria baita.

Edonola ere, industrializatutako herrialde horietan askoz ere gehiago kostatzen da “Yo sí puedo” metodoa aurrera ateratzea, herritarrek eta Gobernuak bat egiten duten lekuetan baino. Bolivia eta Venezuela dira Kubako programa ondoen erabili duten herrialdeak: 1.482.000 pertsona alfabetatu dira Venezuelan eta 824.000 Bolivian. «Han, programa gaztelaniaz zein jatorrizko hizkuntza indigenetan aplikatu zen, baita braille sisteman ere, material grafiko eta bideoen bitartez. Kubako telebistan ekoitzi dira material horiek eta herrialde bakoitzera egokitu dituzte profesionalek», nabarmendu du Manzanedak.

Fidel Castrorekin hizketan

Horrenbesteko arrakasta, nolaz? Leonela Relysi berari galdetuz gero, analfabetismoaren aurkako metodoa dozenaka herrialdetara hedatu izanaren erantzukizuna Fidel Castro komandanteari egozten zion. Haitin lanean ari zela, pedagogoak istripu bat izan zuen. Kubara itzuli behar izan zuen eta oin batean zenbait ebakuntza egin zizkioten. Halako batean, telefono deia. Fidel bera!

Presidenteak Biran herrian pasa zuen haurtzaroa ekarri zion gogora Relysi. Nekazari analfabetoek dirua nola zenbatzen zuten esplikatu zion: billete bakoitzari zegokion zenbakia billeteak zeraman irudiarekin lotzen zuten, ia-ia Camagueyko emakumeak sortutako “Yo sí puedo” metodoan bezala.

Agintariarekin izandako lehen elkarrizketa hura oso aberasgarria izan zen eta bestelako neurri bat eman zion irakaslearen ekimenari: mundu osoko analfabetoak alfabetatzeko erabili nahi zuen metodoa, Latinoamerikako herrialdeetatik hasita. Hugo Chavezen Gobernuak berehala eman zion baiezkoa, eta, horregatik, azken urteotan Venezuela izan da Leonela Relysen metodoari etekin gehien atera dion herrialdea. Horregatik… eta analfabeto asko zituelako.

Agintarien borondatea

Komandanteak irakasleari esaten zion analfabetismoa erabat ezabatzeko agintarien borondate politikoa behar dela. Fidel Castrok kontatu zion herrialde batzuetan analfabeto izatea eskubideen alorrean hankamotz geratzea bezalakoa dela, adin txikiko baten pare geratzea: «Irakurtzen ez badakizu, ez dakizu botoa ematen eta ezin duzu ezer exijitu».

Relysek beste modu batean kontatzen zuen analfabetismoaren drama. Herritarren autoestimua indartzen zuen irakurtzen ikasteak, analfabeto izatea, beste gauza askoren artean, lotsa eragiten duen zerbait baita: semeak idatzi dion eskutitza irakur diezaion ondoko etxera joan behar duen andrearen lotsa; hiri handietan ulertzen ez dituzten letrero eta inprimakien nahastuta ibiltzen diren herritarren sufrimendua; irakurtzen ikasi nahi duen baina horretarako baliabiderik aurkitzen ez duen nekazariaren pena…

700 milioi analfabeto

Munduan 700 milioitik gora lagunek bizi dituzte tankerako egoerak, eta arazo horri aurre egiteko moduko metodoa nahi zuen Fidel Castrok. Kasu batzuetan goizaldera arte luzatu ziren bilera haietan agintariak eta irakasleak oso garbi ikusi zuten analfabetismoaren aurkako nazioarteko borrokak porrot egin duela, gutxieneko helburuak betetzera iritsi ez delako.

Era horretan aldatu zitzaion bizitza Leonela Relysi. Kreolerazko kartilla txiki bat prestatu zuen irakasleak, eta, bat-batean, alor ezberdinetako profesionalek osatutako talde baten zuzendari gisa ikusi zuen bere burua: hezkuntza teknikariak, Kubako telebistako aktoreak, gidoilariak… Berehala hasi zituzten grabazioak, betiere ikasleek ondo pasatzeko helburua oso kontuan zutela: «Ezin genuen zama handiagoa ipini pobreen bizkarraren gainean, bestela ere nahikoa badute-eta!».

Hizkuntza ezberdinetan egin zituzten grabazioak eta kartilla ekologikoak ere prestatu zituzten: zuhaitzak eta abereak ageri ziren irudietan. Ordenagailuak eta telefono mugikorrak herritarrak alfabetatzeko nola erabili ere aztertu zuten diziplina anitzeko talde hartan. «Konturatu nintzen herrialde batzuetan pobreak goseak amorratzen bizi baziren ere, mugikorrarekin ibiltzen zirela», esplikatzen zuen irakasleak.

Ordenagailuek eta mugikorrek ere zenbakiak eta hizkiak erabiltzen dituzte. «Mugikorreko ‘2’ tekla, esaterako, ‘ABC’ hizkiekin doa; ‘Yo sí puedo’ metodoak erabiltzen duenaren pareko sistema da azken batean, baina, noski, eragin masifikatua izan dezakeena, jende askorengana iristen baitira mugikorrak egun. Ez diegu herritarrek erabiltzen dituzten tresnei uko egin behar, baliatu egin behar ditugu. Beti zabaldu izan nahi dugun mezua berbera izan da: ‘irakurtzen ikastea ona, erabilgarria eta dibertigarria da’».

Horrenbestez, Kubako profesionalek diseinatu zuten alfabetatzeko metodoa, Kubako irakasle baten gidaritzapean eta garaiko herrialdeko presidentearen beraren bultzada pertsonalarekin. Hala ere, Leonela Relysek ez du esaten “Yo sí puedo” metodoa Kubako pedagogiak sortutakoa denik, Latinoamerikakoak baizik.

«Mirari operazioa»

Kontinente guztietara zabalduko zen azkenean alfabetatzeko metodoa. Emaitza ikusgarria izaten zen leku askotan: hilabete pare bat nahikoa izaten ziren analfabetoek irakurtzen eta idazten ikas zezaten. Gainera, herritarrak alfabetatzeko ahaleginak inork espero ez zuen beste onura bat ere eragingo zuen ustekabean: «Latinoamerikako leku ezberdinetan metodoa aplikatzen ari ginela, konturatu ginen batzuek ez zutela ez irakurtzen ez idazten ikusteko arazoak zituztelako». Horri esker eman zioten “Operación Milagro” ekimenari hasiera, ikusmen arazoak konpondu eta herritar guztiek irakurtzen eta idazten ikasteko aukera izan zezaten.

“Mirari misioa” edo “Mirari operazioa” Kubako eta Venezuelako gobernuek jarri zuten abian 2004ko uztailean, ikusmen arazoak zituzten herritar pobreei ebakuntzak doan egin eta arazoa konpontzeko asmoarekin. Milaka latinoamerikarrek ekimen horri esker konpondu dituzte ikusmen arazoak. Oftalmologia zentroak sortu dituzte Venezuelan zein Bolivian, Kubako profesional eta baliabideekin. Pazienteak Kubara eramaten dituztenean, bertako mediku, osasun langile eta ikasleek zaintzen dituzte, horretarako denbora oporretatik hartuta.

Aste honetan bertan Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan esplikatu du “Mirari operazioak” lortu duela 34 herrialdetako 3,4 milioi pertsonari ebakuntzak doan egitea.

Munduak asko zor dio Leonela Relysi, milioika lagunei sekulako mesedea egin dielako, baina horrek ez zizkion betiko ohiturak aldatu. Kubako beste edozein emakumek bezala, etxetik kanpo egiten zuen lanaz gain, etxea gobernatzea ere berari tokatzen zitzaion. Bi seme-alaba zituen, eta hiru biloba. Senarrarekin batera, Habanako Diez de Octubre auzoan eraikitako etxe txiki berdean itzali zen Relys doktorea.

Baina berak sortutako metodoak bizirik jarraitzen du eta beharrak ere hor jarraitzen du. Afganistanen, Beninen, Burkina Fason, Afrika Erdiko Errepublikan, Txaden, Boli Kostan, Etiopian, Ginean, Liberian, Malin, Mauritanian, Sierra Leonan eta Nigerren, esaterako, gaur egun oraindik gehiago dira analfabetoak alfabetatuak baino.