Julene Larrañaga
Elkarrizketa
Ray Fernandez
K

«Kuba bihotzean dakarkizuet, eta Euskal Herriaren zatitxo bat bertara eraman nahi dut»

Kubatarren pozez eta minez jarduten du kantuetan, beti umorearen behatxulotik begiratuz inguruari. Egunotan Euskal Herrian da, kasik etxean bezala.

Ray Fernandez
Ray Fernandez

Gitarra eskuan, errealitateari buruz hausnartzera eta ondo pasatzera gonbidatzen gaituen kubatar trobadorea dugu Ray Fernandez (Habana, 1971). Karibeko uhartearen erdialdean kokatutako Villa Clara aldekoa sortzez, Habanako Alamar auzoan koxkortu zen Fernandez. Sukaldaria ikasbidez, Alamarren bertan eta Habanako malekoi ezagunean trebatu zen abeslari moduan.

Trobadoretzat du bere burua Fernandezek, eta bere poesian batzen ditu kantagintza kubatar zahar eta berria, oinaze, poz zein ezbeharrei umorez kantatuz. Abeslari eta poeta aldi berean, uhartetik kanpoko soinugintza guztiaren irenslea dugu. Egunerokoan pasatzen denaz abesten du Fernandezek, kronika soziopolitikoa umorez eta berehalakotasunez azalduz, haren aparteko ahotsaz lagundurik. Kaleko hizkeraz baina erreferentzia kultuekin, inguruaz mintzo da bere abestietan: eskasia ekonomikoaz, errealitate sozialaz, bortxa politikoaz, jendearen eguneroko zailtasunez... Haren abestiak entzunez, Kuban zer pasatzen den hango eta hemengo telebista ikusiz baino gehiago ikas daiteke, beraz.

Kubako euskaldunen lagun, Habanan bizi diren euskaldunek haren adiskidetasun eta musikaz gozatzeko zortea dute aspalditik. Habanako Aberri Egunetan parte hartu ohi du, eta Ruper Ordorikarekin ere jo izan du, besteak beste. Habanaraino joateko aukerarik ez dutenek, baina, Ray Fernandez Euskal Herrian ikusteko eta haren musikaz gozatzeko aukera dute orain, lehen aldiz Euskal Herrian kontzertu bira eskaintzen ari baita, Tres Tanquistas y un Perro taldearekin. Miguel Alejandro Valdes baxu jotzailea, Roylan Carballosa perkusionista eta Lorenzo Molina tronpetaria lagun, bihar Bilboko Kafe Antzokian izango da, eta Andoain, Ondarroa eta Iruñetik ere igaroko da datozen egunotan, berriro Kubara itzuli aurretik.

Gogoan duzu gitarra bat esku artean hartu zenuen aurreneko aldia? Noiz eta non izan zen?

Sei edo zazpi urte izango nituen, baina primeran gogoratzen dut momentua. Goiz jaiki nintzen egun horretan, eta etxean guztiak lo zeuden. Gure etxean bazegoen kuriositate handia pizten zidan leku bat, eta hori nire aitonaren txokoa zen. Bertako besaulkiaren gainean eserita pasatzen zituen orduak aitonak, tabakoa erre eta erre. Goiz horretan, besaulkira igo eta horman eskegita zegoen aitonaren gitarra zaharra hartu nuen, La Negrita. Erabat magikoa irudi zitzaidan gitarra esku artean izan nuen momentua, gitarraren sokak ukitzea bera. Bat-batean, baina, sukaldetik aitona agertu zen; goxo-goxo eskuetatik gitarra kendu zidan eta berriro ere bere lekuan eskegi zuen, «errespetatu ezagutzen ez duzuna» esanaz. Hurrengo egunean bertan, gitarra berri bat agertu zen etxean, merkea, itsusia eta doinu eskasekoa, baina gogorra zirudiena. Nire lehendabiziko gitarra zen. Lola izena jarri nion, ez galdetu zergatik.

Sukaldaritza ikasketak egin zenituen, baina duela urte batzuetatik melodiak eta kantuak kozinatzen dituzu. Zer da musikak ematen dizuna eta beste alor batzuetan aurkitu ez duzuna?

Sukaldaritza asko gustatzen zait, bai, baina baita pintura edo marrazketa ere; modu terapeutikoan lantzen ditudan afizioak dira. Lasaitzeko eta erlaxatzeko marrazten dut normalean, eta, sukaldean sartzen naizenetan ere, lagun arteko bazkariren bat prestatzeko izaten da normalean. Arte guztien artean abstraktuena da niretzat musika; oso eroso sentitzen naiz musika lantzen, sortzeko askatasun gehiagorekin. Garai batean, “La Jiribilla” aldizkarian sukaldaritzari buruzko zutabetxoa idazten nuen. Ez dut uste arrakasta gehiegi izan nuenik, eta eskerrak! Nire sormen kulinarioekin dagoeneko atxilotuko ninduketen kutsatze masiboa leporatuta... Musikarekin, momentuz, ez dut uste hainbesteko kalterik eragiten dudanik. Edo agian bai?

Nondik edaten du zure musikak? Ze eragin ditu?

Nire musikan eragin handia izan dute, alde batetik, etxekoek, batez ere amak eta aitonak, gitarra oparitu zidanak. Nire aitona guajiro musika kubatarraren jarraitzailea izan da betidanik, eta nik uste horrek asko eragin didala. Nire amaren eragina ere handia izan da, batez ere musika espainiarrari dagokionean: Formula 5, Los Diablos, Juan y Junior... Talde horiek sekulako arrakasta izan zuten Kuban, eta horren eraginpean hazi nintzen ni neu ere etxean. Gero, helduagoa nintzelarik, musika kubatarraren abaniko itzelean sartuz joan nintzen: trobalari kubatarrak, son eta boleroak, changüi-a, caringa... denetarik. Eta noski, baita rocka, bluesa eta musika brasildarra ere. Melomano sutsua naiz, eta musika ezberdinak maite ditut, baina nire musikan eragin handiena izan duena Kubako troba tradizionala izan da.

Kritikoa zara Kubako egoerarekin; zure kantuetan ez da salaketa eta kritika sozialik falta. Hala ere, Kuban bizitzea erabaki duzu. Bizitza-apustua, sorterriarekiko maitasuna edo burugogorkeria, zein da hautu horren arrazoia?

Nik ez dut uste hain kritikoa naizenik; ez nuke esango nire kantuekin hainbeste salatzen dudanik. Are gehiago, batzuetan iruditzen zait gai gatazkatsuei buruz abesten dudanean ez dudala esan beharreko guztia esaten. Nire kantuak saiakera edo tesi bihurtzeko beldurra izango da ziurrenik horren arrazoia. Kantu bat idazten hasten naizen bakoitzean, kutsu ironiko eta zinikoa ematen saiatzen naiz beti, gaia edozein delarik ere: maitasuna, politika… Eskatologiko eta pesimista xamarra izateko joera daukat, baina umorea inoiz ez dut baztertzen. Oso bromazalea naiz, uste dut ondo dagoela guztiekin eta guztiari buruz txantxak egitea. Gainera, ez naiz idatzi eta abestu dudan ezertaz damutzen, eta inork ez dit konturik eskatu egin dudan ezergatik. Dena den, egia da, kasuren batean, funtzionarioren bat deseroso sentitu dela nire kontzerturen batean. Egia da, baita ere, batzuk saiatu direla nire ibilbide artistikoa nolabait oztopatzen. Baina zer egin daiteke bufoi baten kontra! Eta bai, kritikak kritika, Kuba nire bizitza-apustua da, maitasun adierazpen bat ere bai; horrez gain, arrazoi ezberdinen batuketa eta burugogorkeria ere izango da ziurrenik erabakiaren atzean. Baina, batez ere, harro egoteko dudan arrazoi nagusia da Kuba.

Aukerarik izan duzu inoiz Kubatik kanpo jotzeko?

Bai. Kubatik atera nintzen lehen aldian Galizian izan nintzen, Ourensen hain zuzen. Bertan ospatzen den Reperkusion jaialdian jotzeko aukera izan nuen, Manu Chaoren gonbidapenari esker. Primeran pasatu nuen: musika bikaina, jende bikaina, janari ezin hobea –a zer-nolako piztiak Kantauri itsasokoak!–. Horrez gain, Dominikar Errepublikan jotzeko aukera ere izan dut hiru aldiz, Nazioarteko Ekoturismo Jaialdian.

Zure abestien hitzak asko zaintzen dituzu, baina zuzeneko emanaldietan inprobisatzea ere gustatzen zaizu. Bateragarriak al dira hausnarketa eta inprobisazioa? Ondo uztartzen al dira?

Hitzak zaintzen ditut, baina inprobisatzea ere gustatzen zait, bai. Ohitura hori dela-eta kritika bat baino gehiago jaso dut, ez pentsa. Askok uste du ikuskizun profesional batean inprobisazioak ere aurrez prestatuta egon behar duela, eta niretzat hori astakeria da, aurrez entseatzen dena ez baita inprobisazioa. Dena den, batek baino gehiagok egiten du hori; horrelako ikuskizunetan egon izan naiz. Eta ikustekoa da nola inprobisatzen duten batzuek, nola saltzen duten faltsukeria bat, amaieran jendearen txaloa bereganatzeko. Eta ikustekoa da gero elkarren artean nola zoriontzen diren, simulakroaren ondotik.

Aspalditik esan ohi dudan esaldi batekin erantzungo diot zuk egindako galderari: nik ez dut asko hausnartzen inprobisatzen ari naizenean, izan ere, badago dena inprobisatzen duenik ere, hausnartzen bizi delako beti. Hain justu, horixe da nire inprobisaziorik arrakastatsuenetako bat. Horrekin ez dut esan nahi dena ongi egiten dudanik; nik ere jaso ditut txistuak, eta merezita gainera, baina arriskuak nire gain hartzea ere gustatzen zait.

Kubako errealitateaz, eguneroko poz eta tristurez mintzo zara zure abestietan. Suposatzen dut zaila izango dela egunero inguruan ikusten duzuna albo batera uztea, ezta?

Nire abesti gehienek kubatar askok bizi duten eguneroko poz eta minez hitz egiten dute, gure errealitate sozial, ekonomiko eta politikoaz, besteak beste. Egunerokotasun hori beti dago presente nolabait. Orain dela urte batzuk arte, nire egoera ekonomikoa nahiko larria zen. Imajina ezazu egoera: ezkonduta, bi seme-alabekin eta guraso erretiratuen etxean bizitzen. Jantoki batean lan egiten nuen, soldata miserable baten truke, eta, nire emazteak, medikua bera, nire antzeko ordainsaria zuen. Beraz, diru estra apur bat lortzeko, Habanako malekoira joaten nintzen, gitarra lepoan hartuta, eta turistei kantu mitikoak jotzen nizkien: “Lagrimas negras”, “Hasta siempre, comandante”, “Guantanamera”… Noizbehinka nire abestiren bat ere jotzen nuen, protesta kanturen bat normalean.

Zortea aldeko izan nuen. Artista eta intelektual batzuek nire lana gustuko zuten, eta, hala, trobadoreen jaialdi batean parte hartzeko eskaintza egin zidaten. Horrelaxe heldu nintzen profesional izatera. Apurka-apurka nire egoera ekonomikoa hobetuz joan zen, kontzertu eta emanaldiak ateratzen joan zitzaizkidan, baita bidaiatxo batzuk ere. Gaur egun ez dut garai bateko estualdirik pasatzen, baina ez pentsa, bankuan ere ez daukat dirurik! Alamar auzoan bizi naiz orain ere, betiko auzoan, nire emazte eta seme-alabekin, eta garai batean nituen lagun, ezagun eta zaletasunak ditut orain ere. Nire egoera pertsonala pixka bat aldatu da, hobera egin du, baina ez naiz beste mundu batean bizi, eta ez dut ahazten. Hor ditut egunero nire bizilagunak errealitatea ahantzi ez dezadan.

Bestelako gaiak ere jorratzen dituzu zure abestietan, ezta?

Gauza askoren inguruan kantatzen dut: maitasuna, maitasun-eza, ustelkeria, heriotza, homosexualitatea, heterosexualitatea, gezurra, Jainkoa, Kuba, politika, arrazakeria, Fidel, estralurtarrak… Denetarik pixka bat.

Zenbat disko grabatu dituzu orain arte?

Diskoen kontua benetan gogaikarria da. Neure kabuz lehen diskoa grabatu nuenerako banituen 40 kantu inguru eginak. Orain dela urte batzuk grabatu nuen “Paciencia” diskoa, baina laster agortu zen eta gaur egun ez da erraza inon lortzea. Orain dela bi urte, Bilboko lagun bati esker, zuzeneko kontzertu bat grabatu genuen, “El Conciertoski”, baina EGREM grabazio-etxearen eskuetan dago eta oraindik ez dute banatu. Momentu honetan nire hurrengo diskoa prestatzen ari naiz: “Al que bebe, fuma y canta se le jode la garganta”.

Kuban bizi diren euskaldun askorekin tratua duzu, eta bertara joan izan diren beste batzuekin ere behin baino gehiagotan egona zara. Orain, Euskal Herrian aurreneko aldiz egonda, zer sentitzen duzu?

Euskal Herria aspalditik laztandu dudan ametsa da. Eta noski, orain bertan egonda, herri honetaz gozatu nahi dut. Kuban euskaldun asko ezagutu ditut azken urte hauetan. Habanan ospatu zen Aberri Egun batera gonbidatu ninduten orain dela urte batzuk, eta ezinezko egin zitzaidan jende zoragarri hari ezezkoa ematea eta beraiekin bat ez egitea. Patxaran, txakolin eta Habana Club batzuen ostean, euskaldunek ere rumba dantzatzen gerria mugitzen dutela egiaztatu ahal izan nuen! Habanako Aberri Egunak oso politak izaten dira; danbor eta rumba doinuekin eta bertsolariekin amaitzen dira beti. Hunkigarria izaten da, eta baita nostalgikoa ere. Denborarekin Euskal Herriaren eta euskaldunen handitasuna deskubritu ahal izan dut: euren baloreak, hizkuntza, historia, harrotasuna… eta ezin aipatu gabe utzi euskal gastronomia aparta! Uste dut kubatarrok eta euskaldunek gauza asko partekatzen ditugula, nahiz eta gu tropikalagoak eta beroagoak izan.

Inoiz saiatu zara euskaraz abesten? Kontzertuetan inoiz ahaleginik egin al duzu?

Momentuz, behin bakarrik saiatu naiz euskarazko abesti baten koruak kantatzen. Entsegu luze baten ondotik izan zen, Ruper Ordorika bezalako maisu baten eskutik. Kubako zenbait probintziatan kontzertu eta poesia emanaldi batzuk eskaini genituen Vladimir Zamora poetak, Ruper Ordorikak eta nik neuk. “Que gran invento los amigos” deitu genuen emanaldi hura. Urteekin abestiaren letra ahaztu egin zait, baina nire kontzertu baterako berreskuratu nuen behin. Kontzertua bukatuta, publikoan zegoen euskaldun bat gerturatu eta barrezka esan zidan: «Non ikasi duzu poloniarrez hitz egiten?». Nork daki, agian animatuko gara eta egunotan sorpresaren bat emango dugu oholtza gainean.

Euskal Herriko artista batzuk ezagutu dituzu; batzuk beteranoak, Ruper bera kasu, eta beste batzuk hasiberriak, Mikel Inunziaga esaterako. Zerk erakartzen zaitu gure musikatik eta gure artistengandik?

Egia esateko, eta euskara ulertzen ez dudanez, muga handia nabari dut, ezin ditudalako kantuak sakontasun osoz dastatu, eta pena da. Itzulpenei esker lortu dut euskarazko kantuetara iristea. Baina noski, lehenengo patata batzuk jan, ondoren atun zati bat, gero saltsa apur bat, eta marmitako bat jan duzula uste izatea bezala da hori. Zerbait berdintsua gertatzen zait Vladimir Visotsky Errusiako trobadorearekin; errusiera ulertzen ez dudanez, beti geratzen naiz zatikako gozamen bat jaso izanaren sentsazioarekin. Bi hizkuntzak, errusiera eta euskara, oso erakargarriak eta exotikoak iruditzen zaizkit. Musikalki, beti erakarri izan nau folklorera gerturatzen den ia guztiak. Ezagutu izan ditudan musikari euskaldun guztiak miresten ditut, baina, bat aukeratzekotan, Ruper Ordorikarekin geratuko nintzateke. Bere disko guztiak ditut etxean, eta bere abestien letra guztiak irakurri ditut.

Oraindik oholtza gainean ikusi ez zaituztenentzat, aurreratu ahal diguzu kontzertuetan zer eskainiko duzun?

Buelta asko eman dizkiot buruari, zein abesti jo eta zeintzuk ez, eta zaila egin zait erabakitzea. Kontuan izan behar da nire kantu askotan Kubari lotuta dauden kode eta hitzak daudela, eta beldur naiz hemen ez ote diren behar bezala ulertuko. Baina, bestalde, musika unibertsala da, eta baita bizipoza ere. Ni ondo pasatzera eta nire poztasuna kutsatzera nator. Kuba dakarkizuet bihotzean, eta trukean Euskal Herriaren zatitxo bat eraman nahi dut bertara. Ez nator turismoa egitera; jendeari egiten dudana eskaintzera eta gozatzera nator; jendea ezagutzera nator; euskara ezagutu eta sentitzera nator. Zinez, asko eskertzen dut izan dudan aukera.

Zer moduz joan dira orain arteko kontzertuak?

Egia esan, oso ondo. Uste baino jende gehiago gerturatzen ari da kontzertuetara, eta nik uste baino anitzagoa gainera. Jende gaztea, heldua… denetarik batu da. Pentsatzen nuen, agian, Euskal Herrian bizi diren kubatarrak etorriko zirela batez ere, edo latinoak gehiago… Baina euskaldun dezente animatu dira, eta oso harrera ona eta beroa izaten ari gara. Esan bezala, kubatar umoreak baditu bere kodeak, eta gauza batzuk azaldu beharra dago aurretik, baina uste dut jendeari gustatu zaiola ikusi duena, eta tarte atsegin bat pasatu duela gurekin. Horixe da gure helburua.