Jon GARMENDIA
infraganti

Ellande Alfaro

Sarako Urtxola bentan egiten du lan Ellande Alfarok, sarrera Lapurdin eta irteera Nafarroan duen etxe batean. Pilotari izatetik pilotak egitera pasatu da Alfaro eta horretarako sortu du Eskutik izeneko enpresa. Jeannot Lukugarai pilota egile beteranoak erakutsi dio bidea; lana, abildadea, ahalegina eta berriz lana, horiek dira bide horren jarraibideak.

Badira mugarrien alboan eraikiak izan diren baserriak eta etxeak. Etxe horietan, herriak izen bat edo beste hartzen duen lekuan egonda, logelak herri bateko bihurtzen zaitu eta jantokiak besteko. Halako bat da Sarako Urtxola benta, baina honek, ipar eta hegoaren araberako kokalekua finkatzen du, probintzia bat bereizten du bestetik, Lapurdin baitu sarrera, eta Nafarroan irteera, ofizialki, ordea, Frantzian dago bata eta Espainian bestea, beraz, izanen da, bi herrialde ordez, bi nazio bereizten dituen etxea dela erranen duenik. Han egiten du lan Ellande Alfarok, Eskutik enpresa sortuta pilotari izatetik pilotak egitera iragan den angeluarrak.

Ostatuan jaso gaitu eta han hasi da hizketan. «Badira hamabi urte Saran bizi naizela, nahiz eta gaztaro guztia Angelun igaro dudan, halere, ni Baionan sortua naiz, eta gurasoak Aldude eta Urepelekoak ditut», esaldi honekin aurkeztu du bere burua Alfarok, eta jarraian, ohartu gara muga finkorik ez izatearen eta nahasketaren uretan mugitzen den arraina dela pilota egilea. «Objektore egin nintzen armadara, ez joateko, eta elkarte batean egin nuen zerbitzua, Ikas Pilotan. Pilota irakasle izateko diplomak pasatzen hasi nintzen geroago, baita lanean hasi ere. Seaskaren ikastoletan Xiba proiektuarekin jardun nintzen ondoren, eta Ikastolen Elkartean gorputz heziketako irakasle azkenik, baina orain dela pare bat urte lana utzi eta aldatzea bururatu zitzaidan».

Aldaketa horren bidean sortu zuen Eskutik enpresa, Sarako zoko eder batean finkatuz lantokia, Zugarramurdirekiko mugan. Eta hala deituagatik ere, 30 metro karratutik pasatzen ez den gela bat da Ellanderen lantegia, ongi atondua, hori bai. Urtxolako bentan hamaiketakoa egitera edo bazkaltzera joandakoak pilatzen ari direla ikusi dugu, eskaileretan gora egin dugun bitartean, eta pasillo estu batetik iragan ostean, prentsa moduko makina bat ikusi dugu gelan, ondoan, leihotik sartzen zaion argia lagun duelarik, Alfaroren koinata Caroline, pilotak margotzen ari da.

Lukugarairen eskarmentu lezioa

«Grafista da, artista, eta laguntzera etortzen da. Gaizki egindako pilotak edo jokatzeko balio ez dutenak dekoratu eta haiek salgai jartzen ditugu, apaingarri gisa balia daitezen», aipatu digu Ellandek. Pilota bat eskuetan hartu, haren larrutik jostorratza pasatu eta gurekin hizketan jarraitu du; itxuraz, hala eginen dugu erreportajea, berak lan egiten duen bitartean, denbora premiazkoa baita edozein esku-lanetan. «Trinketeko pilotari izateaz gain, betidanik ibili naiz pilota munduari lotua, eta erretretan sartu berria zen Jeannot Lukugarai pilota egilea konbentzitzea lortu nuenetik, hau da, irakats ziezadan, erran dezaket pilotak eskuz egiten aritzen naizela Urtxolan, hori dela ene lanbidea».

Justuki, Ellandek aipatu duen Lukugarai bisitan etorri da gaur, eta hor dabil angeluarrak egin dituen azken piloten beha, oniritzia ematen edo, baita bide batez koinatari azalpenak ematen ere, eta jarraian, guri ere bai. «Nik hastapenetik erran nion Ellanderi pilotak egiten ikasteak ez zuela balio, eta oraindik gutiago eskuz, denbora anitz behar zelako ongi egiteko eta hainbeste lan egindakoan sosik ez irabazteko gainera. Armendaritzen (Nafarroa Beherea) aitaren ofizioari segida eman nion nik 20 urtez, eta 1981ean ireki nuen pilotak egiteko ene atelierra Baionan, ordea, ederki kostata jardun nintzen lanean, ordu anitz pasatzen nituen, gehienetan hamabitik gora. 2009an erretiroa hartu eta ofizio hau galduko zela uste nuen, noski. Baina halako gogoarekin agertu zitzaidan Ellande! Ezin nion ezetzik eman. Bestalde, itxurazko pilota bat egiteko urtebete beharko zuela pentsatzen nuen, baina denbora erdiarekin aski izan zuen; aitortu behar dut abilidadea duela, iaioa dela langintza honetarako, beraz, uste dut esku onetan utzi nuela ene jakitatea, esku onetan dagoela pilota».

Galdu ezineko jakinduria

Ellandek ere bere ikuspuntua partekatu du. «Berak erran dizu gogoarekin heldu nintzela ikusi zuela eta segidan erran zidala baietz, erakutsiko zidala pilotak egiten, baina ez da horrela, bi aldiz deitu nion telefonoz, lehenengoan erran zidan uzteko, saiatzeak ere ez zuela balio, kentzeko burutik ideia hori eta ez denborarik galtzeko. Bigarren aldian, ordea, elkarrizketa sakonagoa izan genuen, interesa piztu nion nolabait eta aurrez aurre elkartzeko hitzordua finkatu genuen, han hasi ginen hau sortzen. Kontatu zidaten pilotak eskuz egiten zituen egile bakar bat gelditzen zela eta niri artea iruditzen zitzaidan, misterioa zuela piloten egiteak. Gero, ene buruari erran nion: ‘Lukugarai honek zer egin behar du, mundu honetatik joan bere jakinduria nehori pasatu gabe? Ez da posible!’. Eta horrexegatik jo nuen zuzenean beregana. Maite nuen eskulanetan aritzea, eta herrian berean zerbait sortu nahi nuen. Bestalde, balio ez banuen beti neukan aukera utzi eta beste zerbaitetan aritzeko. Gainera, erran nionean banuela goma egingo zidan norbait, orduan erreakzio ttipi bat ukan zuen, eta agian berak zekiena erakusteak balio zuela erran zidan».

Ellandek aipatu duen goma latexa da, pilota egiteko hasiera-hasieran nahitaez behar den osagarria. «Pilotaren bihotza da goma, hura du arima. Eta berak ematen dio bizitasuna pilotari, gainera. Jakin behar dugu pilota bat hiru zatitan osatzen dela: lehenik eta behin, latexa hartu eta harilkatzen hasi behar dugu emeki-emeki, bolatxo bat egin arte; nik bospasei minutu pasatzen ditut diametro minimo bat ematen eskuz, intxaur bat baino ttipiagoa, baina antzeko tamainakoa egiten dut, eta kiskia deitzen diogu horri. Gero, makinan sartzen dut eta harekin behar ditudan gramoak zehazki ematen saiatzen naiz. Adibidez, eskuzko pilotarentzat 20 gramoko kiskia baliatuko dut, trinketekoarentzat 25 gramokoa, ttikietan, kimuak 17 gramokoak eta haurrek erabiltzen dituztenak 15 gramokoak. Xisterako handienak, adibidez, 35 gramo izan behar ditu, eta kategoria ttipikoentzat, kadeteentzat egindakoak, aldiz, 26. Xisterako pilotak, joko garbikoak, zesta-punta edo paletakoarentzat ezpela erabiltzen da kiski bezala, egurra, baina esku pilotakoarentzat gomarekin hasten gara, zerotik, eta latexarekin beti, gomarekin gorantz egiten baitu pilotak, jotzen zaion aldiko, elastizitate handiagoa du. Behin pilota bakoitzeko kiskia eskuetan izanda, artilearekin biltzen hasten naiz, ttaka-ttaka-ttaka».

Onomatopeia ahoskatu du, borobiltxoaren inguruan haria abiadura handiz harilkatzen zuen artean. Ez da aspaldi langintza honetan hasi zela, baina bistan da trebezia duela ofiziorako. Lehen prozesua ulertutzat eman dezakegula adierazi diogularik, bigarren fase honi loturiko xehetasunak ematen hasteko eskatu diogu. «Biltzeko baliatzen dudan artilea naturala da, ehuneko ehunean, hau da, ez da akrilikoa edo halakoa. Artileak emango dio pilotari gorputza, alde batetik pisua, bestetik bolumena, eta azkenik gogortasuna. Hori aipatzen dut, ezen tinkatzearen araberako gogortasuna izanen baitu pilotak gero, eta garrantzitsua da prozesu honetan atentzioa jartzea horretan. Artilearekin bildutako borobila makina batean sartzen dut prentsatzeko, eta pisu egokia ematen diot horrela, moldeak hainbat neurritakoak ditut eta Irungo enpresa bati eskatu nizkion egiteko. Bide horretan, Saran kooperatiba bat sortzen ari dira orain, eta posible da laster batean artilea bertatik eskuratzea, gauza horietan sinesten baitut nik, bertan bertako lehengaiekin egindako gauzetan».

Ezerezetik egiten hasi den pilotari forma antzematen hasi gatzaizkio orain, eta egiten bezain abila da hura nola egiten duen azaltzen, nahiz eta bere sekretu ttipiak ederki gordetzen dituela ere nabaritu diogun.

Osagai berdinak, pilota desberdina

«Bigarren atala egiten 20-25 minutu pasatzen ditut, eta ahantzi dut azaltzea, baina artilearekin bildutako borobilari kotoizko haria biltzen diot gainean, estutu eta estaltzeko, eta josi egiten dut, pilota kolpatzerakoan ez dadin desegin. Bueno, azken prozesua dator orain, borobila janztea; inguruan larrua josiz itxura eta goxotasuna ematea. Horretarako ahuntzaren larrua baliatzen dut nik. Logroñon erosten dut, eta naturala bada ere tratatua dago larru hori, kalitate onekoa da. Nire gustura moztu eta pilota harekin biltzen dut, jostorratzarekin haria pasatuta».

Horrez gainera, pilotak onak diren jakiteko pilotari izateak nolabaiteko abantaila emango diola iradoki diogu. «Bai, nerauk probatu ahal ditut, baina horrek ideia bat ematen dit soilik, haiekin jokatu behar duenari gustatu behar zaizkio pilotak, batzuek azkarragoa nahi baitute eta beste batzuek motelagoa», adierazi du Ellande Alfarok. «Adibidez, ohartu naiz ñabardura ttipiekin egiten dela manera bateko pilota eta bestekoa, hau da, osagai berdinekin pilota desberdin bat egingo du pilota egile bakoitzak. Sukaldaritza bezala da hau, batek lehenengo gatza botako duelako eta besteak baratxuria, lehengai berdinekin bi plater desberdin egingo dituzte bi sukaldarik».

Orotara pilota bakoitzarekin zenbat denbora pasatzen duen galdegin diogu, orduan. «Xisterako pilota bat egiteko, adibidez, hau da, haria tinkatuena daukana, bi ordu eta erdi inguru behar ditut, eta pilota gozo bat egiteko ordubete, beste guztiak, aldiz, denbora tarte horretan eginak dira». Eta denbora hori pasatu ondoan, materialaren balioa kenduta, ateratzen duenak merezi ote duen galdegin diogu, azkenik. «Egia erran, ez dut uste artisau moduko lanketa honekin aberasteko manerarik dagoenik. Soldata bat doi-doi atera daiteke agian, lanordu anitz pasatuta. Nik, momentuz, laguntzak ditut enpresa muntatzeagatik, baina ikusiko etorkizunak zer eskaintzen didan. Pilota bakoitzaren prezioa beste egileena baino 5 bat euro gorago finkatu dut, bestalde, dena eskuz egiten baitut nik. Horrela, 46 eurotan saltzen dut pilota, eta pixkanaka, eskaera handitzen ari zait. Ez diet enpresa eta halakoei saltzen, baizik eta pilota eskola eta elkarteei, baita pilotan aritu nahi duen edonori ere. Gustuko lana dut, pozik naiz hemen, eta nola hala eutsi nahi nioke. Satisfakzioa sentitzen dut egindako pilota bakoitzarekin, handia, gainera; oroitzen dut hastapenean, pilota bat erdi bukatuta utzi, edo bukatu berri, eta lantokira etortzeko gogoz izaten nintzela, hura lehenbailehen ikusteko desiraz».

Lan egiteko gogoaz aparte, denbora ere oinarrizkoa du, eta denbora hori nola irabazi da bere kezka nagusia. «Momentuz, egonkortzen ari naiz, hori xerkatzen dut aurrera begira, makina berriak behar ditut azkarrago lan egin ahal izateko, hori ere bai, detaile batzuk hobetzen lagunduko didatelako, nahiz eta ene asmoa dena eskuz egiten jarraitzea izan, emeki-emeki lekutxo bat egitea dut xede, hemen jarraitzeko lanean, eta zergatik ez, baita enplegua sortzeko ere». www.eskutik.eus. •