Kattalin Miner

Moderazio erradikala

Klase ertaina, moderazioa da zure patua», dio Jule Goikoetxearen poema batek. Ozen oihukatzen dugu Erractuseko emanaldietan, eta gaur, egilearen baimenarekin, hortik tiraka ekingo diot nirea ez den uste eta susmo bati. Euskal Herrian, are gehiago EAEn, baskoak, klase ertainduta bizi gara aspaldian. Edo gutxienez, klase ertain hori da bizi dugun subjektu politiko hiritar zilegia. Nahiz badakigun Euskal Herria beste hainbat klasek ere osatzen dutela: batzuk are eta gorago daude, agintzen; beste batzuk are eta beherago, jasaten. Baina egun, euskalduna –uler bedi nahi bezala– klase ertainekoa da. Klase ertaindua, eta bai, moderatua.

Herri honek zerbait izan badu, klase borrokalari bat izan du. Ertain klasea izanda ere, moderaziotik urrun aritu dena. Erradikaltasunetik gertu. Erradikaltasunean. Eta orain, Erractusen, «erradikaltasun bat oparituko dizut, aro berri, miseria zahar normalizatuan burua galdu gabe bizitzeko» diogu. Erradikaltasunez eskas gabiltzan susmoan edo.

Pentsatzen jarri naiz noiz bilakatu ote garen hain moderatu, hain ez-erradikal, hain berdinzale, hain bakezale.

Egun artikuluetan «erradikal» hitza erabiltzen dutenek, sarri atzetik azalpen bat eman ohi dute, esanez «uler bedi erradikal, errora doan hori dela». Ba nik hortik harago, erradikal erabiltzen dut forma moderatu eta diskurtso atseginak erabiltzen ez dituen hori izendatzeko, esaten duena kontundentziaz esaten duelako, barkamenik eta baimenik eskatu gabe, arrazoi hutsagatik, uste hutsagatik.

Baina urtetan «badatoz erradikalak» esan digute eta sinetsi egin dugu. Sinetsi, erradikal ginela, eta horrek berak arrazoia kentzen zigula. Beraz, moderazioa izan da gure patua. Ez dakiguna da, agian, ez ginela hain erradikal, eta agian, ez genuela hainbeste arrazoi ere.

Gaur egun, ordea, moderazioan gabiltza murgilduta, hitzak neurtuz, aniztasuna bilatuz, denak kontent izan nahian, horrek berak nahi dugun hori irabazten lagunduko bailigu bezala.

Horregatik defendatzen ditugu Giza Eskubideak eta ez preso politikoen eskariak, horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea eta ez independentzia; horregatik berdintasuna eta ez feminismoa, jasangarritasuna eta ez ekologismoa... Eta dirudienez, hala ere, erradikal gisa izendatzen gaituzte, hala ere, batere moderaziorik gabe botatzen dizkiguten ezezkoak jasotzen jarraitzen dugu.

Euskal Herria, moderazioa al da zure patua? Noiz amestu zenuen klase ertain subirano, bakezale, argudiatzaile, lerdena izatea? Euskal Herria, noiz sinetsi zenuen erradikalegia zinela? Noiz, arrazoiaren bideak xaloak, pazientziazkoak, mesedez eskatzekoak zirela?

Euskal Herria, herria da zure patua, eta herria ez da klase ertain, euskaldun, zuri, familia nuklearduna soilik. Euskal Herria, ez zara zutaz ziotena, ezta izan nahi duzun hori bakarrik ere. Euskal Herria, herri asko ahazten zabiltza, euskal hori indartu nahian.

Bihar, agian, moderatuki, polit, batasunez, alegera, josiz, aniztasunez (klase ertain-altuko aniztasunez, esan bedi), mesedez eta faborez, arren, eskubide hutsagatik, eskatuko duzu zerbait.

Eta etzi berriro.

Ondoren ere bai.

Eta nik diotsut Euskal Herria, lasai egiteko bidea, saiatzeko erradikaltasunik gabe, urkoa besarkatu edo eskutik oratu, edo irrintzi bat bota, eta zabaldu badoan itsasontzi horren oihalak. Goazen Euskal Herria, zarata koloretsu eta baketsu batean murgilduta.

Eta noizbait inora heltzen bagara, ez bihar, ez etzi, lasai Euskal Herria, presarik ez. Noizbait Euskal Estatu Moderatu bat lortzen dugunean, beti izango da erradikaltasun apur bat oparitzera etorriko denik, nondik gatozen baino, zer behar genukeen iradokitzera. Eta hartuko dugu, lasai. •