Antxon Illaro – ENEEK

Gasteizko Armentia Ikastola bertoko elikagai ekologikoen alde

Armentia Ikastolak gurasoek, ikastolak eta nekazari ekologikoek osatutako lantaldea jarri zuen martxan 2012/2013 ikasturtean. Esan beharra dago ikastetxe hau sare publikotik kanpo dagoela eta, hortaz, baduela nolabaiteko autonomia bere sukaldearen kudeaketarako. Horiek horrela, egun sukaldeaz arduratzen den enpresarekin hitzartutako akordioan lehengaien jatorria erabakitzeko aukera dute. Beraien helburua da gutxika menuetan elikagai ekologikoak, ahalik eta gertukoenak, sartzea.

Berme osoko elikagaiak

Ikastola osatzen dutenen arteko ekimena da hau, gurasoek, sukaldariek eta ikastolako langileek bultzatua. Ibaik, Armentiako zerbitzuen arduradunak, jendartean gertatzen ari den aldaketaren ondorio zuzentzat jotzen du. 2013/2014 ikasturtean produktu ekologikoak erosteari ekin zioten, inguruko bi baserritar ekologikori (Bolibarreko Oskar Lopez de Lacalle eta Monasteriogureneko Mikel Diez) barazkiak eta lekariak hartuz. Baina jantoki publiko baten horniketarako eskatzen diren baldintzak bete ahal izateko, arazo burokratiko asko topatu zituzten.

Izan ere, Europar Batasuneko osasun-erregistroa eskatzen zaie mota honetako hornitzaileei, eta horrek suposatzen du, besteak beste, baserritarrak behartuta daudela lokal egokitu bat izatera produktuen kudeaketarako, kamera, komun eta bestelako baliabideekin hornituta. Ziurtagiri ekologikoa duen Urbide Otarrak enpresari esker, inbertsio horiek egiteko beharrik ez dute izan ekoizleek, enpresaren bitartez arauzko osasun-bermea lortzen baitute beraien ekoizpenarentzat.

Josu eta Ana bazkideek 2014an osatu zuten Urbide Otarrak. Partikularrei saskiak eskaintzeaz gain, Goizalde Nagusien Egoitza ere hornitzen du. Hain zuzen ere, egoitza honekin lan egin ahal izateko lortu behar izan zuten Europar Batasuneko osasun erregistroa. Horren jakitun, baserritarrek eskatu zieten beraien eta ikastolaren artean zubi-lana egitea. Eta horrela lortu dute aurten ikastola Arabako barazki eta lekari ekologikoz hornitzea, lege sanitarioek eskatzen duten guztia betez.

Ibairen hitzetan, elikagai ekologikoak eskaintzea pauso handia izan da. «Eskala txiki batean ari gara. Ez da erraza elikagai ekologikoen aldeko apustua egitea. Hasteko, guri behintzat kostu handiagoa suposatzen digu, eta hori gai garrantzitsua da kontuan izanda gurasoek ordaintzen dituzten kuotak ezin direla ukitu, nahiz eta zerbitzuaren kostuak garestitu. Enpresaren eta Ikastolaren artean adostu genuen bertoko lehengai ekologikoekin lan egitearen ondorioz gainkosturik sortzen bazen Ikastolak hartuko lukeela horren ardura. Kalkuluak eginak dauzkagu, eta gastu horiek jasateko moduan gaude, baina muga bat da», agertu du.

Hala ere, arduradunak galdera bat egiten du prezioaren gorabeheran: «Elikagai ekologikoak garestiak dira, edo konbentzionalak dira merkeegiak? Arazoak arazo, gure helburua da Armentiak burujabetasuna izatea menuen eskaintzan, horretan gabiltza».

Proiektuaren bideragarritasuna eta jarraipena lortzeko zer beharko litzatekeen galdetuta, beste atal batzuk ikastolaren menpe egotea ezinbestekoa dela baieztatzen du Ibaik. «Adibidez, gure hurrengo aurrerapausoa menuak erabakitzea izan beharko litzateke; honek suposatuko luke horien kostua, produktuak eta sasoitasuna kudeatu ahal izatea. Ematen diren aurrerapauso guztiek oso zehatzak eta neurtuak izan behar dute, gurasoen kuotak ez igotzeko. Ez dugu nahi inolako aldaketarik zerbitzu elitista bat eskaintzeko, uste baitugu zerbitzu duin, euskaldun, jasangarri eta iraunkorra eskaini ahal dela, kuotak igo gabe».

Jantokia hezkuntza-proiektuan

Ikastolaren hezkuntza-proiektuan ingurumenaren zaintza ikuspegi ezberdinetatik lantzen da, baina elikagai ekologikoek badute garrantzi berezi bat, jantokiaz gain Baratza proiektua ere martxan duelako ikastolak. Ortuaren ongarri gisa, jantokiko soberakinekin egindako konposta erabiltzen dute. Horretarako, ikasleek batzen dituzte bazkarietako soberakinak (eguerdiro lau ikasle txandakatzen dira lan hau egiteko) ikastolako konpostagailura eramateko. Egunero, Ekaia enpresak hondakinak bildu eta Narbaizara eramaten ditu, bere azpiegituretan konposta egiteko. Ikasturte bukaeran, Ekaiak konposta ikastolari eramaten dio eta ortuan ongarri gisa erabiltzen da. Horrela, Armentia Ikastolakoek azpimarratzen dutenez, ikasleek bertatik bertara ikusten dute jantokiko hondakinez baliatu daitezkeela ongarri gozoa lortzeko.