Iker Barandiaran

Bizarra, urratzailea eta iraunkorra

Espainiako Gobernua urduri dago Kataluniako kontsultaren emaitzekin, nahiz eta urduritasuna mozorrotzen saiatu den. Tankeen zain beste arma guztiak atera ditu dagoeneko bat izan ezik, ez daukalako: arrazoia. Espainiaren batasunean lerratuta ikusi ditugu progreak direla aspalditik inork sinesten ez dituen asko eta asko. Eta horien artean lotsagarrietatik lotsagarriena 80ko hamarkada hasieran, pana eta antezko txaketak modan jartzeaz gain, “Amnistia total” eta “OTAN no” zioten pankartak eskutan ibili, gero estatu terrorismoa babestu eta giza eskubideekin lotuta sinesgarritasun izpirik duela berak bakarrik sinesten duen Felipe Gonzalez antichavista bera.

Espainiako Estatuan sufritutako diktadura latzaren mozorrotze gaiztoa izan zen trantsizio hura ipurdi bistan gelditu zen aspaldi euskaldunen begietan; eta Espainian ere ondorioztatzen hasi dira azkenean. Bazen ordua! Itoginek eta urak itsasontzia hartu dute alde guztietatik, eta laster hasiko dira handik arratoiak salto eta hanka egiten. Aspaldi hasi ziren ihesaldirako ondasunak pilatzen; eta jada ez dago ondasunik, guztia dute pribatizatuta.

“Argia” aldizkaria bere ibilbide luzean pilatutako argazki artxibo aberatsari hautsa kentzen hasia da aspaldian eta altxor ugari daude bertan, jakina. Martxan jarri berri duen “Trantsizioak” erakusketa argigarrian ikuskatu daiteke goiko lerrotan aipatutako eta bestelako gure historiaren zati handi bat, eta baita pana eta bizarrek markatu zuten gure Woodstock-White Panther partikularra ere. Raul Castro Kolonbiako presidentearekin FARC eta Gobernuaren arteko akordioari zilegitasuna ematen eta aste berean NBEko egoitzan Obamarekin ere hizketan ikusi dugun honetan, gogora etorri zait Sierra Maestrako bizardunen jaitsiera hura eta luze, oso luze jo badu ere, erresistentziarekin eta burugogorkeriarekin, denborak arrazoia eman izana. Euskal Herrian ere izan da eta bada horretatik; horregatik eusten dio herri honek oraindik zutik eta bizirik. Eta mamia itxura baino askoz garrantzitsuagoa bada ere –ez daukat inongo zalantzarik–, bitxia da ni bizi naizen herrian, adibidez, inguruko lekuetan ez bezala, bibotea eta bizarra duten gizon taldetxoa egotea, eta ez espresuki AEBetatik honaino etortzen hainbeste denbora eman duen azken moda horretakoa. Jon Idigoras, Txomin Artola eta beste askok irudikatu zuten horretakoaz ari naiz. Eta, hain gazteak ez garenontzat, garai bat, pentsaera bat eta jarrera bat irudikatzen du nahitaez “estetika” horrek, idilikoa edo ez, baina erraz identifikatzen duguna.

Horiek baino dezente gazteagoa den lagun batek luzaroan Espainiako enpresa tradizional handi batean lan egin du. Urteak pasa eta ardurak biderkatu zaizkio; jada ez da nahikoa piko luzeko erronbodun jertseak jantzita lanera joatea. Dena da eskaera eta dena atzorako. Gorbata gero eta gogorrago estutzen zaio lepoan eta ezin du gehiago. Halako batean konturatu da bizarra mozten duen bakoitzean azala gaizki jartzen zaiola. Hala, hainbat proba egin ostean, bizarra luzatzen utzi behar izan du. Nagusiak ez du aldaketa hori ondo hartu, baina ja ez zaio inporta. Ez da beraiek bezalakoa eta haiek ere ondo dakite hori. Badira zenbait urte bere izen-abizen bera duen gazte bat atxilotu zutenean biharamunean lagun honen nagusiak «pensaba que hoy no vendrías» esan ziola.

Bizarrak, oraingo tontakeriatik eta gaur egun ikusten den txetxeniar luzeratik (zeinek esango luke!) harago, badu zerbait transgresoretik edo hausletik, eguneroko idatzi gabeko arau horrekin modu soilean apurtzea irudikatzen duena. Ispilua, bizar-xafla eta eguneroko eginbeharrei aurre egiteko goizeko une hori, erabakigarria dena.

Bizarra moztu gabe etxetik lanera arteko bidea arinago egiten du orain lagunak, dagoeneko lanez aldatu du, gainera; ez du inongo gorbatarik lepoa estutzen eta mozorroa kendu balu bezala sentitzen da. Bidea egiteko moduan dago orain, bide propioa. •