Aimar Etxeberria Korta
infraganti

ARTOLA ANAIAK

Mikel eta Iñaki Artola dira eurak, bata bertsolaria eta pilotaria bestea. Biek ala biek afizioa ofizio bilakatzea lortu dute; txikitako pasioari bide ematea lortu dute. Inork baino hobeto ezagutzen du batak bestea, eta ederki dakizkite bataren zein bestearen mugak. «Helburua, beti, bakoitzak duen guztia ematea da, ahala mugaraino eramatea».

Soka batekin elkar lotuta biziko balira bezalakoa da Mikel eta Iñaki Artola anaien arteko harremana. Afizioak konpartitzen dituzte, eta horiek ofizio bilakatzea lortu dute, bakoitzak bere modura izan bada ere. Bien artean Iñaki da mediatikoki ezagunena, pilotaria, Lau T’erdiko Txapelketan final laurdenak arteko bidea egitea lortu duena. Mikelek, berriz, foku gutxiago ditu berarengan, baina iragan igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu zuen, Eskoriatzan jokatu zen kanporaketan. Pilota eta bertsoa –edo alderantziz–, beraz, bien bizitzan protagonista. Elkarren artean, pilotarekin eta bertsoarekin duten harremanaz hitz egiteko elkartu dira GAUR8rekin.

Aurrez adierazi bezala, final laurdenak arteko bidea egin du Iñaki Artolak Lau T’erdiko Txapelketan: «Uda bastante ona egin nuen, konfiantzarekin sentitzen nuen nire burua eta ilusio dezente nuen jarria txapelketan». Hasi, ongi hasi zela dio –22-17 irabazi zion Olaetxeari final zortzirenetan–, Altuna III.aren aurkako partida iritsi zen arte: «Aste hartan nerbio dezenterekin ibili nintzen, behatz bat arazoak ematen ari zitzaidalako. Nire kasuan, behintzat, nerbioak eta lesio kontuak eskutik helduta doaz. Gainera, banekien jende asko zela joatekoa partida ikustera, eta nik behatza ongi ez nuela jakiteak...». Galdu egin zuen neurketa –14-22–, eta horrekin finalerdietara sailkatzeko itxaropenetako asko, Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizolaren aurka jokatu behar baitzuen hurrengo faserako sailkapena. Ez zuen aurrera egiterik lortu azkenean.

Mikelek, berriz, txapelketa lehiatzen jarraitzen du, oholtzatik jaisteko batere asmorik gabe. Inoiz baino lan gehiago egin du txapelketa prestatzen, eta egindako lanak bere fruituak eman dituela esan daiteke: «Sailkapen faseko bi saioetan lan ona egin nuen, eta erraz pasa nintzen aurrera. Gero, final zortzirenetan, hala moduz ibili nintzen; justu-justu sailkatu nintzen, azken tokian. Baina esan dezaket espektatibak beteak ditudala jada. Egindako lanaren emaitza izan da finalerdietara sailkatu izana». Hemendik aurrera Euskal Herriko Txapelketan sartzea izango du helburu. Finalerdiak lehiatuko dituzten hemezortzi bertsolarietatik hamasei sailkatuko dira, hamazazpi Beñat Gaztelumendi barruan bada. Bakarra geldituko litzateke, beraz, kanpoan: «Helburua, beraz, azkena ez egitea izango da. Arriskua dago, ordea».

Gertutik jarraitutako ibilbideak

Sarreran aipatu moduan, ederki ezagutzen dute elkar, sekreturik gabeko harremana da eurena. Hala, lehen pertsonan ezagutzen dituzte bestearen ibilera eta komeria guztiak. Iñakik, adibidez, lagunak ditu Mikelen bertso eskolako kideak, bera ere, tarteka, bertaratzen delako bertso batzuk kantatzera. «Garai batean, etxeko hirurak –gurasoak eta bera– nahiko nerbioso egoten ginen Mikelen bertso saioak gerturatzean. Baina gero eta lasaiago bertaratzen naiz saioetara, azkenengo hauetara bereziki, hasi zaidalako konfiantza ematen ongi egingo duela», azaldu du anai gazteak.

Anaia zaharrak, berriz, lasaiago jarraitu ditu gaztearen ibilerak: «Iritsi zen momentu bat, afizionatutako azken urtean batez ere, berak ongi jokatzen bazuen garaipena eskuratzen zuela». Profesionaletara salto egin zuenetik, ordea, gauzak asko aldatu direla dio Mikelek. «Nik aulkitik jarraitzen ditut normalean partidak, eta harrituta geratzen naiz orain gutxi arte telebistatik jarraitzen genituen pilotari horiek ze abiaduran jokatzen duten». Horren harira, dio, askotan galdetzen diola bere buruari zer esan dakiokeen kantxan dagoen anaiari.

Anaiak izateak, ordea, baditu bere alde onak eta txarrak. «Nik berari esanez gero ‘aste honetan bertso eskola txarra egin dut’, berak badaki, ez beste inork. Eta alderantziz zer esanik ez; berak behatzean edo eskuan arazoren bat izanez gero, aste guztirako dilema bilakatzen da biontzat. Gehiegi eta dena bizi dugu elkarrena», azpimarratu du Mikelek. Bestalde, anaiak izateak eta elkar hain ongi ezagutzeak asko laguntzen die besteari aholkuak eman edo nolabaiteko ekarpena egiteko orduan. Iñakik, adibidez, dio bigarren entrenatzaile baten moduan hartzen duela anaia: «Bi entrenamendu egin izan ditut nik askotan: bata lagunekin eta bestea, ondoren, anaiarekin egiten nuena. Libre ginen guztietan, gainera, frontoiko plana egiten genuen. Entrenatzaile ezberdinak ere izan ditut, baina beti izan dut bera bigarren entrenatzaile moduan». Eta ez dio hala izateari utzi. Egun Iñakik bere entrenatzaile propioak baditu ere, pilota bakarkako kirola den heinean, norberak moldatu behar izaten du bere jarduera, eta hor izaten du anaia esku bat botatzeko.

Mikelek, aldiz, dio hoztasunetik begiratutako iritziak ematen dizkiola anaia gazteak: «Badaki nondik natorren, lehen zer egiteko gai nintzen eta horren araberako iritzia ematen dit. Azkenaldian esan izan dit barrenetik gero eta gehiago abesten dudala. Hori berak bakarrik daki, ez beste inork».

Dena ez da pilota eta bertsoa

Itxura eman dezake ez dela pilota eta bertsolaritzaz gain bizitzarik artolatarrenean. Ezta gutxiagorik ere, nahiz eta geure burua engainatzen arituko ginatekeen pilotak eta bertsolaritzak Artola anaien bizimoduan duten pisua ezkutatzen ahaleginduko bagina. Mikelek dio euren hizketagai nagusia pilota izaten dela, «haserretu arte hitz egiten dugu», eta, lana ere bai; Bertsozale Elkartean lan egiten duenez, lanaz ari denean bertsolaritzaz ari dela gaineratu du. Ordea, azaldu du gurasoak ez direla gehiegi sartzen euren kontuetan, eta horrek lasaitasuna ematen diela beste gauza batzuez jarduteko: «Adibidez, hizketagai interesgarriak ekartzen ditu Iñakik klasetik, joaten denean, eta askotan aritzen gara eztabaidan kontu horiez. Bestalde, tesi bat ari da egiten lagun bat naziogintzaz eta estatugintzaz, eta sarri hartzen dugu hori ere hizketagai. Soziolinguistika ere presente egon ohi da gure hitz aspertuetan; hizkuntzaren inguruan hitz egiten dugu sarri, baina baita honek kulturan duen eraginaren inguruan ere».

Gurasoak pilota eta bertso zaleak direla azpimarratu du Iñakik, baina gaineratu du ez direla mundu horietan asko sartzen, beti kanpotik bezala jarraitzen duela. «Zaleak bai, baina ez gu adina», azaldu du. Hori hala, adierazi du beste ikuspegi batekin ikusten dituztela gauzak: «Adibidez, gure ama ez da kezkatzen irabazi edo galdu egin dudan, minik hartu ote dudan da interesatzen zaiona. Mikelen kasuan, berriz, ea itxura eman dudan jakin nahi izaten du». Aitak ere distantzia hartzen omen du, nahiz pilota asko gustatu. «Baina pentsa, honek [Iñakik] jokatu egiten du, nik purrusta egiten diot, eta, gainera, hirugarren baten jarduna entzun beharko balu...», azpimarratu du Mikelek.

Pertsona jantziak izateaz gain, punta-puntako kirolean mugitzeak esan nahi duen guztiaren inguruan oso ikuspegi neurtua dute bi anaiek, gauza guztiak bere tokian jartzen ariko balira bezala. «Nik oso estu hartzen dut bera –dio Mikelek–. Jokatzen ari denean asko eskatzen diot, baina orain, adibidez, txapelketa amaitu dela-eta, lasai hartzeko esaten diot». Baina asko espero du anaia zaharrak gaztearengandik: «Pentsatzen dut oraindik askoz gehiago joka dezakeela. Bere garaian ere esaten nion afizionatu mailan hoberena izan artean ez zuela profesionaletarako saltoa emango; eta onenen artera iritsi arte ez zuen eman saltoa. Orain ere pentsatzen dut gaitasuna duen horrek gaitasun hori muturreraino eraman behar duela, eta hala izan arte ez dagoela deskantsurik. Nik honakoa nahiko nuke berak esatea ibilbide profesionala amaitzean: ‘Nire gaitasunak azkeneraino eraman nituen’. Hori egiten badu, beste guztia atzetik etorriko da».

Iñakik, aldiz, dio estutze maila norberaren helburuen araberakoa izan ohi dela. Hori hala, gaineratu du berak ez dakiela garbi zeintzuk diren Mikelen helburuak: «Ez dakit bertsotan anbiziorik ba ote duen txapelketetan hoberenekin kantatzeko, edo egunen batean hortik bizitzera iristeko». Bereari dagokionez, aitortzen du txikitatik ongi moldatu izan dela pilotan, eta, ondorioz, helburua dituen gaitasunak ongi aprobetxatzera iristea dela, «muturreraino eramatea. Nik uste nahikoa ahalegintzen naizela –jarraitu du–, ñabardurekin, baina oso gutxitan esan behar izan dit gehiago ahalegindu behar dudala».

Ahala, ordea, norbera gustura aurkitzen denean ateratzen da. Zentzu horretan, ahalegintzen dira gauza bakoitzari bere garrantzia ematen. «Txikitatik ari gara honetan [pilotan eta bertsotan], hori izan dugulako pasio. Gehiena sufritu izan dugunean horrekin ahaztu garelako izan da; txapelketan bizitze horrek jan egin gaituelako, gain hartu gaituelako. Ondo pasatzea ahaztu zaigunean pasa dugu gaizki», adierazi du Iñakik. «Ez baldin bagabiltza gustura, zertarako aritu?», luzatu du galdera Mikelek. «Egiten ari garen hau, finean, eta nahiz eta horretatik bizi garen momentu honetan, hautu bat ere bada», azpimarratu du. •