Daniel Galvalizi
ARGENTINA

Oinordetza ekonomikoak trebetasun politikoa exijitzen dio Macriri

Cristina Fernandezen garaiko bilakaera ekonomikoak eragin du Mauricio Macri presidente berriak merkatuari begira egindako keinuak plazaratzea, baina oraindik ez ditu ezagutzera eman nahi herritarren gustuko izango ez diren neurriak. Kirchnerismoak zituen gabezietako batzuk baliatzen ditu bere posizioa indartzeko.

Mauricio Macri, presidente kargua hartu zuen ekitaldirako prestatzen. (AFP)
Mauricio Macri, presidente kargua hartu zuen ekitaldirako prestatzen. (AFP)

Azkenengo hamabi urteotan jaso dudan tankerako lehen gonbidapena da eta erabakia goraipatu beharrean nago», esan zuen Margarita Stolbizer presidentetarako hautagai ezkertiarrak Mauricio Macri presidentearekin Etxe Arrosan bilera egin ondoren eskaini zuen prentsaurrekoan. Agintari berriak azaroaren 22ko hauteskundeetan izan zituen lehiakide guztiak gonbidatu zituen bertara, berarekin batera herrialdearen egoera aztertu eta elkarrekin lan egiteko aukera eskaintzeko.

Stolbizerrek esandakoaren tankerako mezuak eskaini zituzten Daniel Scioli kirchneristak eta Sergio Massa oposizioko peronistak ere.

Argentinan abian jarri den aro politiko berriaren ezaugarrietako bat da oposizioko ordezkariekin hitz egiteko geratzea: Gobernu berriak aurrekoa baino hobea dela adierazi nahi du aurrean jartzen zaizkion aukera guztietan, eta inkesta guztiek oso garbi azaltzen dute zeintzuk ziren Cristina Fernandezen agintaldiko gabeziak, herritarrek gehien arbuiatzen dituztenak: erabateko autoritarismoa, amorrua eta saihestu daitezkeen gatazkak betikotzeko joera.

Hitz egiteko prest

Cambiemos Mauricio Macri presidente kargura eraman duen koalizioko kanpaina zuzendu duen talde sofistikatuak hasiera-hasieratik zekien zeintzuk ziren Cristina Fernandezen agintaldiko hutsuneak. Horretxegatik, Macriren kanpainan gehien erabili diren hiru leloetako batek zioen “Argentinarrak batu” (pobreziaren aurkako eta hazten ari diren drogamenpekotasunen eta horiekin lotutako delinkuentziaren kontrako mezuekin batera).

Argentinako presidente berriak badaki ez Kongresuan eta ez Senatuan ez duela bere aldeko gehiengorik. Aldi berean, badaki elkarrizketarako irekitasuna agertuta, bere aurrekoaren itxitasunarekin alderatuta, abian jarri nahi dituen erreformak aurrera atera ahal izateko beharrezkoa duen kapital politikoa eskuratuko duela.

Ekonomiari dagokionez, Argentina ez dago bere momenturik onenean. Hala ere, herritar askorentzat egoera ez da hain larria, 2001eko krisi suntsitzailearekin alderatuta bederen. Gauza bera gertatu zen 2009an izandako atzeraldiarekin ere.

Bestalde, herritar gehienek gaitzesten dute Cristina Fernandezen gobernuak egindako kudeaketa ekonomikoa eta orain arte inflazio handiak argentinarrak gehiegi kezkatu ez baditu ere, hori aldatu egin da eta une honetan ez dago horrelako tolerantziarik: aurten %25 ingurukoa izango da inflazioa, eta iaz %38raino iritsi zen, bat-batean egindako argentinar pesoaren debaluazioaren eraginez.

Esportazioak

Argazkia osatzeko beste datu batzuk ere aipatu behar ditugu. Konpainia pribatuetan ia ez da lanpostu berririk sortu azken lau urteotan. Bestalde, industriaren ekoizpenak hondoa jo zuen eta une honetan burua altxa ezinik dabil eta Argentinak gero eta produktu gutxiago esportatzen ditu. Hala ere, esportatzen diren produktuen balioa inportatzen direnena baino handiagoa da oraindik, baina, alde horrek, merkataritza superabitak, azken hamahiru urteotan beherako joera izan du.

Edonola ere, ekonomiaren sasoiaren berri ematen duten adierazle guztien artean kezkagarriena, begirale askoren arabera, defizit fiskalari dagokiona da. Une honetan barne produktu gordinaren %8koa da. Gainera, oso kezkagarritzat hartzen da dolarraren inguruko nahaste-borrastea: herrialdeak lau kanbio-tasa ezberdin ditu. Gainera, insumoak –ekoizpenerako erabiltzen diren gaiak eta produktuak– inportatzeari mugak ipini zaizkio, eta, pesoaren balioa handitu denez, esportazioen lehiakortasunak behera egin du.

Kirchnerismoak arazo horiei aurre egiteko lanpostu publiko asko sortu zituen, kalterik larrienak saihestu nahian. Gainera, gizarteko sektore pobreenei gizarte laguntzak eman zitzaizkien. Macrik bat egin du neurri horiekin, nahiz eta bera merkatuaren aldeko liberal amorratua den. Hauteskunde kanpainan zehar adierazi zuen lanpostu eta laguntza horiei eutsi egingo diela.

Cristina Fernandezen agintaldiko azken hiru urteen ezaugarri nagusia izan zen arazoak kudeatzeko joera, baina epe luzera arazook konpontzeko ezer egin gabe. Horregatik, Argentinako ekonomiak dituen patologiak konponduko zituztela agindu zuten hautagai guztiek, baita Scioli Fernandezek aukeratutako hautagaiak berak ere.

Zergak eta defizita

Mauricio Macri iritsi zen Gobernura abenduaren 10ean eta lehen egunetan kanpainan zehar agindutako gauzetako bat bete ezinik geratu zen. Kanbio murrizketak bertan behera utziko zituela agindu zien argentinarrei, baina Alfonso Prat-Gay Finantza ministroak esplikatu behar izan du agindutakoa beteko dutela horretarako bandintza egokiak izaten direnean, ez lehen egunetan, Macrik agindu moduan. Baldintza horiek betetze aldera, dibisa asko lortu behar du Estatuak, azken urteotan gertatu ez dena. Hori lortzeko, nekazaritzako produktuek eta elikagaiek zerga gutxiago ordaindu beharko dute esportatzeko garaian. Agintariek uste dute bide horretatik dolar asko iritsiko direla Argentinara.

Defizit fiskala murrizteko helburuarekin, kanpainan zehar Macrik agindu zuen zerbitzu publikoen erabilerari ematen zaizkion diru laguntzak murriztu egingo dizkietela irabazi gehien duten herritarrei. Neurri hori ere, herritar askok gaizki hartuko dutena, noiz beteko duten ez dakigu oraindik.

Harritzekoa bada ere, Mauricio Macrik iragarri du ez duela oraingoz Parlamentuko saio berezirik deituko. Beraz, uda osoa egingo dute parlamentariek lege berririk abian jarri gabe.

Presidente berriak lehenbailehen konpondu nahi duen kontua Banku Zentralari dagokiona da. Macrik Bankuko presidente karguan Federico Sturzenegger ipini nahi du, dekretu baten bitartez. Bere aurrekoa Alejandro Vanoli kirchnerista zen: hasiera batean adierazi zuen agintaldi osoa beteko zuela karguan, baina azkenean kargua uztea onartu du.

Pesoa debaluatu

Argentinar askok ziurtzat jotzen du datorren urtean herritarrek onartzen ez dituzten neurriak hartuko dituztela. Lehenengoa argentinar pesoa debaluatzea izango da, bere balioa dolarraren legezko salneurriaren eta legez kontrakoaren artean ipintzeko asmoarekin.

Bestalde, Cambiemos koalizioan badakite oso gutxigatik irabazi ziotela kirchnerismoaren hautagaiari: botoen %3 besterik ez, hauteskundeetako bigarren itzulian. Egiten duten irakurketaren arabera, herritar asko 1990eko hamarkadan izan zen neoliberalismoaren itzuleraren beldur dira, ez baititu ahaztu joera politiko hark herrialdean eragin zuen txikizioa. Eta Gobernu berriko agintariek ezin dute kendu beldur hori beren buruetatik.

Bere posizio politikoa indartzeko helburuarekin, Cambiemos koalizioak eragin handiko agenda bat atera nahi du aurrera. Argentinako iparraldeko eskualde pobretuetan azpiegitura ugari eraiki nahi dituzte.

Gainera, peronistak nagusi diren lekuetan bertako gobernadoreekin etengabe hitz egin nahi dute, era horretan gero Parlamentuan horien babesa lortuko dutelakoan.

Benetako agintea lortu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dituen legeak aurrera atera ahal izateko, Macrik bere jarrera aldatu du zertxobait, Cristina Fernandezek zituen gabeziak bere alde baliatu nahian. Gabezia horiek izan ziren bere garaipenaren oinarria eta hauteskunde kanpainan zehar bere burua aurkeztu zuen polarizazioaren, amorruaren eta sektarismoaren kontrako bezala.

Kanpainan egindakoari Gobernutik jarraipena emateko, hauteskundeetan izan zituen aurkariei deitu zien, elkarlana proposatzeko. Parlamentuan presidente kargua hartzeko eskaini zuen hitzaldian eskatu zuen gaizki egiten duenean esateko, eta beldurrik gabe proposamenak egiteko.

Macrik beste neurri aipagarri bat ere hartu zuen bere lehen egunean, eta oso merke gainera. INDEC Estatistika Institutuaren lana ez da fidagarria izan azken bederatzi urteotan. Erakundearen buruan Jorge Todesca ipini du, eta, ondoan, Graciela Bevacqua, aurreko Gobernuak bere garaian kargutik kendutakoa.